Udazkenean egiteko kultur osterak

Udazkenean egiteko kultur osterak

​Udazkenero bezala, Ostera kultur ziklo ibiltaria antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Euskarazko eskaintza kulturala Bizkaiko herrietara zabaltzea du helburu egitasmoak, eta, urtero-urtero, lurraldeko herri batean egiten dute. 25. aldiz egingo dute aurten, eta, besteak beste, musika, dantza, haurrentzako ikuskizunak eta solasaldiak prestatu dituzte.

Balmasedan, Arrigorriagan eta Abadiñon izango dira saioak aurten; atzo hasi zen jaialdia, eta abenduaren 1era bitarte iraungo du. Hiru herrietan antzeko egitaraua egingo dute, eta eguenetik domekara antolatuko dituzte ekintzak. 

«Adin tarte guztietako jendearentzako ekintzak prestatu ditugu. Euskarak mundu oso bat biltzen duela erakutsi nahi dugu»
JASONE MENDIZABAL Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria

Eguenetarako solasaldi ziklo bat prestatu dute. «Etorkizuneko gu» irudikatzea izango dute helburu saio horiek guztiek, Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak aurreratu duenez: «Euskarak askotariko alorretan dituen erronken inguruan hausnartuko da». Atzo egin zuten aurreneko saioa, Balmasedako kultur etxean, Euskara bihar: nola kudeatu hizkuntza aniztasuna? izenburupean. «Egungo zein etorkizuneko migrazio mugimenduek euskararen erabileran izango duten eragina aztertzeko balio izan zuen», azaldu du Mendizabalek. Datozen asteetan izango dira beste bi saioak Arrigorriagan eta Abadiñon. Euskararen erabileraren aktibazioa eta kulturgintzaren erronkak izango dituzte hizpide, hurrenez hurren.

Barikuetan bakarrizketak eta dantza saioak egingo dituzte; zapatuetan, musika emanaldiak; eta, domeketan, berriz, haurrentzako ikuskizunak.

Denentzako jaialdia

«Adin tarte guztietako jendearentzako ekintzak prestatu ditugu. Euskarak mundu oso bat biltzen duela erakutsi nahi dugu», adierazi du Mendizabalek. Eta hortik tiraka ondu dute aurtengo leloa ere: Euskaran mundu oso bat kabitzen da!. Doakoak izango dira emanaldi guztiak.

Isaak Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara arloko zuzendariak Ostera eta halako egitasmoak garrantzitsuak direla nabarmendu du: «Euskal kulturaren sustapena Bizkaiko Foru Aldundiaren apustu estrategikoa da, eta, bide horretan, Ostera erreferentziazko ekinaldia da. Geroz eta pluralagoa eta askotarikoagoa den gizarte batean bizi gara, eta aurtengo Osterak aniztasun hori islatu nahi du». Izan ere, horixe da Osteraren ezaugarri nagusia: eskaintza kulturala «ohiko esparruetatik» atera, eta herriz herri zabaltzea.

Iaz, estreinakoz kalera atera zuten jaialdia: areto itxietan egin beharrean, kalean egin zituzten emanaldi guztiak. Aurten, baina, aretoetara itzultzeko erabakia hartu dute berriro.

HERRIRIK HERRI

Balmaseda.

Gaur. Sentimundua flamenko ikuskizuna, Lidia de Lorenzo konpainiarekin, 20:00etan, Klaret antzokian.
Bihar. Janus Lester, 20:00etan, Klaret antzokian.
Etzi. Gora bihotzak haurrentzako ikuskizuna, 12:00etan, plazan.

Arrigorriaga. 

Azaroak 7. Euskara bihar: nola aktibatu erabilera? solasaldia, 18:30ean, kultur etxean.
Azaroak 8. Bakarrizketa saioa, 20:00etan, Lonbo aretoan: Antton Telleria, Julen Portillo, Ana Goitia eta Maialen Sorzabalbere.
Azaroak 9. Gari & Maldanbera, 20:00etan, Lonbo aretoan.
Azaroak 10. Maddi pirata haurrentzako ikuskizuna, 12:00etan, Lonbo aretoan.

Abadiño.

Azaroak 28. Kulturgintza bihar: nola sustatu kultur zaletasuna? solasaldia, 19:00etan, Txanporta kultur etxean.
Azaroak 29. Harrobia dantza bertikalaren Geure(r)a ikuskizuna, 20:00etan, Matienako frontoian.
Azaroak 30. Nogen, 20:00etan, probalekuan.
Abenduak 1. Iratxoen kantu sekretuak haurrentzako ikuskizuna, 12:00etan, Errota kultur etxean.