Berrehun orrialde baino gehixeagoan eta 47 kapitulutan, Susana Martinezek (Barakaldo, 1972) bere alaba Olgak jasandako bullying-aren istorioa kontatu du. Señaladas (autoedizioa, 2024) liburuan bildu ditu lekukotza horiek. Eskolan hasi zenetik, Olgak lagunen gurasoen erasoak pairatu zituen. Haren amak liburuan salatu duenez, iraindu eta baztertu egiten zuten, hari kalte egiteko gezurrak asmatzen zituzten, eta alabei eragotzi egiten zieten Olgarekin jolastea. Azkenean, ikaskideek ere baztertu zuten neskatoa, eta, 8 urte bete zituenean, ikastetxea ez ezik, herria aldatu behar izan zuten ama-alabek. Bizi diren oraingo herrian, Olgak lagun onak ditu, eta zoriontsu da. Familiak bere bizitza berreskuratu du, eta, argitaratu duten liburuarekin, antzera dauden familiei lagundu nahi diete.
Zergatik erabaki zenuen Señaladas liburua idaztea?
Nire alabari ahotsa jartzeko. 3 urtetik 8ra, lagunen gurasoen erasoak eta umeen bullying-a pairatu zituen. Horrelako egoera batean, erabat bakarrik sentitzen zara, inork ez zaitu entzuten. Biktima zara, baina zurrumurruek diote erasotzailea zarela. Une batean konturatu nintzen liburu hau gidaliburu bat izan daitekeela; hots, horrelakoak egunero bizi dituzten familientzako besarkada bat. Helburua kontzientzia sortzea da, bullying kasuetan beste aldera ez begiratzea.
Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?
Zalantza nuen istorioa kontatzeak ez ote zuen berriro Olgarengan jarriko arreta. Jazarpenaren biktima zarenean, alabaz diotenaren inguruko lotsa sentitzen duzu, nork zer sinetsiko duen beldurra, zer gehiago egin ez jakitearen errua… Idazte prozesua utzi, eta berriro hartzen nuen. Azkenean, alabarekin kontsultatu nuen —10 urte zituen garai hartan—, eta berak eman zidan behar nuen bultzada: «Ama, agian, gure historiak beste familia batzuei lagun diezaieke».
Zuen kasua bullying kasu ezberdina da. Zertan?
Haur psikiatrian esan ziguten ez dutela sekula horrelako kasurik ikusi: helduak haurrei jazartzea. Ni ez nintzen gainontzeko amen lagun minena, eta, nire alaba gehien baztertzen eta iraintzen zuten bi amekin eztabaidatu nuenean, nire alaba nahi barik kondenatu nuen. Ama haiek ez zidaten sekula barkatu. Haiek herri txiki horretakoak dira; ni, kanpotarra. Haiek nolabaiteko garrantzia eta sinesgarritasuna zuten. Gezurren bidez, nire alaba ni zigortzeko tresna gisa erabili zuten, eta azkenean biok izan ginen biktimak, baina baita erasotzaileen alabak ere; horiek ez ziren bullying-aren biktimak izan, baizik eta portaera oso negatibo batenak. Haien alabek nirearekin egon nahi zuten, baina ez zieten uzten, eta, azkenean, jazarri ere egin zioten. Horrelako heziketa ari dira jasotzen neska horiek.
«Nire alaba ni zigortzeko tresna gisa erabili zuten, eta azkenean biok izan ginen biktimak, baina baita erasotzaileen alabak ere»
Irakasleek zerbait egin al zuten?
Eskolara eta Eusko Jaurlaritzara jotzeaz nekatu egin nintzen. Hasieran, amen kontua zenez, ezin zuten ezer egin. Arazoa ikasgeletara igaro zenean, «haurren kontua» zela iritzi zioten. Baina bullying-a ez da haurren kontua. Haur bat eskolan gaizki pasatzen ari bada, berdin da zer adin duen: neurriak hartu behar dira. Azkenean, 6 urtekoen gelan, tutore batek lagundu zidan; haur psikiatriara bideratu gintuen, protokolo bat ireki zen, eta hemen gaude.
Administrazioak ez al du lagundu?
Haur psikiatriatik pasatu ondoren, familia bitartekari batekin jarri ninduten harremanetan. Hark lortu zuen nik bilera bat izatea zentroko gerentearekin, eta zentroak bertatik joatera gonbidatu ninduen. Itunpeko ikastetxea denez, nahiago dute familia batek alde egitea, hamarrekin edo hamabirekin arazoak izatea baino. Administrazioak asko du egiteko. Ikastetxe guztietan elkarbizitzarako arau bat dago, bullying-aren aurkakoa, ustez; guraso, irakasle eta ikasleen artekoa. Baina hitz hutsak dira. Bullying-aren kontrako elkarte askorekin harremanetan nago, eta guztiak datoz bat administrazioek ez dutela ezertxo ere egiten. Kasu gehienetan, biktimek joan behar izaten dute zentrotik, ez erasotzaileek.
«’Bullying’-aren kontrako elkarte askorekin harremanetan nago, eta guztiak datoz bat administrazioek ez dutela ezertxo ere egiten. Kasu gehienetan, biktimek joan behar izaten dute zentrotik»
Nola sartu zinen bizitza berrian?
Oso beldur ginen biok egoera ez ote zen errepikatuko. Orduan, tutore berriari deitu, eta nondik gentozen kontatu nion. Lehen hiruhilekoa amaitzean, esan zidan ikaskideek ederto hartu zutela Olga. Orain kontzientzia handia du, eta, lagunen bati iseka egiten diotela ikusten badu, defendatzera joaten da, ezin baitu onartu hori.
Erreparaziorik izan duzue?
Haur psikiatrak protokoloa aktibatu zuenean, nik Whatsappez mezu mordoa jaso nuen, irainka, besteen alabak protokolo batean sartu nituelakoan. Liburua argitaratu ondoren, hiru amak deitu zidaten telefonoz, barkamena eskatzeko. Ez ziren fokupean egon, baina gaizki sentitzen ziren arazoa ikusi eta beste alde batera begiratu zutelako. Esan zidatenez, liburu honek kontzientzia piztu zien.
Zer esango zenieke bullying-a eragiten dutenei?
Imajina ditzatela besteak eurak iraintzen eta baztertzen ari direla, edo eraso egiten dietela. Pentsa dezatela nola sentituko liratekeen. Laguntza psikiatrikoa eska dezatela haserrea edo agresibitatea sentitzen badute; biktimek sufritu egiten baitute, baina baita eragiten dutenek ere.
Eta pairatzen dutenei?
Ez dezatela beldurrik izan, eta ez dezatela errurik edo lotsarik sentitu horrelako pertsonekin topo egiteko zorte txarra izan dutelako. Ez daudela bakarrik, elkarteekin harremanetan jar daitezkeela. Eta, gero, beren historia konta dezatela esango nieke, beste biktima batzuei laguntzen baitie horrek, kontzientzia sortzen baitu, gainetik pisu bat kenduko baitute eta kontzientzia sortuko baitute. Eta, batez ere, jakin dezatela egoera horretatik aterako direla.