Azken urteetan hainbat baimen eskaera egon dira Bizkaian eta Enkarterrin parke eolikoak eraikitzeko. 2022an agertu zen lehen proiektua, eta hark eragindako kezkari erantzuteko hasi zen lanean Enkarterri Bizirik plataforma. Gaur egun zazpi proiektu daude mahai gainean, eta ezinegona nabarmen areagotu da eskualdean. Hainbat informazio kanpaina eta protesta egin dituzte, baita alegazioak aurkeztu ere. Azkena, joan den maiatzean, Kolitza mendian, azken proiektuaren berri izatean. Orain, pauso bat gehiago eman dute: Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrekiko Hartu-emanetarako Batzordean izan dira, eta Batzar Nagusiei eta Bizkaiko Foru Aldundiari babesa eskatu diete. Izan ere, Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko teknikariek egindako ingurumen txostenak «oso gogorrak» izan dira proiektuon aurka, ingurumenean eragingo luketen kalteagatik.
Plataformako kide Josu Belmotek azpimarratu du ingurumen teknikariek sei txosten egin dituztela dagoeneko. «Teknikariek ohartarazi dute proiektu hauek ez dutela betetzen ingurumen babeserako legedia, eta legedi hori diputazioak berak sortutakoa da. Besteak beste, esaten dute sai zuria arriskuan jarriko dutela, eta proiektuetan jaso diren kalteak gutxitzeko neurriek ez dutela konponduko arazoa». Horregatik, plataformakoek uste dute diputazioak ahalegina egin beharko lukeela berak onartutako araudia betetzen ez duten proiektuak geldiarazteko. Kontraesana ikusi dute, gainera, erakunde batzuen eta besteen jarreran: «Foru teknikariek aurkako txostenak egiten dituzten bitartean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretarako Sailak babestu egiten ditu».
«Energia berriztagarrien azpiegiturak eraikitzeak eta mantentzeak, energia sortzeak eta garraiatzeak ingurumenean aztarna handia uzten du».
JOSE LUIS GONZALEZ Enkarterri Bizirik plataformako kidea
Plataformako kideek argi utzi dute ez daudela energia berriztagarrien aurka: «Trantsizio garbi eta berriztagarria behar dugu, baina horretarako ikusi behar dugu zenbat energia behar dugun, enpresek eta ideologiek diotena gorabehera», adierazi du Jose Luis Gonzalezek. Plataformakoen arabera, eskualdeak behar duen energia baino %12 edo %18 gehiago ekoitziko lukete parkeok. «Ez du zentzurik». Gainera, Gonzalezek ohartarazi du energia berriztagarriak ez direla ezinbestean garbiak: «Azpiegiturak eraikitzeak eta mantentzeak, energia sortzeak eta garraiatzeak ingurumenean aztarna handia uzten du. Presa sortu zaigu klima larrialdiari aurre egiteko, eta erabaki okerrak hartzen ari gara».
Berriztagarrien plana
Zehazki, parke eoliko horiek eskualdean eragingo luketen kaltea «izugarria» da, plataformakoen ustez: paisaia industrializatuko dute, hegaztien migrazioak oztopatuko dituzte, landa eremuak zatitu eta mugatuko dituzte, lurrak eta etxebizitzek balioa galduko dute, eta ingurumenari kalte egingo diote. Hala, Bizkaiko Batzar Nagusiei proiektu horien aurka agertzeko eskatu die Enkarterri Bizirik plataformak. Taldearen ustez, Batzar Nagusiek ohartarazi beharko lukete Enkarterriko Lurralde Plan Partzialaren eta inguruko udalerrietako hirigintza planen aurka doazela. Gainera, iruditzen zaie Eusko Jaurlaritzak ez lukeela horrelako proiekturik baimendu behar Eusko Legebiltzarrak EAEko Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala onartu arte, eta nahi dute Bizkaiko Batzar Nagusiek hori esan diezaiotela Jaurlaritzari.
«Teknikariek ohartarazi dute proiektu hauek ez dutela betetzen ingurumen babeserako legedia, eta legedi hori diputazioak berak sortutakoa da».
JOSU BELMONTE Enkarterri Bizirik plataformako kidea
Batzorde horretara joaten diren herritarrek eta eragileek euren kezken eta eskaeren berri ematen dute, baina bilkuran ez dute erantzun zehatzik jasotzen. Hala ere, batzarkide taldeek iritzia ematen diete. Foru gobernua babesten duten EAJk eta PSE-EEk esan diete «adostasuna» lortzea ezinbestekoa izango dela. Gorka Beitia EAJko kideak ohartarazi du nahiz eta energia aurreztea ezinbestekoa izan mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua egiteak «kontsumoa handitzea» ekarriko duela datozen urteetan. Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagaren ustez, gutxi erreparatu zaie proiektuok eskualdean izango dituzten ondorio sozioekonomikoei. PPko Raquel Gonzalezek kezka agertu du «inork» ez duelako nahi horrelako azpiegiturarik «etxe atarian». EH Bilduko Aitor Llanok ohartarazi du trantsizio energetikoak «mailakatua» izan behar duela.