Urte luzez ondutako proiektuak gaur zabalduko ditu ateak Urduñan: Belardi okela eraldatzeko zentroa inauguratuko du Bedarbide abeltzainen elkarteak. Ez da hiltegi bat; hori baino gehiago da, Mikel Kormenzana Bedarbideko presidenteak zehaztu duenez: «Haragiaren zikloa ixteko zentro bat da, geuk baserritarrok sortutakoa». Azken asteetan probatzen ibili dira, eta gaur goizean bisita gidatu batekin erakutsiko diete inguruko bizilagun eta eragileei. Ondoren, bazkari batekin eta musikarekin ospatuko dute «esfortzu handiarekin lortutakoa».
Alde batetik, hiltegia du Belardik. Behiak, zaldiak, txerriak, ardiak, arkumeak, oiloak…; tamaina askotako animaliak hiltzeko gaitasuna dauka. Hotz ganberak ere baditu, hildako animalien okela gordetzeko. Zatitze gela bat dauka. Lantegi gunea ere bai, produktu hotzak ekoizteko: hanburgesak, saltxitxak, txorizoak eta halakoak egiteko erabili ahal izango dute. Sukaldea ere badu, plater prestatuak egin ahal izateko. Halaber, salmenta gunea atondu dute, zuzeneko salmenta egin ahal izateko.
Kormenzanak azpimarratu duenez, abeltzainek okelaren prozesu euren esku eduki ahal izango dute Belardin, animalia etxean hazten dutenetik bezeroaren eskuetara doan arte. «Ziklo guztia kontrolpean izateak produktuarengan erabakiak hartzeko gaitasun osoa ematen dio baserritarrari. Era berean, errentagarritasuna ere bermatzen dio, gure sektorea beti egon delako bitartekarien esku».
Urduñako Belardi eraldatze zentroaren eraikina, La Rondina industrialdean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Izan ere, abeltzaintza garai zailetan bizi da, Urduñako abeltzainaren arabera. Besteak beste, hiltegi falta dute arazo garrantzitsuetako bat. Bizkaian orain arte bakarra zegoen: Karrantzako udal hiltegia. Araban ez dago bakar bat ere. Urduñako zentro berriak herrialde bietako abeltzainei eman ahal izango die zerbitzua, Kormenzanaren arabera. Nahiz eta abeltzain elkarte batek sustatutako negozioa izan, guztiei zabalik dagoela azpimarratu du. Azken batean, proiektuaren bideragarritasuna bermatu behar dute. Beraz, bezeroak gertuko eskualdeetan lortzea izango da haien helburua.
Era berean, Kormenzanak uste du Urduñako zentroa eredu bat izan daitekeela Bizkaiko eta Arabako gainontzeko eskualdeentzat. Erakunde publikoen jarreraz kexatu da. Izan ere, esan du «gainkarga» moduan hartzen dituztela hiltegiak. «Zerbitzu publiko bat dira, abeltzainentzat ezinbestekoak. Elikadura bermatu nahi badugu eta haragia gure inguruan ekoiztea bermatu nahi badugu, hiltegiak behar ditugu». Horregatik, «penagarria» dela iruditzen zaio Urduñako zentroaren sustapena abeltzainek eurek egin behar izatea. «Espero dezagun beste eskualde batzuetan modu honetako zentroak zabaltzera animatzen badira, guk baino babes handiagoa lortzea erakundeen aldetik».
Hasieran, osagarria
Hastapenetan, Laudioko (Araba) hiltegiaren elkarlanean ibili ziren Bedarbidekoak, baina duela urte batzuk udalak zarratu egin zuen azpiegitura. Komertzanak kontatu duenez, ordurako bazuten nolabaiteko diseinua eginda: animaliak Laudion hilko zituzten eta zatitzetik ondorengo prozesua Urduñan bukatuko zuten. Egokitu egin behar izan dute, hiltegiko atala ere Urduñan txertatu ahal izateko. Gainera, Laudioko hiltegia zarratzeak eten bat egitera bultzatu zituen. «Une hartan hasiak ginen proiektua aurkezten, baina, oraingoz, albo batera uztea erabaki genuen, jendeak ez pentsatzeko itxierarekin lotuta zegoela. Gurea ez zen Laudioko hiltegiaren alternatiba bat izango, osagarria baizik».