Martxan da Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren III. aldia

Martxan da Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren III. aldia

​Arnasa Gararen Arnasetik bideo-sormen lehiaketa berria abian da. Udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta pizteko sortu zen, eta hirugarren aldia da hau. 10 eta 16 urte arteko sortzaileek hartu ahal izango dute parte, banaka zein taldeka, lanak urriaren 31ra arte bidaltzen badituzte.

Arnasguneetako gazteen sormenari erronka jo nahi diote Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk egitasmo horrekin. Euskararen arnasguneak batez ere euskaldunak diren udalerriak dira, eta Arnasetik proiektuak horietan jarri du arreta. Lehiaketak helburu du arnasguneak diren udalerriei eta bertako herritarrei aitortza egitea. «Arnasguneak ekarpen handia dira euskararen indarberritzean, eta beste helburu bat ere bada bertako herritarrek ekarpen honen inguruko kontzientzia izan dezaten», adierazi du Josune Zabala Alberdi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendariak.

«Arnasguneak ekarpen handia dira euskararen indarberritzean, eta beste helburu bat ere bada bertako herritarrek ekarpen honen inguruko kontzientzia izan dezaten»
JOSUNE ZABALA ALBERDI Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendaria

Zabala Arnasetik proiektuaren kudeatzaileetako bat da, eta, egin duen balorazioaren arabera, «pixkana-pixkana gorantz doa gazteen parte hartzea». Aurreko aldian 112 lan jaso zituzten, eta 1.600 bototik gora. Nolanahi ere, nabarmendu dute aurreko urteetan Gipuzkoako eta Nafarroako ikasleenak izan direla jasotako bideo gehienak. Hori dela eta, aurten esfortzu berezia egiten ari dira Bizkaiko gazte eta irakasleak aktiba daitezen, parte hartzea lurraldeei dagokienez orekatzeko.

Lehiaketak hiru kategoria izango ditu, adinen araberakoak. Kategoria bakoitzak, gainera, gai bati erantzungo dio. Aurten, Txokorako bidea kategorian 10 eta 12 urteko ikasleak lehiatuko dira; hots, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleak. Horiek bideoan landu beharreko gaia beren udalerriko txoko kuttun bat izango da. DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleek Prestatu nirekin kategoria dute, eta urtero zain egoten diren ekitaldi, jai edo momentu baten berri eman beharko dute. 14 eta 16 urte bitarteko ikasleak Bosteko katea izeneko kategorian lehiatuko dira, eta haien gaiak honela dio: «Beste norbaiten larruan jartzeko aukera izango bazenute, zuen herriko nor izan nahiko zenukete, eta zergatik?». Abiapuntu horiek ardatz hartuta sortuko dituzte bideoak, beraz.

Sari banaketa baino gehiago

Azaroaren 28an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Bergarako Seminarixoan (Gipuzkoa). Zabalak azaldu duenez, proiektuaren helburua da arnasguneak saretzea ere. Haren arabera, arnasgune gehienak udalerri txikiak izaten dira, eta gehiago sumatzen dute edozein aldaketa. Areago, arnasguneetako euskararen erabilerak gainbehera izan du; hori bera erakusten dute azken datu soziolinguistikoek.

Arnasetik lehiaketarekin, xede dute «arnasguneetako gazteek ikus dezatela badirela Euskal Herrian eremu soziolinguistiko antzekoan bizi diren gazteak», argitu du Zabalak. Horretarako baliatzen dute sariak banatzeko ekitaldia ere. Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendariak gaineratu duenez, ekitaldi horretara herri ezberdinetako gazteak joaten dira, eta aukera dute elkar ezagutu eta gainontzeko ikastetxeetan landu dituzten lanak eta gaiak ezagutzeko.

Gazteak parte hartzera motibatzeko, saritan, guztira, 2.000 euro banatuko dituzte; 500 kategoria bakoitzeko, gehi publikoaren saria. Sari horiek aukeratutako hainbat ekimenetan erabiltzekoak izango dira, hala nola Irrisarri Land abentura parkean, Durangoko Azokan, EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean eta Gure Zirkuan. «Sariak gazteen zaletasunei lotuta daude; kirolari eta kultur kontsumoari, bereziki». Euskarazko eskaintza dute denek, gazteen gustuen arabera aukeratu eta gozatzekoak.