«Uste dut salbazioa Bilbon dagoela. Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko». Horixe esan zuen Ramon Saizarbitoria soziologoak eta idazleak 2012. urtean, Argia aldizkarian emandako elkarrizketa batean. Eta, hain zuzen, horixe erakutsi nahi du Bilbo euskararen hiriburua erakusketak ere: hamalau panelen bitartez, euskarak Bilbon izan duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Erakusketa ibiltaria da, eta Begoñako udaltegian egon ostean, San Ignazioko udaltegira lekualdatzen ari dira orain; astelehenean zabalduko dute. Bilboko Udalak, Labayru fundazioak eta Euskaltzaindiak ondu dute.
Testuz eta irudiz betetako panelen bitartez, euskarak XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte izan dituen «mugarri historikoak» bildu dituzte, Igone Etxebarria Labayruko zuzendariak aurreratu duenez: «Erakutsi gura dugu Bilbon euskaraz hitz egin izan dela, euskaltzaleak egon izan direla eta urte hauetan guztietan euskararen aldeko hainbat ekimen antolatu direla».
Mugarri horiez gainera, baina, bilakaera horretan eragina izan duten pertsonak zein eragileak ere azpimarratu nahi izan dituzte. Besteak beste, Resurreccion Maria Azkue, Sorne Unzueta, Gabriel Aresti, Bilboko euskaltegiak, ikastolak, dantza zein antzerki taldeak, jai batzordeak eta Bilboko Kafe Antzokia.
«Erakutsi gura dugu Bilbon euskaraz hitz egin izan dela, euskaltzaleak egon izan direla eta urte hauetan guztietan euskararen aldeko hainbat ekimen antolatu direla»
IGONE ETXEBARRIA Labayru fundazioko zuzendaria
Euskal Pizkundearen garaian abiatzen da erakusketa, 1876. urtean. Izan ere, industrializazioaren ondorioz, aldaketa garaia bizi izan zuen Bilbok. «Gizartean beharrizan kultural zein ideologiko handiak eragin zituen industrializazioak», esan du Etxebarriak. Foruak indargabetu zituzten, eta horrek abertzaletasun grina piztu zuen Bizkaiko hiriburuan. Sabino Aranaren figura azpimarratu dute panel horretan. Izan ere, Arana Bizkaitarra izeneko astekaria argitaratzen hasi zen 1893an. Bizkaitarra-ren ostean etorri ziren euskaraz osorik idatzitako lehen astekariak: Euskalzale eta Ibaizabal, kasurako.
Garai zailak
Baina pizkundea itzali egin zen 1923an: Miguel Primo de Rivera diktadoreak estatu kolpea eman zuen Espainian, eta debekatu egin zuen euskara eremu publikoan erabiltzea. Sei urte eta erdi iraun zuen diktadura hark. «Primo de Riveraren agintaldiaren ostean, hainbat elkarte eta ekimen loratzen hasi ziren berriro. Bilbo izan zen abertzaletasun politiko eta kulturalaren beharretatik sortutako mugimenduaren erdigunea: kalean eta kalerako sortua», adierazi dute panelean.
Orduan sortu zituzten lehen ikastolak Bilbon: Errotatxuetan eta Belostikalen. Instituzioek ere euskararekiko inplikazio maila handitu zuten sasoi hartan, eta euskaraz argitaratutako materialak ere nabarmen egin zuen gora. Jose Ariztimuño Aitzol-en eraginez, lehen bertsolari txapelketa edo Eusko Olerti Egunak ospatu zituzten, besteak beste. Poesia eta testu laburrak beharrizan politikoetara eta herriaren nortasun premietara egokitutako adierazpen bihurtu ziren. Loraldiaren hiru adibide bildu dituzte erakusketan: Resurreccion Maria Azkue, Estepan Urkiaga Lauaxeta eta Sorne Unzueta.
‘Bilbo euskararen hiriburua’ erakusketako paneletako batzuk, urriaren 23an, Bilboko Begoña auzoko udaltegian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Loraldi haren erdian, ordea, beste itzalaldi bat ere egon zela oroitzen du erakusketak: 36ko gerra. «Gerraosteko lehen urteak latzak izan ziren. Francoren diktaduraren eraginez, euskararen bultzatzaile asko espetxeratu eta fusilatu egin zituzten. Beste askok erbesterako bidea hartu zuten, eta handik jarraitu zuten euskararen alde lan egiten», kontatu du Etxebarriak. Alabaina, 1950ean, folklorea bilakatu zuten euskarari eta euskal nortasunari bultzada emateko bide: «Euskara ordura arte egon gabeko lekuetara zabaltzen hasi zen». Bultzatzaile horietako batzuk nabarmendu dituzte erakusketan: Bilboko Dindirri dantza taldea eta Txinpartak antzerki taldea, kasurako. Horiez gainera, beste mugarri bat aipatu dute: Deustuko Unibertsitateak Euskal Filologiako ikasketak abiarazi izana, 1976an.
Erabilera indartzea falta
«Hala, pixkanaka, maila instituzionalean ere hasi zen euskara sartzen», adierazi du Etxebarriak. Zehazki, 1982an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Euskararen Legea, euskararen erabilera normalizatzeko asmoz, eta horrek aurrerapauso asko ekarri zituen. «EHUn euskaraz irakasten hasi ziren, Korrika lehenengoz egin zuten, EITB zein Aizu! hedabideak sortu zituzten, Ibilaldia antolatu zuten estreinakoz, Bilbon Santutxuko bertso eskola sortu zuten, Bilboko Zenbat Gara elkartea martxan jarri zuten, Bilboko Kafe Antzokia…», oroitu du.
Gaur egun, euskarak «egonkortzeko joera» hartu du Bilbon, Etxebarriaren ustez: «Esparru guztietan erabiltzen da euskara normaltasunez: instituzioetan, hezkuntzan, osasun sisteman, ekimen kulturaletan…». Alabaina, erabileran eragitea falta dela iruditzen zaio: «Orain dela berrogei urterekin alderatuta, asko hitz egiten da euskaraz, baina erlatiboa da: euskarak presentzia badu ere, norberaren ardura da euskaraz hitz egitea».
Panel bakoitzaren azpian, QR kode bat jarri dute informazio osagarria eskuratzeko. Horren bitartez, bisitariek bideoak eta audioak entzuteko aukera izango dute, beste kontu batzuen artean. Horrez gainera, erakusketaren hasierako QR kodearen bitartez, paneletako informazio guztia dokumentu bakarrean jaso dezakete bisitariek. Informazioa lau hizkuntzatan jaso daiteke: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
Erakusketa Bilbon zentratzen den arren, edonori zabalik dagoela argitu du Etxebarriak, eta herritar orori egin die bisitatzera joateko gonbita: «1876tik gaur egunera arteko bilakaera kontatzeko sintesi lan handia egin da, eta irakurtzeko arina eta erakargarria da edonorentzat».
ERAKUSKETA IBILTARia BILBON
Azaroak 4-14. San Ignazioko udaltegian.
Azaroak 18-22. Errekaldeko udaltegian.
Azaroak 26-Abenduak 5. Zazpikaleetako udaltegian.
Abenduak 15-30. Begoñaibarrako udaltegian.
Urtarrilak 3-16. Abandoko udaltegian.
Urtarrilak 20-30. Otxarkoagako udaltegian.
Urtarrilak 30-Otsailak 14. Basurtuko udaltegian.