Oraindik urrun dute Bilbo

Oraindik urrun dute Bilbo

​Berri ona eta «adar jotzea». Bietarikoa dela iruditu zaie Bilbo hegoaldeko auzoetakoei metroaren laugarren linearen ibilbidea berraztertzeko asmoa. Irailaren 23an, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua Eusko Legebiltzarrean izan zen, agintaldian bere sailak egingo duena azaltzera joanda. Besteak beste, iragarri zuen laugarren linearako hasieran pentsatu zuten ibilbidera itzultzea proposatu diotela Bizkaiko Foru Aldundiari, hau da, Errekalde, Moyua eta Matiko lotzea. Laugarren linearen aldeko plataformako kide Asier Orbearen esanetan, hori da Errekaldeko, Iralako eta San Adriango bizilagunek hasieratik gura izan duten ibilbidea, eta orain Jaurlaritza horren alde agertu izanak poztu ditu, baina txarretsi du agintariak haiek «zoratzen» dabiltzala. «Ez dugu nahi orain hutsetik hastea. Ibilbide horren fase informatiboa amaitu zuten aspaldi», esan du Orbeak.

2008ko urtarrilaren 24an iragarri zuten Bilboko metroaren laugarren linea Rekalde, Moyua eta Matiko artekoa izango zela. «Lehenago, hirugarren linearen parte izatekoak ginen, Otxarkoaga eta Errekalde lotuko zituelako, baina azkenean handik kanpo utzi gintuzten, eta esan ziguten guk laugarren linea izango genuela», gogoratu du Orbeak. Urteak pasatu ahala, metroa ez zitzaien inoiz ailegatzen. 2018an, Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza zuten alderdi guztiek berretsi zuten laugarrenerako ibilbide horren alde zeudela. Baina 2019an, Unai Rementeria orduko ahaldun nagusiak iragarri zuen aldatu egingo zutela: Abandoko tren geltokitik abiatuko zen laugarren linea hegoaldeko auzoetarantz. Are gehiago: 2020an zehaztu zuten Feveren ibilbidea aprobetxatuko zutela. «Guri ez zaigu aukera hori gustatzen», ohartarazi du Orbeak.

Metroaren laugarren linea eskatzeko manifestazioa, Bilboko Errekalden, apirilaren 14an. BIZKAIKO HITZA

Hegoaldeko auzoetako bizilagunek uste dute lotune egokiena Moyuako geltokia dela. «Gure eguneroko bizitzan ezinbestekoa dugu lehen edo bigarren linea hartzea: unibertsitatera joateko, industrialdeetara, Ezkerraldeko edo Eskuinaldeko herri handietara…». Abandon ere izango lukete linea aldatzeko aukera, baina iruditzen zaie «zentzugabea» dela mendebaldetik ekialdera egitea soilik linea aldatzeko, gero mendebalderantz itzultzeko bueltan, joan nahi duten lekura. «Denbora galduko genuke».

Gainera, Abandoko aukerak badu beste arazo bat. Hura izango da abiadura handiko trenaren Bilboko geltokia ere; hara ailegatuko da lurpetik Basauritik datorrenean. Azpiegitura erraldoi hori guztia amaitu arte, ezingo lirateke hasi metroaren laugarren linearekin, eta horrek oso haserre ditu auzootako bizilagunak. Neurri handi batean, horregatik egin du orain Jaurlaritzak ibilbide aldaketa proposamena, sailburuak berak aitortu duenez. Baina Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritzia beharko luke ibilbide aldaketak, bi erakundeek obra erdibana ordaintzea adostu zuten eta. Irailaren 25ean, Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko bilkuran, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak adierazi zuen prest daudela Jaurlaritzaren proposamena aztertzeko, «teknikoki eta ekonomikoki».

«Bi erakundeetan sozialistak dira garraio sailen arduradun. Ez diezagutela aitzakiarik ipini; ezin dute euren buruen kontra egin»
ASIER ORBEA Metroaren laugarren linearen aldeko plataformako kidea

Orbeak esan du ez luketela ulertuko diputazioak aldaketa ez babestea. «Alderdi politiko berak dira batean eta bestean daudenak: EAJ eta PSE-EE. Gainera, bi erakundeetan sozialistak dira garraio sailen arduradun. Ez diezagutela aitzakiarik ipini; ezin dute euren buruen kontra egin». Pausoak azkar ematen hasteko eskatu die erakundeei. «2008tik gabiltza honekin bueltaka. Ezin dute gehiago atzeratu». Aurreratu du ETS Euskal Trenbide Sarearekin bilera eskatu dutela, eta alderdi politikoetako ordezkariekin ere egon nahi dutela. Hala ere, ezer baino lehen bizilagunei emango diete azken aldaketen berri, eta emango dituzten pausoak adostuko dituzte. Datorren astean, bi batzar ireki egingo dituzte Bilbon: Errekaldeko udaltegian, hilaren 9an, 19:30ean; eta Iralako Labearen lokaletan, hurrengo egunean, ordu berean.

Hegoaldeko auzootan garraio publiko falta dutela ohartarazi du plataformako kideak. Autobusa baino ez dute Bilbo erdigunera jaisteko. «Ezin daiteke izan Bizkaiko hainbat herritatik gu baino azkarrago ailegatzea hiri erdira; adibidez, Plentziatik guk baino denbora gutxiago behar dute, metroari esker». Gainera, ibilgailu pribatuarekin ere gero eta traba gehiago dituzte erdigunera sartzeko. «Erabat baztertuta gaude, eta jende asko gara; 70.000 biztanle bizi gara hegoaldeko auzoetan». Haiek ere Bilbo diren arren, oraindik urrun dute hiria.

Enkarterrin, lotura trenaren zain

Azken bizpahiru urteetan diputazioak eta Jaurlaritzak esku artean izan duten ibilbidearen arabera, Errekaldetik Basurtu eta Zorrotza aldera jarraituko luke metroaren 4. lineak; Alonsotegiko Irauregin izango luke amaiera. Erakundeen asmoa zen luzera begira Enkarterrira arte luzatzea trenbidea. Orbeak esan du Errekaldeko, Iralako eta San Adriango bizilagunek ez diotela eragozpenik ikusten. «Datorrela gure auzoetara Moyuatik, eta gero doala behar duten lekura. Ahalik eta jende gehienari onura ekartzearen alde gaude».

Enkarterrin, ostera, ez dute metroa euren eskualdean ikusteko itxaropen handirik. Santander-Bilbo Trenbidearen Aldeko Plataformako Gloria Luxan karrantzarrak barre egin du aukera hori aipatzean: «Ez dut nik ezagutuko». Premia larriagoak dituzte eskualdean trenari dagokionez; are gehiago, Santander (Kantabria, Espainia) eta Bilbo arteko trena aukera bakarra duten herrietan. Metroaren laugarren lineaz berba egin zuen batzorde berean iragarri zuen Garcia Chueca sailburuak Karrantza eta Aranguren artean lotura tren bat sortzeko asmoa. Sailburuaren esanetan, datorren urtean, «Adifek trenbidea elektrifikatzen duenean», Eusko Jaurlaritzak astegunetan bost tren ipiniko ditu noranzko bakoitzean.

Dagoeneko Renfek Santander eta Bilbo lotzeko egunean dituen hiru trenei batuko zaizkie. Jaiegunetan bi lotura tren izango dira. Neurri horrek 1,7 milioi euroko kostua izango du urtean. «Askotan entzun dugu elektrifikazioa egitear dagoela. Hauteskunde kanpaina guztietako promesa izaten da. Ez dakit datorren urterako egingo duten», adierazi du Luxanek. «Urte askoan sufritutako utzikeriak» eragindako ezkortasun hori gorabehera, berri ona dela iruditzen zaio: «Ez da konponbidea, baina bada aurrerapauso bat».

Santander-Bilbo tren linearen aldeko elkarretaratzea, Karrantzan, iazko urrian. BIZKAIKO HITZA

Oraindik ez dute informazio askorik. Eusko Jaurlaritzako kideek duela bizpahiru hilabete deitu zioten Raul Palacios Karrantzako alkateari, eta kontatu zioten lotura tren hori sortuko dutela datorren urtean, egunean bost treneko maiztasunarekin. «Ez dakit besterik. Ez dugu hitz egin ordutegiaz, esaterako», esan du alkateak. Palaciosek ere uste du berri ona dela, baina zehaztasunak ezagutu gura ditu balorazio sakonagoa egiteko. Ez du uste zerbitzu berriak Bilbora lanera edo ikastera joateko balioko dienik, baina iruditzen zaio beste gauza batzuetarako trena eskura izatea «ona» izango dela.

Luxanek eta Palaciosek salatu dutenez, Balmasedatik Bilborako trena arazo askorekin dabil aspaldian, eta sarritan berandu ibili ohi da edo zerbitzua bertan behera geratzen da. «Espero dugu lotura trenen eta Balmasedako trenen ordutegiak bateragarriak izatea, Arangurengo geltokian denbora luzean itxaroten egon behar ez izateko», esan du Karrantzako alkateak. Santandertik etortzen den trena ere ez da hobeto ibiltzen; Luxanek jakinarazi du sarritan izaten dituela matxurak, eta geltokian denbora askoan egoten dira etorriko ez den trenaren zain. Arazoak daudenean, ez diete abisatu ere egiten.

«Garraio publikoa erabiltzeko eskatzen digute, eta Bilbora autoarekin sartzeko trabak jartzen dizkigute, asko kutsatzen dugulako. Baina non dago garraio publikoa?»
GLORIA LUXAN Santander-Bilbo Trenaren Aldeko Plataformako kidea

Plataformako kideak azaldu duenez, maiztasun handiagoa jartzeko duten traba nagusia da Bilbo eta Karrantza arteko zatirik gehienean trenbide bakarra dutela. Hori ez da berehalakoan konpon daitekeen arazoa. Baina uste du, trena garraio publiko erabilgarria izateko, Karrantzatik Bilborako tren zuzena eta azkarra behar dutela. Beraz, Luxanen iritziz, inguruko bizilagunek nekez utziko diote autoa erabiltzeari hiriburura joateko. «Garraio publikoa erabiltzeko eskatzen digute, eta Bilbora autoarekin sartzeko trabak jartzen dizkigute, asko kutsatzen dugulako. Baina non dago garraio publikoa?». Planifikazio falta dagoela deritzo, eta pentsatzen du trenak eta Bizkaibusek ere bateragarri egin beharko luketela zerbitzua, ordutegiak egokituz: «Errepideak egiteko eta abiadura handiko trena ekartzeko plangintzak eta aurrekontu itzelak dituzte, baina gure trenarentzat eta autobusarentzat, ezer ez».

tren azpiegitura berriak, Bizkaian

Bizkaian tren zerbitzuari lotutako hainbat obra daude martxan edo abiatuko dituzte datozen lau urteetan, Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun sailburuaren arabera. Esaterako, Bilbo hegoaldeko tren saihesbidearen lehen faseko —Bilboko portutik Olabeagara— eraikuntza proiektua hasiko dute agintaldi honetan. Obrei ere hasiera emateko asmoa dute, eta Euskal Trenbide Sareak bigarren fasearen —Arrigorriagara artekoa—eraikuntza proiektua ere idatziko du.

 Joan den astean adjudikatu zuten tranbia Zorrotzaurrera luzatzeko eraikuntza proiektua. Atxuri eta Bolueta arteko zatian, geltoki bat eta igogailu bat eraikiko dituzte, Larreagaburu inguruari zerbitzua emateko. Metroaren bosgarren linea «martxa onean» doa, sailburuaren esanetan: lau faseetatik hirutan lanean ari dira. Hirugarren linea Loiuko aireportura luzatzeko proiektua aztertzeko asmoa iragarri du.