Itsuki irratia bueltatzeko akordioa egin dute Bermeoko Udalak eta Kostarri elkarteak

Itsuki irratia bueltatzeko akordioa egin dute Bermeoko Udalak eta Kostarri elkarteak

​«Itsuki irratiak garrantzi handia du Bermeon: herritarren nortasunaren eta izaeraren ispilu izan da beti». Hala esan du Josu Urkidi Elortegi Kostarri kultur elkarteko zuzendariak. Urkidi duela urte erdi bat murgildu zen irratia eraberritzeko proiektuan. Hain zuzen, 2022an arrazoi ekonomikoek Itsuki irratiaren amaiera eragin zuten, eta, ordutik, itxita mantendu dituzte estudioko ateak. Bermeotarren «informazio beharrak» asetzeko asmoz, ordea, hedabidea bueltatzeko hitzarmena sinatu dute aurten Bermeoko Udalak eta Kostarri elkarteak. Herriko ondare kulturalari eta identitateari balioa ematea dute helburu nagusi. Urkidik nabarmendu duenez, gainera, Bermeoko eta inguruko entzuleei eragiten dieten albisteen berri emateko «biderik egokiena» da.

Bi urteko etenaren aurretik, 37 urte eman zituen Itsuki irratiak «etxean lan egiten zutenei edota itsasoratzen ziren arrantzaleei» konpainia egiten. Alde horretatik, Bermeoko herritarrek biziki nabaritu dute komunikabide horren falta, eta hala helarazi diete eraberritze proiektuaren arduradunei. «Joan den igandean, Bermeoko jaietako azken egunean, Itsuki Irratiaren inguruko feedback-a emateko eskatu genien bermeotarrei, eta gehienek, hurbileko gaiak lantzearen garrantzia azpimarratu zuten», esan du Kostarri elkarteko zuzendariak. Hedabide handiek ez dute eskualde txikietako egunerokoa sakonean lantzen, eta, beraz, haren ustez, «kutsu herrikoia» galdu dute. Itsuki irrati kateak izaera hori berreskura dezan nahi dute, udalak eta Kostarrik.

«Herritarrak informaturik eduki nahi ditugu. Komunikazio plataforma batek komunikatzeko gaitasunik ez badu, komunikazio plataforma on bat izateari uzten dio»
JOSU URKIDI ELORTEGI Bermeoko Kostarri kultur elkarteko zuzendaria

Urkidirekin batera, Ane Gangoiti Fradua eta Jon Guarrotxena Layuno aritu dira Itsuki eraberritzeko proiektuan. Zehazki, sare sozialak kudeatzeko ardura hartu du Gangoitik, eta administratzaile nagusia Guarrotxena da. Talde polita osatu dutela nabarmendu du Urkidik: «Ni ez naiz kazetaria; komunikatzailea naiz. Irrati esparruan entzule gisa besterik ez dut izan esperientzia, baina ez nago ikaratuta. Denok ezagutzen dugu elkar, eta elkarrekin sortu dugu programa berria». 

Hainbat aldaketa

Irrati programak grabatzeko estudio bera erabiliko dutela aurreratu du Urkidik, baina hainbat aldaketa egingo dizkiote. Adibidez, hormak, leihoak eta eskailerak aldatu behar dituzte, eta, oro har, azpiegiturak berritu. Eraldaketaren arrazoiek, estetikoak izateaz gainera, estudioaren erabilgarritasunarekin eta irratiko eduki berriarekin harreman estua dute. «Eduki berriak grabatzeko aukera emango diguten aldaketak egin behar ditugu, eta, horretarako, bizpahiru pertsona aritu beharko gara lanean», aipatu du Urkidik. «Gogotsu eta energia handiarekin» ekingo diete lanei.

Bermeoko Itsuki irratiaren aurreko etapako agur saioa, 2022ko otsailaren 1ean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Itsuki irratiak jasango dituen aldaketei dagokienez, bat nabarmendu du Urkidik: irrati programak sarean entzun ahalko dituzte entzuleek. «Orain arte egin bezala, FM kanala mantenduko dugu, baina, horrekin batera, Bermeoko eta Bermeo inguruko biztanleek Interneteko plataforman entzun ahalko dituzte irratiko edukiak». Mintzagaiak zeintzuk izango diren ez du aurreratu, baina jakinarazi du Arrosa irrati sarearekin elkarlanean arituko direla, bestelako edukia ekoitzi ahal izateko.

Lehenengo programaren emisioaren berri ez dute eman, entzuleengan espektatibak sortzea saihestu nahi dutelako eta programazioaren inguruko hainbat kontu zehaztu gabe dituztelako. Dena den, Kostarri elkarteko zuzendariak ziurtatu du eraberritze prozesuaren faseak jakinaraziko dituztela euren sare sozialen bitartez: «Herritarrak informatuta eduki nahi ditugu. Komunikazio plataforma batek komunikatzeko gaitasunik ez badu, komunikazio plataforma on bat izateari uzten dio».