Bilbora goaz, Bilbotik gatoz

Bilbora goaz, Bilbotik gatoz

​Umeak ginela, beti esaten genuen: ‘Bilbora goaz, zapatak erostera’. Zabalbiden behera joaten ginen. Han topatzen genuen Bizkaiko herri guztien sarreretan egoten ziren baldosaz egindako kartel urdin horietako bat, Bilbo idatzita. Gorakoan, Bilbokoa baino 50 metro gorako, Begoñara sartzen ginela iragartzen zuenarekin egiten genuen topo», gogoratu du Javier Perezek. 72 urte ditu. Zabalbide kalean bertan jaio zen, Santa Marta klinikan. Ordurako, Bilbok bereganatuak zituen Begoñako eta Deustuko elizateak, baina han jarraitzen zuten udalerri bereizi bi izan zireneko aztarna bi haiek. Eta Bilboko barik Begoñako izatearen sentipenak ere begoñarrengan jarraitzen zuen, nahiz eta daborduko mende laurdena pasatua zen Deusturen eta Begoñaren anexiotik.

[articles:2132068]

Elizate izandako lekuotako hainbat elkartek eta eragilek duela mende bat independentzia galdu zutela gogoratzea erabaki dute. Etzirako, Errepubliken Eguna antolatu dute, errepublika izenez ere ezagunak zirelako elizate biok. Deustuko eta Begoñako balizko udal ordezkariak kalejiran joango dira, Unibertsitateen etorbideko 2. eta 3. zenbakien artean elkartzeko. Artxandatik hara jaisten zen errekatxoa zen udalerri bien arteko muga naturala. Gaur egun, kale batek tapatzen du. Garai batean bezala, teila bat botako dute itsasadarrera, bien arteko muga zaharra berresteko.

Duela ehun urteko udal ordezkariek ingurua ikusiko balute, ez lukete ezagutu ere egingo. Ezta Deustuko eta Begoñako gainontzeko bazterrak ere. Gaur egungo Begoña aldeak ez du zer ikusirik Perezen haurtzarokoarekin. Santutxu, Txurdinaga eta Otxarkoaga ez ziren existitzen, berbarako. Koldo Urrutikoetxea begoñarrak gogoan duenez, nekazari herria zen, herrigunerik gabea. Begoñako Amaren basilika dagoen inguruan zeuden zerbitzu nagusiak: udaletxea, tenpluaren atzeko plazan; eskola, goratxoago; eta hilerria, Mallonara bidean. Gainontzekoa baserri sakabanatuak ziren.

Urrutikoetxea Arbolantxa bidean dagoen baserrietako batean jaio zen, duela 75 urte; gaur egun geratzen diren bakarrenetakoa da. «Bizkaiko edozein herri txikiren modukoa zen hau. Begoñako eskolan ikasi nuen nik, eliza atzean. 4-5 urtegaz hasi, eta 10 urte bete arte joan nintzen. Begoñan bataiatu ninduten, hara joan nintzen katekesira, eta han egin nuen jaunartzea ere», esan du. Gogoan du begoñarren bat hiltzen zenean han elkartzen zirela herritar guztiak: lehenengo elizan, eta gero hilerrian. «Elkar ezagutzen genuen».

Umeak moja batekin, Begoñako elizateko udaletxearen aurrean, XX. mendearen hasieran. EULALIA ABAITUA

Laster aldatu zen hori guztia. Migrazio handia hartu zuen Bilbok, eta orain Otxarkoaga den inguruan bizi ziren etorkinak, txaboletan. Francisco Franco diktadoreak txabolak kendu eta han bizi zirenentzat auzo bat sortzeko agindu zuen 1960an. Urte eta erdian, 3.672 etxebizitza eraiki zituzten. «Lau lagun izatetik, milaka izatera pasatu ginen. Sakabanatutako herri baten erdian, hiri bat sortu ziguten. Aldaketa erradikala izan zen», esan du Urrutikoetxeak. Ondoren eraiki zuten Txurdinaga, baina, kasu hartan, modu «ordenatuagoan» egin zen urbanizazioa, Perezen arabera.

15 urterekin Huescara (Aragoi, Espainia) joan zen Perez, hango Unibertsitate Laboralean ikastera. «Itzuli nintzenean, ez nuen etxe ingurua ezagutu ere egiten. Nuestra Señora de Begoña ikastetxea zena eta haren inguruko zelaiak desagertu egin ziren: hamalau solairuko etxebizitza eraikinez bete zen dena, eta ikastetxea haietako baten azpiko lokaletan zegoen».

anexioen mendeurrena

Urriak 20: Errepubliken Eguna.

12:00. Deustuko elizateko agintarien kalejira. Done Petri plazatik abiatuko da. 
12:15. Begoñako elizateko agintarien kalejira. Etxebarria parkeko tximiniatik abiatuko da.
13:00. Kalejira biak elizateen muga izandako lekuan elkartuko dira, Unibertsitateen etorbideko 2. eta 3. zenbakien artean. Teila botako dute Ibaizabalera, muga berresteko.
13:15. Erromeria, Salbe plazan: txistulariak, dantzariak, txaranga, abesbatzak eta jan-edana.

Urriak 23.

18:30. Aritz Ipiñaren hitzaldia, Deustuko udaltegian (Bidarte jauregia).

Urriak 24.

19:00. Aritz Ipiñaren hitzaldia, Santutxuko udaltegian.

Urriak 26.

Begoña. 09:00etan, Santutxuko Karmelo plazatik abiatuta, Begoñako mugarrietatik ibilaldia.
Deustu. Gora Deustu Herria eguna. 10:00etan, Deustuko II. kilometro bertikala, Ugasko bidetik abiatuta. 13:00etan, erromeria, Done Petri plazan. 15:00etan, herri bazkaria, Done Petri plazan. 16:30ean, kontzertuak, Done Petri plazan: Oinutsik, Detomeitos, Enbata Lorade eta HMNDK etxera.

Komentu piloa zegoen Begoñan, baina, urte gutxian, gehienak desagertu ziren etxeak eraikitzeko. Karmeldarren eliza geratu zen, Perezek kontatu duenez. Begoñako Karmelo eliza zen, karmeldarrena. Gaur egun, ordea, Santutxuko Karmelo parrokia esaten zaio. «Santutxu kalea zegoen, eta, jendea etxe berrietara bizitzera joan zenean, ‘Santutxu aldean bizi naiz’ esaten hasi ziren», Perezek kontatu duenez. Bat-batean, Santutxu jaio zen, eta umeak gurasoa jan zuen. Perezen eta Urrutikoetxearen ustetan, gaur egun Santutxuk ordezkatu du Begoña, neurri handi batean.

Bereizia baina eraldatua

Nortasun bereiziari eusten diote, baina eraldatu egin da. Maddi Egiguren da horren erakusle: 21 urte ditu, eta bera Santutxukoa dela azpimarratu du. «Begoñakoa… Batzuetan aipatzen da Begoñaren kontua, baina nik Santutxukoa izatearen sentimendua dut, eta ez Begoñakoa», argitu du. «Bilbora jaitsiko naiz» esaten du hark ere, Zazpikaleetara edo Zabalgunera doanean. «Bilboz aparteko herri batekoak bagina moduan jokatzen dugu. Galdetzen badigute nongoak garen, gehienok ‘Santutxukoak’ erantzuten dugu, ‘Bilbokoak’ baino lehenago». Argitu du ez dela Bilboren kontrako sentimendu bat, «norbere identitatearen harrotasuna» baizik.

Deustun ere sortu dira auzo berriak, eta horrek apur bat lausotu du deustuar nortasuna, Deustuko Imanol Orokietaren arabera. 22 urte ditu, eta Ibarrekolandan bizi da. «Badago auzo bat, San Ignazio: Berria da, 1950eko hamarkadan hasi ziren eraikitzen, eta hara bizitzera joandakoek ez dute hainbeste deustuar identitate hori». «Deustura noa» esaten du hark ere San Pedro elizaren inguruetara joaten denean, nahiz eta «erabat deustuar» sentitu. «Gehienok deustuarrak garela esaten dugu, eta ez bilbotarrak. Zabalgunera edo Zazpikaleetara goazenean, Bilbora goazela esaten dugu».

Deustuko San Pedro eliza eta inguruak, 1874an. Urrunean, Abando eta Begoña ikusten dira. CARLOS MONEY

Begoña legez, Deustu ere nekazari herria zen gehienbat. Begoñan legez, txakolina ekoizten zuten. Baina baita tomateak ere. Horregatik dira Deustukoak tomateroak eta Begoñakoak mahatsorriak. Deustuko Erriberan, ostera, arrantzaleak ziren, baina XX. mendearen hasieran industrialde bihurtu zen. Funtsean hori zen Bilboko agintariek anexioarekin lortu gura zutena: Begoñan eta Deustun industria eta langile auzoak ipintzea. 

Deustuko Erriberakoa da Isaura Miguez. 65 urte ditu, eta duela berrogei urtetik Deustuko San Pedro elizaren inguruan bizi da, hara ezkondu zelako. Gogoratu duenez, 1950eko hamarkadan Deustuko kanala ireki zuten, eta Erribera penintsula bihurtu zen. Garai hartan, industrialde indartsu bihurtu zen eremu hura: «Fabrika garrantzitsuak zeuden; haietako askok bostehun langiletik gora zituzten. Gutxi ziren Deustukoak. Bizkaiko beste herri batzuetatik etortzen ziren; batez ere, Portugaletetik eta».

Andre bi, Zabalbideko bidean, Begoñako elizatean, XX. mende hasieran. EULALIA ABAITUA

Enpresa haietako asko Bizkaiko beste leku batzuetara joan ziren 1970eko hamarkadan. Beraz, penintsularen gainbehera hasi zen. 1990eko hamarkadan, Bilboko Udalak ingurua eraldatzea erabaki zuen, eta hala sortu zen penintsula irla bihurtzeko proiektua. Hala jaio zen Zorrotzaurreko uhartea. «Ez da Zorrotzaurre», ohartarazi du Miguezek. «Izena ere lapurtu digute! Zorrotzaurre Zorrotzaren parean dagoen muturra baino ez da. Ingurua Deustuko Erribera izan da beti, eta hori da auzoaren izena».

Miguezek penaz gogoratu du bere txikitako auzoaren historia. Oraindik ere «bertan behera utzita» dagoela iruditzen zaio. «Industriak joan zirenean, jendea ere bai. Populazioa zaharkituta dago. Ez dute zerbitzurik azken 45 urteetan». Etxebizitza berriak noiz eraikiko dituzten zain dago, bizilagun berriekin zerbitzuak ere sortuko diren esperantzan. Etorkizun hobea gura du umetan bizilagun izan zituenentzat.

Aldarrikatzeko eguna

Hiru begoñarrak eta deustuar biak etziko ekitaldietan izango dira. «Oso garrantzitsua» iruditzen zaie nortasuna aldarrikatzea. Urrutikoetxeak aitortu du begoñar askok orain jakin dutela anexioaren berri. «Urte asko pasatu dira, eta orain ez du atzera-bueltarik», esan du Miguezek. Bilboko udalerriaren parte dira, eta horrela jarraituko dute. Ez dago desanexio eskaerarik. Baina bostek uste dute Bilboko Udalak ezin duela ahaztu herri izan zirela. Perezek salatu udal agintariei «bost axola» zaiela haien nortasuna. Gogoratu duenez, 1983an hiria barrutietan antolatu zuten, eta «potentzia kolonialek Afrikako mapa nola, hala» egin zutela deitoratu du: «Ez zituzten kontuan hartu elizate historikoak».

Deustuko elizateko udaletxea, San Pedro eliza eta musika kioskoa, 1894an. BIZKAIKO HITZA

Beraz, elizate haien oinordeko sentitzen direla gogoratu nahi diote udalari etziko antolatu dituzten jarduerekin. «Izango da egun bat erakusteko badugula gure lekua, badugula gure jendea, eta, nahiz eta orain Bilbon egon, Bilboko Udalari esateko Deustu eta Begoña oraindik hemen daudela eta antolatzen garela», adierazi du Egigurenek. Deustuko eta Begoñako herritarrentzat ere garrantzitsua dela deritzote. Saretzeko balioko die, eta nortasuna gehiago indartzeko. «San Ignazio, Ibarrekolanda, Arangoiti… guztiok gara Deustu, baina kohesioa falta zaigu», esan du Orokietak.

Oro har, gustura bizi dira Deustun eta Begoñan. «Zerbitzu publiko onak ditugu. Elizate izaten jarraitu bagenu, halakoak izango genituzke? Ezin da jakin», esan du Perezek. Bostetako batek ere ez du jakin esaten zer abantaila eta zer desabantaila dituen anexioak gaur egungo herritarrentzat. «Zientzia fikzioa egitea litzateke», ohartarazi du Perezek. Urrutikoetxeak uste du hiriburu batean bizitzeak dituen abantailez gozatzen dutela, baina, neurri batean, herri izaerari eusten ere ahalegindu direla.