Landa Eremuko Emakumeen Mundu Eguna ospatzeko ekitaldia egin zuen asteartean Bizkaiko Foru Aldundiak, Derion. Neus Monllor (Castalla, Herrialde Katalanak, 1980) Amaterraren fundatzaile eta nekazaritza eta gizarte arloko aholkularia bertan izan zen, Bizkaiko emakume nekazarien egungo kezkak biltzeko asmoz. Besteak beste, landa eremuko «benetako errealitateari» egokitzen zaizkien neurriak behar dituztela azpimarratu du. Horrez gain, aldarrikatu du beharrezkoa dela halako ekitaldiak eta emakume nekazariekiko aholkularitza saioak «burua, bihotza eta eskuak» kontuan hartuta lantzea.
Zergatik ekin zenion Amaterra proiektuari?
Duela bi urte inguru, emakume nekazarien errealitatea aztertzeko ikerketa kuantitatibo bat egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Euskal Herriko emakume nekazarien batez besteko adina, jatorria, formakuntza eta kontziliazio arazoak behar bezala zehazteko balio izan zigun, baina emakume horien alderdi kualitatiboa zehazteke geratu zen. Nola sentitzen diren, zer egiten duten eta zelako beharrak dituzten jakin nahi genuen. Orduan hartu zuen indarra Amaterrak, eta aldundiarekin elkarlanean hastea erabaki genuen.
Zein izan zen elkarlan horren emaitza?
Duela urtebete eta erdi bat, emakume nekazarien beharrak eta, oro har, nekazaritza sektorea hobetzeko dituzten proposamenak biltzeko tailer bat egin genuen, eta txosten batean bildu genituen horiek guztiak. Orain, gure helburu nagusia da nekazaritzan lan egiten duten emakumeen baldintzak hobetzeko neurrien beharra aldarrikatzea, sektoreak planteatzen dizkien zailtasunei aurre egin diezaieten. Alde horretatik, emakume nekazari gazteek eta migratzaileek oztopo gehiago dituzte.
Zeintzuk dira zailtasun eta oztopo horiek?
Asteartean gehien aipatu zituzten zailtasunen artean, defendatzen duten nekazaritza ereduaren aldaketa dago. Izan ere, emakume nekazarien eredua beregaina izan da urte luzez: euren ortua, abereak eta zuzeneko salmentak zituzten. Lurraldearekiko lotura handia zuen eredu horrek. Industrializazioaren ondorioz, baina, nekazaritza eredu hori desagertzen hasi zen, eta gaur egun, folklorearekin lotzen da gehiago.
Zein da, beraz, emakume nekazarien egoera?
Nekazaritza eredu orokorrak ez du kontuan hartzen emakumeen nekazaritza ereduak lotura handiagoa duela esplotazio txikiekin, hurbiltasunarekin eta produktu ekologikoekin. Nola edo hala, emakumeen nekazaritza eredua haizearen kontrako joera da. Jendeak horren inguruko kontzientzia balu eta egunerokoan haiek ekoitzitako produktuak erosiko balitu, emakume nekazarien etorkizuna hobea izango litzateke.
«Lurrak eskuratu ahal izateko sistema erraztu behar da, eta nekazaritzarekin lotura duen guztia fiskalizatzeari utzi»
Erreleboa erakarriko lukeela uste duzu?
Belaunaldi berriak nekazaritzan lan egiteko erakartzea ez da erraza. Sektoreak beste era bateko funtzionamendua izango balu eta bestelako baldintzak eskainiko balitu, horri ekiteko ilusioa bestelakoa izango litzateke, behar bezalako etorkizuna eskainiko liekeelako. Egun, ordea, nekazaritza enpresa bateko burua izateak izugarrizko zalantzak sortzen ditu edonorengan. Eta laneratze prima batek ez du hori konponduko. Momentu konkretu batean lagungarria izan daiteke, baina gero, zer? Nekazaritzak bere alde egingo duen ekosistema baten beharra du.
Nolakoa izan beharko luke ekosistema horrek?
Produkzioa eta kontsumoa bateratzen dituen eta Bizkaia asetzeko gaitasuna duen esplotazio ertainez eta txikiez osaturiko sarea behar dute belaunaldi berriek. Era berean, eguneroko kontsumoa areagotzea izango litzateke komenigarriena. Lurrak eskuratu ahal izateko sistema erraztu behar da, eta nekazaritzarekin lotura duen guztia fiskalizatzeari utzi. Instituzio publikoek orain hartutako neurriek ez dute bat egiten sektore horretako benetako errealitatearekin. Hain zuzen, familia tradizioak eraginda nekazari izatea erabakitzen duten pertsonak gero eta gutxiago dira.
Alde horretatik, emakumeek landa eremuari ekiteko gida moduko bat sortu duzue Bizkaiko Foru Aldundiarekin.
Bai, asteartean aurkeztu genuen. Emakume nekazariei dagokienez, helburua da instituzioek eskaintzen dituzten diru laguntza batzuen berri ematea eta, gainera, inguruko beste lurralde batzuetan egiten dituzten nekazariarekin lotutako ekitaldiak ezagutaraztea. Etorkizunean benetako neurriak hartzen lagunduko gaituen oinarrizko txostena da, eta oso harrera ona izan du.
Ekitaldiak berak oso harrera ona izan du, ezta?
Bai. Zure egoera berean dauden emakumeen esperientziak ezagutzeko aukera ematen dizute halako ekitaldiek. Belaunaldi desberdinen arteko elkarrizketak sustatzen dituzte, eta norberaren lanari balioa emateko toki aproposak dira. Hirietan eta landa eremuan bizi diren emakumeak bateratu genituen, askotariko adinetakoak, eta buruak pentsarazten diguna, bihotzak sentiarazten diguna eta eskuekin egiten duguna izan genuen hizpide. Hiru alderdi horiek guretzat banaezinak direla ere aldarrikatu behar dugu.