Baldosa ezagunak

Baldosa ezagunak

​Kuriositatea eragin izan dit betidanik elkarren arteko ezberdintasunei erreparatzeak, bakoitzaren egunerokoa kudeatzeko modua aztertzeak. Sarritan bati falta zaion gaitasuna ondokoaren dohaina izaten da, zeuretzako gozamena dakarren hori neure ametsik gaiztoena izan daitekeen bezala.

Zalantza dut norbere nortasuna geure ekintzek markatzen ote duten edota aurrean dugunari begiratzeko moduak. Eta onartzea zaila zaidan arren, sentitzen dut askotan beldurra dela geure pausoen gidari; beti baldosa ezagunetan zapaltzen bageunde bezala. Bizimodu intentso eta zoro baten eskaparatea bai, baina beti baldosa ezagunetan zapaltzen.

Maite dut intentsitatea eta egiten dudan oro intentso bizitzea. Oro har, esan dezaket ez dakidala gauzak erdizka egiten. Ez dut uste ezer txarra denik eta gustuko dut jarrera aktiboa izatea nagoen tokian nagoela. Ordea, batzuetan ezin ditut bereizi intentsitatea eta estresa, aktibotasuna eta antsietatea. Eta azkenaldian faltan botatzen dut lasaitasun pixka bat neure egunen joanean. Ekintza eta ekintza artean arnasa pixka bat hartzeko beharra izango banu gisa. Zoroa badirudi ere, tarteka erosoagoa egiten zait gehiegizko aktibitate horretan murgiltzea, neure segurtasunik eza ezkutatzeko modua balitz bezala. Egun soil bat lasai hartzeak ere (esnatzeko alarmarik ez ipintzeak, adibidez) sarritan bertigoa ematen dit.

Eta bada azken hiletan gehiagora egin didan ezer. Barne sentsazio bat, izozten nauena. Blokeatzen nauena. Denera iristeko beharraz ari naiz, denera iristeko antsietateaz. Ezin eman denbora tarte bat produktiboa izan gabe, ezin galdu plan bakar bat ere. Zaila da adieraztea sentsazio horren funtsa, baina lepoa estutzen didala esango nuke. Egun luze eta gogor baten ostean, lagunak zerbait hartzera atera direla jakinda, etxera joateko gai ez izatea, esaterako, gorputzak hori eskatzen badit ere. Birrinduta banago ere.

Gaur ere denera heldu behar; gaur ere egunari ahalik eta zuku gehiena atera behar

Ohartu naiz ezinezko zaidala ezerekin (edo inorekin) konprometitzea, batik bat, badaezpada azken unean planen bat agertu eta libre egongo ez naizen beldurrarengatik. Ohartu naiz azken boladan proposamen guztiei erantzun irekia ematen diedala, «agian bai, joango gara hitz egiten» edo «printzipioz libre nago» bezalako esaldiekin. Ume bihurri baten barrea eragiten dit hau onartzeak, baina egia borobila da. Zerbait galtzeak alergia eragingo balit moduan.

Gehienetan ez naiz kapaza izaten hurrengo eguna ere lasaitasunez eta erabaki irmoz antolatzeko, errazagoa baitzait egunean bertan erabakitzea zer egingo dudan edota norekin geratuko naizen. Era horretan, poliki-poliki murgiltzen naiz neure eguneroko kaosean, nik neuk (nahi gabe edo nahita) eraikitako kaosean. Hari sendorik gabeko dantzan, etenik gabeko korrikaldian. Gaur ere denera heldu behar; gaur ere egunari ahalik eta zuku gehiena atera behar. Gaur ere baldosa ezagunak.

Gero eta gehiago miresten dut neuri falta ohi zaidan patxada duen jendea, egiten duena lasaitasunez egiten duen jendea. Gorputzak hala eskatzen diolako plan bat galtzeko inongo arazorik ez duena eta, funtsean, egitura minimo bat duena. Izan ere, sentitzen dut lasaitasun horretatik eratorritako erabakiek eta bizitzeko moduek beste energia bat igortzen dutela. Pauso horietan gozamen handiagoa egongo ez ote den pentsatzen dut tarteka.

Polita litzateke esatea antsietatetik eratorritako egunak kudeatzeko joera hori aldatuko dudala, pertsona berri bat izango naizela. Zoritxarrez, aldaketa txikiena egitea ere oso zaila dela esango nuke, barruraino errotutako joera izaten baita. Suposatzen dut ez naizela dinamika horretan erortzen den bakarra, egongo dela nire antzeko zororik. Pentsatu nahi dut, ordea, honi buruz idazte hutsa lur eremu ezezagun batean zapaltzea dela. Gustatzen zait sentsazio hori.