Ilunetik zuri-gorriagora

Ilunetik zuri-gorriagora

​Hasieratik egon dira, gizonekin batera. Egon dira harmailetan, animatzen, futbolaren alde teknikoagoez janzten, San Mames zelaian oihukatzen eta hunkitzen, baita jokatzen ere. Egon direla ukaezina da Bilboko Athletic Museoak inauguratu berri duen erakusketari erreparatuta —Emakumeak Athletic Cluben: itzaletik argira—, berton jaso dituzten argazki zuri-beltzetan agertzen baitira andrazko zaleen uholdeak eta andre jokalarien talde andana bat, eta emakumeenak baitira orain hamarkada askoko paper jada horiztatuetan idatzita dauden izenak. Bistan da, orobat, borrokatu direla gerizpe hartatik ateratzeko, Labayru fundazioak klubaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin ekoitzi duen dokumentalaren arabera: Hamaika andra zuri-gorri. Erakusketan ikus daiteke lana, eta, laster, baita sarean ere. Datorren urteko maiatzera arte bisitatu ahalko da erakusketa.

Horien guztien ahotsa helaraztea «justiziazkoa da», Leixuri Arrizabalaga Kultura foru diputatuaren irudiko. Baita «aldarrikapena eta omenaldia» ere, Nerea Ortiz Athleticeko presidenteordearen esanetan. Azken hamarkadetako egoera laburbildu du Ortizek. «Genero berdintasunari dagokionez, itzaletik gatoz. Matxismoak iluntasuna irudikatzen du. Eta, aurrerapausoak egin ditugun arren, oraindik lana dago». Hainbat mugarri aletu ditu: aurten, ehun urte bete dira Athletic futbol klubean lehen emakumea abonatu zenetik, eta Ortizek azpimarra egin du abonatu berban, andreak ezin izan baitziren bazkide izan 50 bat urte geroagora arte, 1979ra arte; kluba eratu eta 81 urtera, hain zuzen —1898an sortu zuten Athletic—.

«Sestaoko zelaian jokatzekoak ginen, eta ezin izan genuen, garai hartako herriko alkateak esan baitzuen hor ez zutela emakumeek jokatuko»
ANA ASTOBIETA Sondikako Maiona futbol taldeko jokalari eta entrenatzaile ohia

Asier Arrate Athletic Museoko arduradunak esplikatu duenez, XX. mendean andreek klubean edukitako garrantziaren berri ematen duten albisteak eta dokumentuak urriak dira. «Baina kontserbatu diren agiriek eta haien gabeziak islatzen dute saiatu zirela argira ateratzen». Erakusketan bildu duten materialean, elastiko, oinetako, argazki, garaikur eta agiri artean, orain hamarkada batzuetako zenbait lerroburu ere nabarmendu dituzte, non agerikoak diren zailtasunak, lorpenak eta aurreiritziak. Beste bitrina batean, arrakalak zenbatu dituzte: emakumezko baten aspaldiko abonatu txartela —denborak maiztua eta orbandua—, eta emakume abonatuen zerrenda bat gorago, eskuz idatzia. Gaztelaniazko Srta. laburdura da lehen hitza, señorita-ri dagokiona, eta segidan datoz dozenaka izen, berba horren konnotazioaz kutsatuta ezinbestean: Casilda Garmendia Medrano, Encarnacion Zorroza Zorrilla, Nieves de Lejarza Otxoa, Concha Gonzalez y Benito, Antonia Mingo Marin, Angela Renteria de Herran eta beste asko, koaderno batean bi orrialde betetzeraino, irakurtzeko gaitza den letra dotore batean.

Haiekin batera, Bilboko klubaren aldaketa nekeza irudikatzen duen akta sorta bat: 1978ko uztailaren 27ko bazkideen Batzar Orokorrarena, non onartu zuten, aho batez, hortik aurrera emakumezko abonatuek bazkideen eskubide eta betebehar berberak izango zituztela —orduko Zuzendaritza Batzordeko kideen zerrenda ageri da: guztiak gizonak dira—; eta are gertukoago akta bat, 2001eko ekainaren 25eko Zuzendaritza Batzarenak, non onartzen duten andreei palkora sartzen uztea.

Sondika, aitzindari

XXI. mendea, beraz. Atzokoak dira mugarrietako zenbait erakusketak irudikatzen duen ehun urteko bidaian. «Itzaletik argira igaro izanaren adibide argia Athleticen emakumezkoen lehen taldea da», adierazi du Ortizek. 2002an sortu zuten, hain justu. «XX. mendean, existitu ere ez zen egiten. Datu horrek adierazten du matxismoak zer eragin izan duen gure klubean», azpimarratu du presidenteordeak. Baina emakumezkoen taldea ez zen hutsetik sortu, eduki baitzuen nondik edan: Sondikako Maiona taldea izan zen ernamuina. Erro horiei ere erreparatzen die erakusketak: munduko klub askotako elastikoen artean badago bat, soilagoa, mahuka luzea, urdin ilun kolorekoa, eta paparrean Maiona idatzia duena, bestelako apaingarririk gabea; eta, paneletako batean, jokalari batzuk ageri dira zuri-beltzean, zoriontsu.

Emakumezko abonatu baten txartela, Athletic Club Museoan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bere buruaren bila dabil horietako bat, argazki hura atera eta 50 bat urtera; irudia topatu duenean lagunei dei egin, eta panelaren magalean bildu dira bospasei emakume. «Ilusio handiz» daudela aitortu dute Inma Sanchezek, Jaione Luno-Bilbaok, Mertxe Lazarok eta Ana Astobietak. 1970ean sortu zen Sondikako Maiona, eta taldearen eite bitxia nabarmendu dute jokalari ohiek: parrokiari lotuta jaio baitzen, besteak beste, eta parrokoa izan baitzen haien entrenatzailea aurrena; Astobietak hartu zuen ardura ondoren. Parroko hura, Patxi Cantero, zorrotza eta serioa zen, ez zuen txantxetako kontutzat hartu emakumezkoen futbola, eta jokalariak eurak ere serio hasi ziren, Lazarok azaldu duenez. Garai hartan, Bizkaian beste talde batzuk ere sortu ziren —Durangon, Galdakaon, Zugaztietan, Arratian, Bilbon…—, eta babesleak ere izaten zituzten; alkoholarekin lotutakoak, nagusiki.

Zazpi-zortzi talde zeuden, guztira; ez zegoen txapelketarik, baina jaietan eta halako egunetan jokatzen zuten euren artean. Taldeak desagertuz joan ziren, ordea: Sondikakoa geratu zen azkenerako, eta handik bi talde eratu zituzten, jokatzen jarraitu ahal izateko. Herriko andreak aritzen ziren hasieran, baina kanpokoak ere batu zitzaizkien une batetik aurrera. Eta kanpora joan ziren haiek ere: hasierako urteetan, Espainiako eta Belgikako hainbat talderen kontra aritu ziren, kasurako.

«Historian arrastoa utzi dugu»

Taldea ezohikoa zen garai haietarako, baina ez, ondorioz, gaizki ikusia; arraroa iruditu zezakeen hasieran, baina erabat normala bilakatu zen berehala. Ondo gogoan dute laurek elkartasuna eta babesa jaso zutela herriaren, zaleen eta senideen aldetik. «Plentziako nire osaba gure atearen inguruan ipintzen zen, norbaitek zerbait esaten bazuen erne», oroitu du Lazarok. Luno-Bilbaok harro kontatu du bere aitak karraka zuri-urdin bat fabrikatu zuela. Destainak egon ziren, halere, baina salbuespena izan ziren, eta iturri bera izan zuten, oro har. «Instituzioek arbuiatu egiten gintuzten. Ez zuten emakumezkoen futbola onartzen, eta ez gintuzten federatu nahi. Asegururik gabe jokatzen genuen», adierazi du Sanchezek. «Adibidez, Sestaoko zelaian jokatzekoak ginen,eta ezin izan genuen, garai hartako herriko alkateak esan baitzuen hor ez zutela emakumeek jokatuko», Astobietaren berbetan. Bizkaian, 1982-1983 denboraldian bilakatu zen ofizial emakumezkoen futbola.

Sara Estevez —aulkian—, joan den ostiralean, Bilboko Athletic Museoan, erakusketan eskaini dioten txokoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Oroitzapen atseginak dituzte garai hartatik, dena den, eta mende erdi bat geroago ere oraindik sendo jarraitzen duen lotura bat: Sondikako Maionako 30 jokalari inguru batzen dira urtero-urtero garai haiez solastatzeko —domekan izan zuten aurtengo topaketa—. Eta geratzen zaie, halaber, Athleticeko emakumeei lekukoa eman izanaren asebetetasuna. 1998-1999ko urteetan, Leioak jarraitu zion Sondikaren bideari, eta, hiruzpalau urte geroago, Athleticek bereganatu zuen. Are, Sondikan ibili ziren hainbat andrek Athleticen jokatu zuten taldearen lehenbiziko denboraldietan; adibidez, Nerea Onaindiak eta Eba Ferreirak. «Athleticentzat askoz zailagoa izango zen emakumezkoen talde bat ateratzea Sondikakoa existitu izan ez balitz», aldarrikatu du Sanchezek. «Tira, historian arrastoa utzi dugula. Lanak balio izan du».

Hamaika andre zuri-gorri lanean ere jaso dituzte Sondikako jokalarien bizipenak eta erdiespenak. Guztira, 32 emakume elkarrizketatu dituzte —eta hiru gizon—: besteak beste, jokalari ohiak, beharginak, zaleak, peñetako kideak, kazetariak eta zuzendaritzako kideak; zaharrenak 102 urte ditu, eta, gazteenak, 19. Lau ataletan banatu dute lana: mintzo dira, zehazki, aitzindariez, eragozpenez eta aurrerapausoez, emakumezkoen taldearen sorreraz eta taldearekiko sentimenduaz. «Athletic herentzia kolektiboa da, eta transmisio horretan sekulako garrantzia izan dute emakumeek», erreibindikatu du Akaitze Kamiruaga Labayru fundazioko zuzendariordeak.