Gizarte eta lurralde «kohesioa» foru aurrekontuaren oinarri

Gizarte eta lurralde «kohesioa» foru aurrekontuaren oinarri

​Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten bederatzi sailek 1.650,3 milioi euro izango dituzte datorren urtean; aurten baino 52,2 milioi gehiago izango dira. Urriaren 31n eroan zuen Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza foru diputatuak aurrekontu proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietara, eta, asteon eta hurrengoan, diputatuak euren sailetan zer egingo duten azaltzen ari dira dagokien batzordeetan. Foru aldundiak ondu duen aurrekontuak kohesioa du oinarrian, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren esanetan: «Gizarteari eta gizartearen beharrizanei begira osatu dugu, gizarte kohesioa lortzeko, eta baita lurralde kohesioa ere, zerbitzuak eskualde guztietara eramanez».

[articles:2133022]

Aurrekontuaren %44 Gizarte Ekintza Sailak jasoko du. Sail horrek izango du igoerarik handiena ere: aurten baino %5,5 haziko da. Ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, horri Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailean gizarte kohesioari dagozkion partea ere gehitu behar zaio. «Foru aldundiaren aurrekontuak izaera sozial nabarmena du. Guztira, datorren urtean 778 milioi euro bideratuko ditugu pertsona zaurgarriei arreta eta zaintza gehiago eta hobea eskaintzera: adinekoak, elbarriak, mendekotasuna dutenak, bazterketa egoeran daudenak eta bestelako pertsona zaurgarriak».

Lurralde kohesioa sendotzeko, berriz, garraio loturak hobetuko dituzte, kultura eskaintza herrialde osoan indartuko dute eta enplegua eskualde guztietan bultzatuko dute, Etxanoberen esanetan. Garraio publikoa hobetzeko 196 milioi euro erabiliko dituzte. 17,2 milioi, bidegorriak eraikitzeko eta Bizkaibizi zerbitzua hedatzeko. 29 milioi, Bizkaiko museotako eskaintza sendotzeko. Jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko 106 milioi euro inbertituko dituzte. Bizkaiko foru errepide sarea mantentzeko eta berritzeko 157 milioi erabiliko dituzte.

«Proiektu honek babes zabala du, eta Bizkaiaren beharrei erantzuten die, baina irekita dago hobekuntzak jasotzeko eta Batzar Nagusietan ahalik eta babesik zabalena jasotzeko»
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Sail guztiek egingo dute gora, Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailarenak izan ezik: %0,5 jaitsiko da. Etxanobek esan duenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoari egin beharreko ekarpenarekin dago lotuta jaitsiera hori. «2024rako 55 milioi euroko diru sorta gorde genuen, baina gero gutxiago behar izan du. Datorren urterako aurrekontua osatzerakoan, benetan behar izan duena hartu dugu kontuan».

Oposizioko kideak egunotan ari dira aurrekontuaren xehetasunak ezagutzen. Hala ere, proiektua Batzar Nagusietara eroan aurretik, Etxanobek, Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak eta jeltzaleen eta sozialisten bozeramaileek bilerak izan dituzte oposizioko taldeetako bakoitzarekin, Etxanoberen arabera, negoziazio epea luzatzeko. «Proiektu honek babes zabala du, eta Bizkaiaren beharrei erantzuten die, baina irekita dago hobekuntzak jasotzeko eta Batzar Nagusietan ahalik eta babesik zabalena jasotzeko».