«Artarako, egoera orokorrari erreparatu behar zaio»

«Artarako, egoera orokorrari erreparatu behar zaio»

​Gertakari kardiobaskularrik gertatu ez dadin, ezinbestekoa da lehen arretan egiten den prebentzio lana, Iñaki Martinen (Erandio, 1962) hitzei erreparatuta. Osakidetzako familia medikua da Martin, Bilboko Indautxu osasun zentroan, eta, atzera begiratuta, baieztatu du azken hamarkadetan behera egin dutela gertakari kardiobaskular larriek, lehen arretan egiten den kontrolari esker. Bilboko Medikuntza Astean parte hartu du, Bizkaiko Medikuen Elkargoaren egoitzan.

Zeintzuk dira arrisku faktore kardiobaskular nagusiak?

Arrisku faktore nagusiak ondo definituta daude: hiperkolesterolemia, tabakoa, hipertentsioa eta diabetesa dira. Aldagai moldagarritzat jotzen dira. Batzuek arrisku faktore nagusien barruan sartzen dute obesitatea, triglizeridoen kopuru handia izatea, alkohola kontsumitzea, bizimodu sedentarioa izatea, dieta ez-osasuntsua izatea —koipeetan aberatsa— eta abar. Horiek ere arrisku faktoreak dira, baina txikiagoak.

Kontsultan ikusten ari zara faktoreok ugaritzen ari direla?

Faktoreek prebalentzia handia dute: hau da, hobeto diagnostikatzen direnez, ematen du igoera bat dagoela, nahiz eta faktore horiek denbora asko daramaten biztanle mordo bati erasaten. Orain dela hamarkada asko lehen arreta hedatu zenetik, eta prebentzioaren sustapenari esker, faktore horietako asko hobeto kontrolatzen ari gara, eta saihesten ari gara gertakari kardiobaskularrak. Duela urte asko, gertakari kardiobaskular gehiago ikusten genituen klinikan: diabetikoen artean, adibidez, anputazio asko egoten ziren, nahasmendu baskularrak, gertakari baskular periferikoak…

«Arrisku faktore nagusiak ondo definituta daude: hiperkolesterolemia, tabakoa, hipertentsioa eta diabetesa dira. Aldagai moldagarritzat jotzen dira»

Nolakoa da lehen arretan egiten duzuen kontrola?

Osakidetzaren lehen arretako kontratu programan jarduera multzo bat dago jasota. Eta, beste asistentzia maila batzuekin konparatuta lehen mailak kutsu prebentiboagoa duenez, arreta ipintzen dugu arrisku faktore kardiobaskularretan ere. Sistemak abisatuko digu, esaterako, paziente batek ez duela tentsioa erregistratu aspalditik, eta erregistratuta eduki beharko lukeela. Osasun erakunde bakoitzak bere kontratu programa propioa dauka arrisku faktore kardiobaskularrei dagokienez. Txertoekin gauza bera gertatzen da: txertoen egutegi bat dago zehaztuta, txerto batzuk daude gomendatuta 60 urtetik gorakoentzat, edo gazteentzat… Historia klinikoan agertzen zaizkigu, nahitaez egin beharrekoak baitira.

Faktore moldagarriekin alderatuta, arrisku txikiagoa eragiten dute ez-moldagarriek —adina, sexua…—?

Adinekoen artean, adibidez, adina izaten da faktore nagusia. Garrantzitsuak dira, halaber, faktore moldagarriak, baina, adinarekin konparatuta, haien arrisku erlatiboa txikiagoa da. Sexuari dagokionez, badirudi kardiopatia iskemikoa ohikoagoa dela gizonengan, baina adin batetik aurrera arriskua parekatu egiten da. Eta ikerlari batzuek diote emakumeengan ohikoagoak direla buruko gertakari baskularrak. Ikerketa batzuek genero alborapenak ere azaleratu dituzte, emakumeengan halako gertakariak gutxiago diagnostikatzen zirelako, eta arta ezberdina zelako. Herentzia genetikoak ere eragina du. Eta bizitokiak ere bai: aintzat hartu behar da arriskua kalkulatzeko orduan, herrialde batzuetan gertakari baskularren prebalentzia handiagoa baita.

Gertakariok saihesteko, zer gomendatzen da?

Segun eta zein den arrisku faktorea. Hiperkolesterolemia, dislipemia eta diabetesa atzemateko odol analisi bat egin behar da maiztasun jakin batekin; tentsioa ere hartu behar da; eta tabakoarekin, zalantza dago. Gainera, arrisku kardiobaskularrean eragina izan dezaketen beste aldagai batzuk ere kontrolatzen dira: erreferentziazko pisu bat eduki behar da detektatzeko ea obesitatea dagoen edo desnutrizioa —batez ere, adinekoen artean—; jakin behar dugu zenbat ariketa fisiko egiten duen, baita ohitura toxikorik duen ere —tabakoa, alkohola…—.

«Adinekoen artean, adina izaten da arrisku faktore nagusia. Garrantzitsuak dira, halaber, faktore moldagarriak, baina, adinarekin konparatuta, haien arrisku erlatiboa txikiagoa da»

Paziente batzuek faktore bat baino gehiago izaten dute. Halakoetan, asko handitzen da arriskua?

Modu bakartuan artatzea diabetesa, edo hipertentsioa, edo zehaztea zer arrisku duen paziente batek tentsio handia badauka, horrek ekarpen gutxi egingo du ez bazaio egoera orokorrari erreparatzen. Horretarako, formulario batzuetan oinarritzen gara; Europan, Score kalkulatzailea da erreferentzia: kontuan hartuta tentsioa, erretzen badu edo ez, sexua, gluzemia eta bestelako arrisku faktoreak, ezartzen du zer-nolako arriskua duen pertsona horrek gertakari kardiobaskular bat edukitzeko hemendik hamar urtera; batik bat, kardiopatia iskemikoa eta buru gaixotasun baskularra. Score sistema berriki hobetu dute: orain kontuan hartzen du ea pazientea adinekoa den ere, eta, are, diabetikoak direnen edo jada gertakari kardiobaskular larri bat izan dutenen arrisku kardiobaskularra baloratzen du. Eta bizitza osoko arriskua ere kalkulatzeko gai da orain.

Prebentzioa lehen arretan egiten da, batez ere. Baina nolako harremana duzue beste sail batzuekin?

Lehen arreta izan ohi da lehen artatze kontaktua, eta han jarraipen bat ezartzen da. Pazienteen erreferentea garenez, lehen arretan egingo da jarraipen hori, baina, beharrezkoa denean, endokrinoengana, neurologoengana edo beste espezialista batzuengana ere jotzen dugu, noski.