Bizi osoan gozatzeko hiria

Bizi osoan gozatzeko hiria

​Eremu konpartitu bat da hiria: askotariko erabiltzaileak daude, eta aldagai ugarik baldintzatzen du mugitzeko modua; kasu baterako, adinak. Baina, era berean, aniztasuna dago adinekoen artean ere, Itsaso Larramendi Bilboko Tipi estudioko arkitektoaren arabera. Bat egiten dute ezaugarri batean, haren esanetan: gero eta mendekotasun handiagoa izateko arriskua dute. Ondorioz, murriztu egiten da haien mugitzeko eremua, eta auzoak «zentraltasuna» hartzen du. Hau da, adinekoek distantzia laburragoak asumi ditzaketenez, hurbil izan behar dituzte eguneroko bizitzako premiak asetzeko tokiak. «Haurren kasuan, autonomia sustatzea da helburua; eta, bizitzaren amaieran, autonomia luzatzea, zainduko zaituen hirira heldu arte», laburbildu du Jone Belaustegigoitia Bilboko Lur estudioko arkitektoak.

[articles:2130731]

Horretarako, funtsezkoa da erabilera mistoa, Belaustegigoitiak aipatu duenez; edo, beste era batera esanda, hamabost minutuko hiria erdietsi behar da: alegia, askotariko erabilerak uztartuta egon behar dira, haietara heldu ahal izateko gehienez ordu laurden bateko pasiera batean. Premiazko erabilera horiek dira, besteak beste, etxebizitza, merkataritza —batik bat, eguneroko gauzak erosteko dendak; esaterako, ogia—, osasun zentroak eta eskolak, adinekoak haurrak zaindu ohi baditu.

Larramendik gogorarazi duenez, pertsona orok behar du zaindua izan bizitzan zehar, batez ere, une jakin batzuetan edo egoera batzuetan; eta hiriaren diseinuak zaintza hori erraz edo oztopa dezake, hala nola ekipamenduak irisgarriago edo helezinago bihurtuta. «Badakigu zaintzaileak modu konplexuago batean mugitzen direla hirian zehar: haien ibilbideek armiarma sare bat sortzen dute; kasu askotan, ekipamendu batetik bestera egiten dituzten desplazamenduengatik», esplikatu du. Azpiegituretako batzuk saihetsezinak dira zaintzarako —osasun zentroa eta eguneko zentroa, kasurako—, eta adinekoek azpiegitura horien arteko joan-etorriak egin ohi dituzte; beraz, konexio horiek erosoak izatea da helburuetako bat. Esate baterako, espaloiak zabalduta, erabiltzaileak sarri ez direlako bakarrik joaten, baizik eta lagunduta, Larramendik esan duenez.

«Mugikortasun eremua txikitzen bada, inportantea da esparru publikoan egoteko azpiegiturak edukitzea, ez dadila izan bakarrik joan-etorriko eremu bat»
ITSASO LARRAMENDI Bilboko Tipi estudioko arkitektoa

Eta zaintzara propio bideratutako azpiegiturak izan ez arren, ekipamendu batzuek funtzio hori ere betetzen dute. Adibidez, komertzioek. Tipi estudioko arkitektoaren irudiko, zaintza informalerako potentziala dute halako lokalek. «Eguneroko harremanak sortzen dira, ez direnak oso estuak izaten, baina egunerokotasunean ingurukoekin konektatuta mantentzen gaituzte».

Kalea, zaintzaile

Alabaina, zaintza ez da azpiegitura jakin batzuetara mugatzen, Larramendiren berbetan. «Ikuspegi dikotomiko bat daukagu: zaintzarako esparrua, esparru pribatua da, etxebizitza; eta esparru publikoa, esparru produktiboa da. Baina hori ez da erreala, zaintza lanak kalean ere egiten direlako». Hark azaldu duenez, arkitektura modernoaren arabera, leku konkretuak daude funtzio bakoitza betetzeko —lo egiteko, lanerako, aisialdirako…—, eta kaleak eta errepideak leku horietara joateko baliabideak baino ez dira, igarotzeko eremuak besterik ez, eta ez egoteko eremuak.

Larramendik uko egiten dio ikuspegi horri. Haren arabera, egitura honetan ardazten da zaintza: etxebizitza —«kalera irten ahal izateko, bereziki inportantea da irisgarria izatea; igogailua edukitzea, adibidez»—, haren ingurua, eta hiri eredua edo testuingurua. «Mugikortasun eremua txikitzen bada, inportantea da esparru publikoan egoteko azpiegiturak edukitzea, ez dadila izan bakarrik joan-etorriko eremu bat». Eta zein dira azpiegitura horiek? Ez da esku hartze handirik behar. Bi elementuren premia nabarmendu dute hala Larramendik, nola Belaustegigoitiak: bankuak —atseden hartzeko lekuak, orokorrean— eta komun publikoak. Adineko askok horien arabera planifikatzen dituzte ibilbideak, bi arkitektoek esan dutenez.

«Kalea diseinatzerakoan, hura astiroen gurutzatuko duen pertsona hartzen badugu erreferentzia bezala, ondo ari gara, beste guztiontzat ere funtzionatuko baitu»
JONE BELAUSTEGIGOITIA Bilboko Lur estudioko arkitektoa

Horrez gain, Larramendik «erdibideko eremuak» aldarrikatu ditu, etxebizitzaren edo ekipamendu baten eta esparru publikoaren arteko mugak lausotzen dituzten esparruak. Balkoiak dira adibide bat, eta bereziki garrantzitsuak dira mugikortasuna oso murriztuta daukaten eta etxetik gutxi irteten diren pertsonen kasuan, Larramendik nabarmendu duenez. «Aukera ematen die kalearekin harremanetan egoteko eta kaleko bizitzan parte hartzeko».

Era berean, ekipamenduen inguruan ere sor daitezke gisa horretako lekuak. Larramendik esplikatu duenez, batzuetan azpiegitura horien sarreraren aurrean espaloi estu bat egoten da, eta igarotzeko baino ez da erabiltzen; erdibideko eremuek, ordea, joan-etorri horiek eusteko balio dute. «Ez daukagu zertan leku batetik atera eta berehala hurrengo lekurantz joan; itxaron ere egiten dugu. Adibidez, amarekin anbulatoriora banoa, agian kanpoan egon behar dut hura barruan dagoen bitartean». Egoteko eremuak atontzea da gakoa, ekipamenduaren inguruan banku batzuk ipinita, edo aurreko errepidea oinezkoentzako bide bihurtuta.

Seguru sentitzea

Laburbilduta, kaleak erakargarria izan behar du adinekoentzat ere, Belaustegigoitiaren iritziz, «kalean egon eta mugi daitezen, ez bakarrik osasun fisikoari begira, baita osasun mentalari begira ere». Hori lortzeko, kaleak segurua izan behar du, besteak beste. Baina adinekoak ez dira beti seguru sentitzen, Belaustegigoitiak azaldu duenez. Bi segurtasun mota bereizi ditu arkitektoak, ingelesezko adierak erabilita: batetik, security legoke, Poliziarekin, kamerekin eta abarrekin lotutakoa; bestetik, safety, segurtasun pertzepzioa, sarri gutxietsi izan dena, arkitektoaren esanetan. «Baina sumatutako beldurra ere garrantzitsua da», azpimarratu du.

Adinekoekin egiten dituzten tailerretan, segurtasun pertzepzioa ere jorratu ohi dute, jakiteko hiriko zein elementuk eragiten dien mesfidantza handien; beti aipatzen dute kotxeen presentzia. Belaustegigoitiaren arabera, pertsonentzat diseinatu behar da, eta ez kotxeentzat —kontrako irizpidea jarraitu zuten joan den mendeko arkitektoek eta hirigileek, haren irudiko—. Irizpide aldaketak erabiltzaile guztiei ekarriko lieke onura, ez bakarrik zaharrei. «Kalea diseinatzerakoan, hura astiroen gurutzatuko duen pertsona hartzen badugu erreferentzia bezala —adineko bat, adibidez—, ondo ari gara, beste guztiontzat ere funtzionatuko baitu».

Bestelako kontuak ere aipatzen dituzte bilera horietan: kasu baterako, zoruan irrist egin eta eroriko diren beldur dira; edo argiztapen apaleko eremuak saihesten dituzte, estropezu ez egiteko. Alde horretatik, ikusgaitasunak berma dezake segurtasuna, Belaustegigoitiaren aburuz: batetik, norberak ikustea; eta, bestetik, gainerakoek norbera ikustea. Erabileren uztarketak ere balio dezake horretarako, ordu tarte luze batean kalean jendea egongo dela bermatzen baitu. «Jane Jacobsek kalean dauden begiez hitz egiten zuen: ikusten naute, eta babes nazakete; ikusten ditut, eta laguntza eska diezaieket», gehitu du Belaustegigoitiak.