Ama medikuarenera laguntzea zaintza da? Eta bankura joatea aitaren paperak egitera? Umearekin parkera joatea? Txakurra edo katua albaitariarenera eroatea txertoa jartzeko? Harrikoa egitea? «Bizkaian, orotara, herritarren erdiek hori guztia zaintza dela uste dute. Ikusten dute kontzeptuak ekintza asko izendatzeko balio duela: batzuk oso agerikoak, baina baita ezkutuan pasatzen diren eguneroko beste ekintza batzuk ere», azaldu du Oxfam Intermon GKEko kide Gotzone Olarrak. Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta, Zaintzari buruzko pertzepzioak Bizkaian azterlana egin dute.
Zehatz esanda, %47,5ek uste dute zaintza ezinbestekoa dela, esanahi zabala daukala, kontziliazioa bermatu behar dela, erakunde publikoen laguntza nahitaezkoa dela, eta zaintza etxe barrutik kalera, gizartera, atera behar dela, Olarrak zehaztu duenez. Gainontzekoak bi taldetan banatzen dira. %31,20k uste dute hori guztiori zaintza dela, baina oraindik ere euren pentsamoldea aurrez ikasitakoari oso lotua dutena: «Uste dute zaintza familian egiten den zerbait dela, eta normalean emakumeen kontua dela. Nolabait esaten dute ‘badakit hori guztia zaintza dela, baina oraindik ez dut hausnarketarik egin zaintzaren inguruan’», dio Olarrak. Beraz, Oxfam Intermoneko kidearen arabera, «gehiengo zabal batek» —hamarretik zortzik— ikusten dute zaintza ezinbestekoa dela, eta lan handia egin behar dela ardurak birbanatzeko eta beste gizarte eredu bat bultzatzeko.
Falta diren %21,30ek, ostera, ez diote zaintzari garrantzirik aitortzen, ez dute haren inguruko hausnarketarik egin. Talde hori, gehienbat, gizonezkoek osatzen dute. Asko dira 18 eta 34 urte arteko gazteak, baita edadetuak ere. Olarraren ustez, «normala» da adinekoek ikusmira zarratuago hori izatea, oso barneratua dutelako «garai bateko eredua». Ostera, kezkagarriagoa dela iruditzen zaio Bizkaiko gazteen artean iritzi hori hain zabal egotea. «Gerta daiteke gazteenek uste izatea ez dutela zaintza ardurarik, eta, ondorioz, ez dute horren gaineko hausnarketarik egin. Gurasoak zaindu, gaixoak, aniztasun funtzionala dutenak… Horrek ematen du lanik handiena, horrek markatzen du gehien, eta askorentzat hori da zaintza. Gazteek, oro har, ez dute horrelako esperientziarik bizi, eta ez dute ikusten zaintza beste gauza txiki asko ere badirela».
Guraso batzuk, umeak eskolara eroaten, Bilbon, 2019ko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Oxfam Intermoneko kidearen esanetan, pentsamoldeak asko baldintzatzen du zaintza sistema. Horregatik, iruditu zaie ezinbestekoa herritarrek zer pentsatzen duten jakitea. «Zer du esateko kaleko jendeak, etxean dagoenak, ez dena ez ikerlari, ez politikari, ez enpresari, ez ekintzaile feminista?». Asmo horrekin egin dute ikerlana. Hasteko, zazpi lagun elkarrizketatu zituzten: akademiako jendea, enpresetakoa eta zaintza komunitarioan dabiltzanak. Ondoren, jendeari galdetu zioten: Bizkaia osoan laurehun inkesta egin zituzten, galdera zehatzekin: «Hau eta hau zaintza dira? Nola ikusten duzu zaintza sistema? Nor izaten da, zure ustez, zaintza bere gain hartzen duena? Horrelako galderak egin genizkien». Azkenik, zaintzaz duten iritziaren arabera, hiru eztabaida talde sortu zituzten. «Oraindik asko landu behar da, baina badakigu zein den bidea: eztabaida demokratizatu behar da, jendeak uler dezan zer den zaintza, sistema bat dela eta denon artean beste zaintza eredu bat sor dezakegula».
Eztabaida talde horietan egindako gogoetarekin ere baikor agertu da Olarra. «Lehen kolpean badago jende bat zaintzaren inguruan ez duena gogoetarik egiten eta zaintza zer den ez duena oso argi ikusten. Baina, gero, gehiago sakonduz eta gogoeta eginez, emaitza hobea da: adostasuna egon da gaur egungo ereduak ez duela balio». Uste du bizkaitarren %20k hasieran agertu duten jarrera gogoeta faltagatik izan daiteke, neurri handi batean. «Teorian, hizketan hau edo beste esan dezakezu, baina gero zeure ingurura edo etxera zatozenean, ikusi egiten duzu zer den zaintza; badakizu zer eragin dizun zuri edo ingurukoren bati».
Emakumeengan
Pertsona guztiek behar dute zainduak izan, eta premia hori gero eta handiagoa izango da. «Jendeak badaki zer datorren, baina ez daki nola erantzun behar zaion. Nork zaindu behar duen, erakunde publikoek eta pribatuek, norbanakoek eta komunitateak zer ardura hartu behar duten». Hala, ere, inkestaren arabera, oro har, gehienek argi dute zer aldatu gura duten: zaintza ezin da izan andre batek etxean egingo duen lana, zaintza krisi batek ezin du familia bizimodua apurtu, zaintzak publikoa izan behar du, eta ezin du kalterik eragin zaintzaileengan eta zainduengan.
Beste arlo batzuetan berdintasunaren aldeko pausoak zaintza arloan baino sendoago eman direla ondorioztatu dute ikerketan. Hamarretik batek ez du uste zaintza sistemaren eusleak andreak direnik. Olarraren iritziz, horrek erakusten du jendeak ez duela zaintzaren inguruan sistema bat ikusten. «Etxean, emakumea dago zaintzen, baina ez duzu uste hori sistema ekonomikoaren parte den lan bat denik». Are gehiago, bizkaitarren heren batek uste du andreek zaintzarako aparteko dohainak dituztela, gizonezkoei falta zaizkienak. «Ez dira gizonak hori esaten duten bakarrak; emakume askok dute iritzi hori oso barneratua». Beste heren batek, ostera, ukatu egin du hori, eta uste du jagoteko gaitasuna ikasi egiten dela.
Oraindik ere gizonei kostatu egiten zaie kontziliaziorako neurriak hartzea, Olarraren esanetan, historikoki haiek izan direlako etxetik kanpo lan egin dutenak: «Produktibismoa oso barneratua dute, eta lanari garrantzi handiagoa ematen diote». Dena den, denek pentsatzen dute gizonek ere kontziliazio neurriak hartzea onuragarria dela, bai gizonentzat eurentzat, bai zainduak direnentzat, bai gizartearentzat.
Gizonezko bat, bere txakurrari ura edaten ematen, Bilbon, 2022ko uztaileko beroaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eztabaida taldeetan ikusi dute zaintza lanek gatazkak sortzen dituztela bikote harremanetan. Ez horrenbeste haien ardura nork hartu, baizik eta zaintzaren kalitateari dagokionez. «Emakumeen exijentzia maila handiagoa da gizonena baino, horrela hezi dituztelako. Oro har, gizonek emakumeek baino tolerantzia handiagoa dute desordenarekiko, adibidez». Horregatik, Olarrak kontatu duenez, askotan kanpoko norbait kontratatzen da etxeko lanak egiteko, horrelako gatazkak konpontzeko modu bat delakoan.
Kanpoko norbait hartu, erakunde pribatu batera jo edo laguntza publikoa eskatu, zaintza beti da gastu sortzaile familientzat. Oxfam Intermoneko kidearen azpimarratu duenez, pentsioaren, soldataren edo aurrezkien zati handi bat zaintzara bideratzera derrigortuta daude sendi asko Bizkaian. Horrez gainera, pertsona askok —oraindik, gehienetan, andreak— lanean neurriak hartu behar izaten dituzte, lanaldia murriztuz edo aldi baterako edo betiko lana utziz. Horrek diru sarrerak txikituko dizkio familia horri.
Konponbidea enpresek eta erakunde publikoek eman behar dutela uste dute bizkaitarrek. Gainera, erakunde publikoengan «konfiantza falta» agertu dute. Laguntza gehiago nahi dituzte, doakoak eta burokraziarik gabeak. «Jendeak uste du erakundeek lagundu baino gehiago oztopo egiten dutela». Gehienek etxean zainduak izan nahi dute, eta zaintzaileak profesionalak izatea. Entzunak dituzte cohousing eta antzeko kontzeptuak, baina oraindik, oro har, arrotzak dira.