Mundu libre bat amestu zutenak

Mundu libre bat amestu zutenak

​Gaur, ostadarraren kolorez beteko dira hainbat kale eta plaza. Ekainaren 28a da, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna. Asko dute aldarrikatzeko, borrokatzeko eta irabazteko, atzera begiratuz gero lorpenak agerikoak diren arren. Oraindik ostadarren koloreak lausoak badira ere, are giro grisagoan egin zituzten lehen pausoak. Antonio Kintanak Imanol Alvarezi egindako proposamen bat izan zen EHGAM sortzeko abiapuntua. «Hau esan zidan: zergatik ez dugu Euskal Herrian Gay Liberation Front bat egiten?», gogoratu du Alvarezek. Denboraldi batez, Erresuma Batuan bizi izan zen Kintana, eta han ezagutu zuen Gay Liberation Front delako mugimendua. Alvarezek, hala ere, lehenengoetan ez zuen itxaropen handirik: «Uste nuen hemen ez zela posible halako zerbait sortzea. Jendea matxistegia zen, oso heterosexista, eta erlijioak eta Elizak sekulako pisua zeukaten». Dena dela, ez zuen amore eman, eta lagunduko ziola esan zion Kintanari: «Saiatzea libre zen». 1976ko Durangoko Azokan izan zen hori, eta EHGAM testuinguru horretan sortzeak esanahi berezia duela nabarmendu du: «EHGAMen sorrera euskal kulturarekin lotzea gustatzen zait; berezia izan zen guretzat».

Hala, lanean hasi ziren bi kideak. «Ez genekien oso ondo nondik hasi», aitortu du Alvarezek. «Gure artean hitz egiten hasi ginen, gure beharrizanak eta nahiak elkarrekin banatzen, baina zirkulua handitzea funtsezkoa zen». Sare sozialik ez zegoenez, prentsan gutun bat argitaratzen ahalegindu ziren, baina «ez zegoen modurik». Alvarezek Anaitasuna aldizkarian laguntzen zuenez, Joan Mari Torrealdai zuzendari izendatu zutela jakin zuen, eta harekin elkarrizketa bat izan ondoren, gutuna publikatu zien.

«Franko hil berria zen, frankismoaren tunel ilunetik irten berriak ginen, eta gizarteak, oro har, ikusi, ikasi eta egin nahi zuen».
IMANOL ALVAREZ EHGAMeko kidea

Handik gutxira izan zen EHGAMen jendaurreko aurkezpena, eta, orduan ere, gakoa izan zen Torrealdai. «Guk ez geneukan lokalik, eta Torrealdai frantziskotarra zen. Bilboko Irala kalean frantziskotarrek zeukaten lokaletako batean elkartu ginen». Lehen agerraldi hura taldea martxan jartzeko deialdia izan zen; 30 bat lagun elkartu ziren. Hala hasi zen mugimendua hedatzen, eta, apurka-apurka, gero eta gehiago ziren: «Uste genuen baino errazagoa izan zen azkenean». Hala ere, lokalik gabe jarraitzen zuten: «Auzo elkarteei, sindikatuei… euren lokalak uzteko eskatzen genien, baina momentu batean nekatu egin ginen horrenbeste mesede eskatzeaz, eta tabernetan biltzen hasi ginen». Gerora, Zazpikatu izan zen euren lokal ofiziala, Bilbon. Erakunde publikoek ere nekez eman zieten babesik, Alvarezek gogoratu duenez.

Gazteak eta emakumeak faltan

EHGAM sortu zeneko garaia gakoa izan zela uste du Alvarezek: «Franko hil berria zen, frankismoaren tunel ilunetik irten berriak ginen, eta gizarteak, oro har, ikusi, ikasi eta egin nahi zuen». Hala, loratuz joan ziren pixkanaka: «Gizartea egungoa baino matxistagoa zen, baina gauzak egiteko gogo handia zegoen».

Jaime Mendia 1990eko hamarkadaren erdialdean hasi zen Gazte-EHGAM taldearen ekinaldietan parte hartzen. «Unibertsitatea amaitu nuenean sartu nintzen gazte taldera, eta handik gero EHGAMera», esan du Mendiak. Urteotan guztietan aktibo mantendu zen taldea, baina gerora «inplikazio falta» ere nabaritu dute kasu batzuetan: «1990eko hamarkadan sexu berekoen arteko ezkontza onartu zen, eta hor indartsu ibili ginen. Gerora, baina, gorabeherak izan ditugu, edozein mugimendu sozialetan bezala».

1979ko LGTBIQ Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon, Arriaga paretik pasatzean, ekainaren 22an. EHGAM

Egun, gogoeta betean daude, EHGAM berrirudikatzen laguntzeko. «EHGAM beti izan da gizonezkoen eta emakumezkoen taldea», adierazi du Alvarezek; «transexualak ere bazeuden». Hala ere, joan den maiatzean mugimenduko kide historikoak omendu zituzten, eta ez zen emakumerik agertu. Alvarezek gogoratu duenez, hasieran haiekin egondako andre batzuk lesbianen taldeetara joan ziren. Daniela Becerra mugimenduko kidearen hitzetan, EHGAM «gizon marika zurien» gunea dela uste da kasu askotan: «Ideia hori apurtzeko lanean ari gara gaur egun. Ni, esaterako, emakume migrantea, arrazializatua eta lesbiana naiz, besteak beste. EHGAM mugimendu oso zabala da, askotariko jendea gaude ordezkatuta, eta hori oso aberasgarria da».

«1990eko hamarkadan sexu berekoen arteko ezkontza onartu zen, eta hor indartsu ibili ginen. Gerora, baina, gorabeherak izan ditugu».
JAIME MENDIA EHGAMeko kidea

2021ean KOSA Koronabirus Osteko Sexu Askapena hausnarketa saioa egin zuten aro berri bat hasteko asmoarekin. Hiru helburu nagusi zehaztu zituzten: mahai gainean jartzea Euskal Herriko «sexu askapen mugimenduaren beharrei oso lotuta dauden gaiak»; EHGAMen ekintza politikoarekin bat egiteko deia egitea «pertsona eta subjektibotasun disidente sexu-generiko guztiei»; eta EHGAMen ibilbide berria birpentsatzea.

Horrez gainera, bestelako mugimendu batzuekin elkarlanean dabiltza une oro, eta hori da mugimenduaren oinarrizko balioetako bat, Mendiaren ustez: elkartasuna. «Indarrean dagoen sistemak gu zapaltzen gaitu, baina baita beste hainbat mugimendu ere. Sistemaren kontra borrokatu nahi badugu, elkarrekin egin behar dugu».

Helburu antzekoak

EHGAMen sorreratik hona, helburuak ez direla askorik aldatu nabarmendu dute mugimenduko kideek, baina bilakaera bat ere izan du, oro har. «Garaian garaikora egokitzen joan gara, baina gizarte libreago bat, justuago bat izatea dugu xede, denok libreki bizi gaitezen», nabarmendu du Becerrak. Horregatik, beste borroka batzuekin elkartu izan dira hasieratik EHGAMeko kideak: feminismoa, nuklearren aurkako mugimendua, antimilitarismoa, euskararen aldekoa… Eta orain ere LGTBI kolektiboaren aldarrikapenetatik harago doaz EHGAMenak. Adibide batera, azken aldian Putas en lucha kolektiboarekin eta Palestinako auziarekin bat egin dute. «Gure artean aniztasun handia dago, eta horri esker errealitate asko ezagutzen ditu. Gure pentsamendua aldatzen eta zabaltzen da», azpimarratu du Becerrak.

Hala ere, egunean eguneko arazoak dituzte erdigunean. Gaur egun, esaterako, ostadar zuriketa delakoa da mugimenduaren kezka nagusietako bat. Horren harira, Bilbo Bizkaia Harro jaialdiari boikot egitera deitu dute, «LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak merkantilizatzen dituelako».

«Ni emakume migrantea, arrazializatua eta lesbiana naiz. EHGAM mugimendu oso zabala da, askotariko jendea gaude ordezkatuta».
DANIELA BECERRA EHGAMeko kidea

Argi adierazi du EHGAMek: Bilbo Bizkaia Harro jaialdiak «ostadar zuriketa» egiten du. «Ospakizun hori erdi eta goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatu asmo duen plan merkantilista baten parte da, eta horren atzean LGTBI+ mugimenduak Bilbon eta Bizkaian dituen behar, arazo eta aldarrikapen errealekiko erabateko interesik eza ezkutatzen du», nabarmendu du elkarteak, eta erantsi du jaialdi horien helburu bakarra «negozioa egitea» dela.

1. Korrika, Bilbon, 1980an. EHGAMek lekukoa eraman zuen Cantalojas zubitik Iralara arte. EHGAM.

«Horrelako plan merkantilistak alderdi politiko neoliberalek borroka aldarrikatzaileak eta emantzipatzaileak asimilatzeko duten estrategia baten parte dira», gogorarazi du EHGAMek. «Halako alderdien helburua da LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenerako grina murriztea eta Harrotasunaren Egunaren espiritu kritikoa desagerraraztea, diru publikoz finantzatutako ekitaldi handien bidez».

Orain indartsuago, gero makalago: gorabeheratsua izan da EHGAMen bilakaera. Azkenaldian suspertzen ari dira berriro. Dena den, Alvarezek garai batean izaten zituzten eztabaida ideologikoen falta sumatu du. Mendiak azaldu duenez, euren indarren %80 unean uneko arazoei eta premiei erantzuteko baliatzen dituzte: «Ez dago denborarik beste ezer prestatzeko; egunerokotasuna dugu lehentasuna». Izan ere, «askatasuna» dute helburu.

Gaurko deialdiak

Bilbo. 19:30ean, manifestazioa, Casillatik abiatuta. 
Durangaldea. 17:00etan, kalejira, Durangoko udaletxetik Abadiñoko Matienara. 19:00etan, manifestazioa, Matienan. 22:00etan, Akelarre Transmaribibolloa, Matienako Isiotun.
Algorta (Getxo). 19:30ean, manifestazioa, Telletxetik abiatuta.