«Bizkaiko emakume sortzaile guztiekin datu base bat osatu nahi dugu»

«Bizkaiko emakume sortzaile guztiekin datu base bat osatu nahi dugu»

​Ertzetan dauden emakumeak erdigunera eramateko helburuarekin, Getxoko Emakume Sortzaileen Topaketa egingo dute bihar, Muxikebarri aretoan. Hamaika diziplinatako hogei emakumezko sortzaile batuko ditu egun osoko egitarauak. Itxaso Paya aktore eta sortzaileak (Getxo, 1988), kasurako, Getxoko Emakume Sortzaileak ezagutu izeneko elkarrizketa zikloa eta ondorengo mahai ingurua gidatuko ditu. Sarrera doakoa izango da, eta streaming bidez ere ikusi ahal izango da. Zelako Kultur Ideiak kooperatibak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, eta euskal emakume sortzaileak saretzea du helburu.

Getxoko Emakume Sortzaileen Topaketa egingo duzue bihar, Muxikebarrin. Zer prestatu duzue?

Gosari batekin abiatuko dugu eguna, 11:00etan, eta, haren ondotik, ikuskizun sorpresa bat prestatu dute Irantzu Garamendi musikariak eta Leire Ondarroa dantzariak. 11:30 aldera aretora sartuko gara, eta Getxoko hainbat emakume sortzaile ezagutzeko aukera izango dugu elkarrizketa laburren bitartez. Haietako bakoitza ezagutu ondoren, elkarren artean hitz egiteko aukera izango dute mahai inguru batean. Goizean, beraz, hitza izango da nagusi. Eguerdian, ekintzara pasatuko gara: Ama-alabak tabernan daude ikuskizun ibiltariarekin, taberna bakoitzean ikuskizun labur bat eskainiko dute Getxoko askotariko emakume sortzaileek.

Zein da topaketaren helburua?

Getxoko emakume sortzaileok elkar ezagutzea, sare bat osatzeko eta sinergiak sortu ahal izateko. Getxoko emakume sortzaileak eta, oro har, Euskal Herrikoak, asko gara, baina ez dago inolako sare ofizialik. Ez daukagu elkar ezagutzeko modurik. Egitasmo hau bada aitzakia bat elkar ezagutzeko, elkarrekin lan egiteko, elkarri laguntzeko, elkarren kezkak partekatzeko…

Edonork parte hartu ahal izango du?

Nahi duena etor daiteke; irekia da: emakumeak, gizonezkoak, getxoztarrak, Getxotik kanpokoak… Getxoko emakume sortzaileen mapa irudikatzen saiatuko gara. Edukiari dagokionez, lokala izango da, baina landuko diren gaiak Euskal Herriko zein mundu osoko sortzaileek bizi dituzte. Euskaraz ez dakienarentzat itzulpengintza zerbitzua jarriko dugu.

Getxoko hiru emakume sortzaile nabarmendu dituzue karteletan: Irati Elorrieta idazlea, Garbi Losada antzerki zuzendaria eta Ana Bejarano abeslaria. Zergatik hiru horiek?

Zerrenda luze bat egin genuen Getxoko emakume sortzaile erreferenteekin, eta, azkenean, hiru horiek aukeratu genituen. Bejarano duela bi urte hil zen, Elorrieta kanpoan bizi da, diziplina ezberdinak lantzen dituzte hirurek… Aniztasuna mantendu nahi genuen. Guretzat topaketa hau bada erreferenteei lekua egiteko modu bat: karteletan, oholtza gainean, publikoan… Horietako bakoitza erdigunean jarri eta omenalditxo bat egin nahi izan diegu.

«Batzuetan iruditzen zaigu gauza batzuk guri bakarrik gertatzen zaizkigula, baina ez da horrela: halako egitasmoek balio dute ohartzeko kezka kolektibo bat dagoela eta denok bizi ditugun egoerak direla»

Urriaren 19an Bilbon egin zenuten BEST Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa. Zergatik da garrantzitsua herriz herriko topaketa ere egitea?

Bizkaia mailan, asko eta asko gara emakume sortzaileak. Lurraldeko topaketak egitea garrantzitsua da guretzat, baina sare bat osatzeko, identifikazio lana egiten hasi behar genuela iruditu zitzaigun lehenengo, herrietatik, eskualdeetatik… Hau da, behetik gora. Ahalik eta testigantza gehien bildu nahi ditugu. Bizkaiko emakume sortzaile guztiekin datu base bat osatu nahi dugu.

Hirugarrenez antolatu duzue aurten Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa. Hasierako helburuak betetzen ari direla igartzen duzue?

Bai, oso pozik gaude. Esate baterako, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketetan elkar ezagutu duten sortzaile batzuk elkarrekin lan egiten hasi dira. Asko pozten gaitu horrek.

Zer-nolako lana da halako topaketa bat antolatzea?

Ederra, baina frustragarriena da ez dela jende askorik etortzen, ez dugula oihartzun handirik. Nabaritzen dugu periferiatik antolatzen ari garela. Bizkaia ez da periferia, baina lekuaren arabera asko aldatzen da egoera. Guk, adibidez, Alonsotegin dugu bulegoa. Ez da gauza bera Durangon edo bestelako herriren batean izatea. Gainerakoan, baina, ederra da. Ekoizpen lanari dagokionez, niri gustatu egiten zait lan hori. Bihotzetik eta tripetatik saiatzen gara ahal dugun ondoen egiten.

Zure iritziz, zer-nolakoa da emakume sortzaile izatea gaur egun Bizkaian? 

Nire kasuan, guraso erdaldunak dituen eta euskaraz sortzen duen getxoztar bezala, konplikatua egiten zait Bizkaitik ateratzea. Autoan goazenean bidesaria ordaindu behar den bezala, badirudi kultura egiteko ere bidesari bat ordaindu behar dudala. Egoera horrek, ordea, bultzatu gaitu gure bide propioak sortzen hastera eta BEST eta halako egitasmoak antolatzen hastera.

Halako topaketak, beraz, lagungarri izan daitezke.

Zalantzarik gabe. Kolektibo sentsazioa izaten laguntzen dute. Batzuetan iruditzen zaigu gauza batzuk guri bakarrik gertatzen zaizkigula, baina ez da horrela: halako egitasmoek balio dute ohartzeko kezka kolektibo bat dagoela eta denok bizi ditugun egoerak direla. Behar-beharrezkoa da guretzat gure pentsamenduei buruz lasai aritzeko toki bat izatea.