COVID-19aren pandemiatik hona, «agerikoagoa» da buru osasunaren gaia gizartean, Begoña Rueda Bizkaiko Psikologiaren Elkargoko dekanoaren iritziz: «Gehiago hitz egiten da buru osasunaren inguruan, baina aurreiritziak egon badaude oraindik». Buru osasunaren eta ongizate psikologikoaren inguruko konpromisoa handitzeko asmoz, dekalogo bat aurkeztu du Bizkaiko Psikologia Elkargoak. «Funtsezko neurri eta gomendio batzuk» bildu dituzte hamar puntutan, eta gizarte osoarengan eragitea lortu nahi dute.
Bestelako gaitz batzuen antzean, buru osasuna eta ongizate psikologikoa «lehentasuna» izatea nahi du Bizkaiko Psikologia Elkargoak. «Hanka bat apurtzen dugunean, zuzenean joaten gara medikuarenera, baina buru osasunarekin nolabaiteko erresistentzia moduko bat egoten da: jendeak ahultasun edo porrot gisa hartzeko joera du». Egoera hori saihesteko, ikusgaitasunean jarri du arreta Ruedak: «Buru osasunik gabe ez dago osasunik. Aurreiritziak kendu, eta laguntza eskatzera bultzatu behar da jendea».
«Buru osasunik gabe ez dago osasunik. Aurreiritziak kendu eta laguntza eskatzera bultzatu behar da jendea»
BEGOÑA RUEDA Bizkaiko Psikologia Elkargoko dekanoa
Autozaintzari eta prebentzioari eman diote balioa dekalogoan, eta osasun mentalaren zaintzak «komunitarioa» izan behar duela aldarrikatu dute. Horrez gainera, «topaketa eta gogoeta guneen» sorrera ere sustatu nahi dute: profesionalen eta herritarren arteko parte hartzea erraztu eta bultzatu, osasun mentala prebenitzeko eta indartzeko programak egin, eta bizitzako etapa guztietan herritar guztiekin jarduteko konpromisoa mantendu. «Laguntza jasotzeko gero eta tresna gehiago egotea gura dugu: terapiara joateko erraztasunak jarri, ikastetxeetan zein lan giroan buru osasuna sustatzeko programak ezarri… Bizitzako etapa eta eremu guztietan eragin behar dugu».
Alabaina, Ruedak «formatuta eta trebatuta» dauden psikogoengana jotzearen garrantzia azpimarratu du: «Ohartu gara jende asko ari dela zerbitzuak eskaintzen psikologo izan gabe. Bermatu laguntza profesionala jasotzen ari zaretela». Bizkaiko Psikologia Elkargoaren webgunera jotzeko gomendioa egin du horretarako: «Psikologo profesionalak bilatzeko atal bat dugu, eta, haren bitartez, bakoitzaren beharretara eta nahietara hoberen egokitzen diren psikologiako profesionalak aurkitu ditzakezue».
Aurrerapausoak ematen ari dira
Buru osasunarekin lotuta, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du Psikiatria Unitatea zabalduko dutela berriro Barakaldoko Gurutzetako ospitalean. Herritarren eskaera handiaren ondorioz, handitze lanak abiatu zituzten, eta eremu berria urri amaierarako prest izatea aurreikusten dute. Aurrerantzean, hirugarren solairuan egongo da Psikiatria Unitatea Gurutzetako ospitalean, eta 33 ohe izango ditu —lehen baino hamar ohe gehiago—. Obraren bigarren zatia «aurrerago» hasiko dutela adierazi du Martinezek. Denera, 58 ohe izatera iritsi nahi dute.
Era berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Estrategia lantzen ere hasi ziren iaz: asmo on, nahi eta helburuz betea, datozen urteetarako erabakiak, ekintzak eta neurriak biltzen ditu planak. Herritarren osasun mentala hobetzea du helburu.
DEKALOGOA
Ongizate psikologikoaren eta osasun mental indibidualaren garrantzia nabarmentzea eta ikusaraztea, maila kolektiboan lan egin ahal izateko.
Autozainketa kontzeptua zeharkako ardatz gisa txertatzea. Kontzeptu horrek zentzua hartzen du «zaintzeko, neure burua zaintzeko, zeure burua zaintzeko, geure burua zaintzeko» konpromisotik eta arduratik, bai entitateen berezko espazioetan, bai garatzen dituzten programa edo politika publikoetan.
Langileen osasun mentala eta ongizate psikologikoa zaintzea, osasun mentala sustatzeko eta prebenitzeko planen zein zaintza emozionaleko programen bidez, lan osasungarriagoa lortzeko helburuarekin.
Ongizate psikologikoa eta osasun mentala zentzu zabalean kontzeptualizatzea, aniztasuna, ingurunea, lan espazioak eta pertsonei eragiten dieten gainerako gaiak kontuan hartuta.
Sarean lan egitea, erakunde eta entitateetan inplikatutako eragileek osasun mentalaren eta ongizate psikologikoaren arloan dauden baliabideak ezagut ditzaten.
Osasun mentalari eta ongizate psikologikoari dagokienez, elkarlanerako topaguneak eta hausnarketarako guneak sor daitezen sustatzea.
Profesionalen eta herritarren parte hartzea erraztea eta sustatzea osasun mentalaren eta ongizate psikologikoaren zaintzari buruzko erabakiak hartzean, helburuekiko lotura areagotuz eta haien konpromisoa hobetuz.
Osasun mentala eta ongizate psikologikoa prebenitzeko eta sustatzeko programetan aurrera egitea, bereziki zaurgarriak diren herritarrengan eragina izan dezaten eta, horrela, egun eta etorkizunera aurre egiteko tresnak ematea.
Herritar guztiekin jarduteko konpromisoari eustea bizitzako etapa guztietan, haurtzarotik hasi eta zahartzarora arte.
Profesionalek bermatutako osasun mentala eta ongizate psikologikoa sustatzen dituzten programak bultzatzea eta, horrela, praxi profesional egokia bermatzea.