Galiziarra da emakumea; haren amak monasterio batean utzi zuen jaioberria zela. Bilboko gizon bat ezagutu zuen, abandonatua orobat hiribilduko Erruki Etxean. Maitemindu egin ziren, eta abandonatutako haur bat adoptatu zuten gerora, Bilbon, ilegalki, eta Parisera eraman zuten. «Zergatik batu gara hiru umezurtz horiek: ama, aita eta hirurok? Nolatan gertatu da hori? Francoren diktadura gure historian dago: 1940ko urteetan, aita eta ama abandonatuak izan ziren, eta horrek asko esaten du garaiko miseriaren inguruan». 27 urterekin, adoptatua zela jakin zuenean, Maria Larrea zinemagile eta idazleak (Bilbo, 1979) ikerketa bat abiatu zuen, bere jatorria argitzeko, eta, bidean, adoptatu zuten gurasoen historiaren berri izan zuen.
Fikzioz jantzita, 2022an eman zuen argitara familiaren kontakizuna, Les gens de Bilbao naissent où ils veulent (Grasset & Fasquelle), eta gaztelaniazko itzulpena aurkeztu zuen maiatz bukaeran, Bilboko Liburu Azokan: Los de Bilbao nacen donde quieren (Alianza, 2023; Bilbokoak nahi duten lekuan jaio dira). «Sei hizkuntzatara itzuli dute, baina euskarara ez, oraingoz. Euskara aitaren hizkuntza da: Julian deitzen zen, eta amorratu egiten zuen euskal izenik ez izateak eta euskaraz ez jakiteak. Sentitzen zuen frankismoak bere identitatearen zati bat ostu ziola».
Liburuaren bukaeran, Joxean Artzeren Txoria txori poema agertzen da. Zer toki eduki du euskarak zure bizitzan?
Niretzat, oporretako hizkuntza zen. Bilbon pasatzen genituen udako oporrak, eta, dena itzulita zegoenez —Bilbao-Bilbo, Bienvenidos-Ongi Etorri, Salidas-Irteerak…—, euskal hitzen lezio bat izaten zen; ilusioa egiten zidan. Edo Bat, bi, hiru, lau abesten genuen, zenbakiak ikasteko…
Aipatu izan duzu adoptatua zarela jakin aurretik ere kezka zenuela zure identitatearen inguruan. Zergatik?
Nire bizitzan, dena zen bikoitza: bi hizkuntza, bi gizarte klase… Ezerk ez zuen zentzurik. Ez zen existentzia osatu bat, betea, biribila; jada hautsita zegoen, gurasoen erbestearengatik eta tristuragatik.
Liburuan diozu hiru laguneko «mikrofamilia» bat zinetela, eta, nukleo horretatik aparte, harremanak urriak zirela.
Bai. Kale berean, Donostiako migratzaile familia bat ere bizi zen, eta oso ondo moldatzen ginen. Baina ez zegoen ez lehengusurik, ez izeba-osabarik, ez aitona-amonarik. Erantsiek osatzen zuten familia: baztertuek, migratzaileek… Ezberdinak ginen.
«Nirea ez zen existentzia osatu bat, betea, biribila; jada hautsita zegoen, gurasoen erbestearengatik eta tristuragatik»
Gizartetik aparte sentitzen zinen?
Nahiko. Eskolako umeek ez ninduten gonbidatzen beren urtebetetze festetara. Amak etxeak garbitzen zituen, eta eremu oso burges batean bizi ginen; ez zegoen nahasketarik, ghetto bat zen. Nire gurasoek ghetto horretan egon nahi zuten, baina ni apur bat atera nintzen adin batetik aurrera.
Zergatik egon nahi zuten ghettoan? Babesa ematen zien?
Uste dut txarto sentitzen zirela ez zekitelako hango hizkuntza eta ez zutelako baliabide ekonomikorik. Gogorra da migratu behar izatea miseria ekonomiko eta afektiboaren ondorioz… Frantziara joan zirenean, 1972an, jende nahiko apurtua ziren, eta uste zuten hemen baino bizitza askoz hobea edukiko zutela. Amets bat zen, eta ihes egiteko modu bat. Baina ihes egiten denean, aldendu arren, sufrimendua eta zailtasunak norberarekin eramaten dira.
Trantsizio garaian jaio zinen, baina Frankismoarekin lotzen duzu zure adopzioa. Zergatik?
Uste dut garai hartako ondorioa dela. [36ko] Gerra garaian, andre errepublikanoen haurrak ostu zituzten; 1960ko urteetan, moral kristauaren aitzakiarekin, zentro batzuk zabaldu ziren Bilbon, neskak abortutik babesteko, baina haurren salmenta guneak bihurtu ziren berehala. Ez ziren doakoak: nire gurasoek ordaindu egin zuten, ez nire ama biologikoari, baina bai klinikari eta medikuari.
Zentro horietaz hitz egiten duzu: kontatzen duzu nola ezkutatzen zituzten haurdun zeuden gazteak, nolakoa zen klinikako giroa… Dokumentazio historikoa ere bilaketaren parte izan da?
Ez da dokumentazio historikoa: kontu horien berri daukat adoptatuen elkarteekin dudan harremanagatik eta pisu horietan egon ziren amekin hitz egiteagatik. Ez ditut lekukotza horiek bilatu; haiekin topo egin dut nire historiaren bila nenbilenean. Hala, poliki-poliki, bildu ditugu datuak, datak, kliniken izenak… Adoptatu asko elkartu ginen, baina ama batzuk heldu zirenean jakin genuen benetan zer gertatzen zen: haiek deskribatu ziguten nola funtzionatu zuen Bilbon haurren salerosketak 1960ko urteetatik 1980koetara.
Noiz arte iraun zuen, zehazki?
Nik ezagutu ditudan gazteenak 1981-1982koak dira. Ni azkenetakoa naiz. 1980ko hamarkadaren erdialdean klinikak ixten hasi ziren.
«[36ko] Gerra garaian, andre errepublikanoen haurrak ostu zituzten; 1960ko urteetan, moral kristauaren aitzakiarekin, zentro batzuk zabaldu ziren Bilbon, neskak abortutik babesteko, baina haurren salmenta guneak bihurtu ziren berehala»
Zure jatorriaren bila joan zinen Bilboko erregistro zibilera; jakinarazi zenien jaiotza agiria ez dela zuzena, zu adoptatua zarelako, eta, handik gutxira, Poliziak deitu zizun: zure DNA konparatu nahi zuten klinika berean hamabost minutuko tartearekin jaio zen haur batenarekin. Zure harridurari erreparatuta, ondoriozta daiteke ez zenuela asmorik bide judizialetik joateko…
Ez nuen aurreikusita. Detektibe pribatu bat kontratatua nuen… Nire nahasmenduetako bat da errudun sentitzen naizela, ezer egin ez dudan arren. Ez naiz inoiz Poliziarengana joaten; beldur handiagoa eragiten dit, babesa baino. Poliziak ama aipatu zuenean, esan nion hura ere biktima bat zela… Uste nuen kartzelan bukatuko zutela. Azkenean, ez zen ezer gertatu, baina nik ez nuen asmorik bide judizialetik ekiteko: nire jaiotza agiria faltsua da, eta erregistro zibilean sinatuta dago; hau da, litekeena da erregistro zibilak adopzio ilegal horien berri izatea. Nola sentitu ninteke seguru? Ez dakit noraino zeuden sartuta…
Prozedura judiziala zabaldu zuten pentsatu zutelako ostutako haur bat izan zintezkeela, ezta?
Bai. Eta, garai hartan, nik ere hori pentsatzen nuen; posible zen.
Noiz itxi zuten prozedura?
DNAk ez zuenean kointziditu, kasua itxi zuten, ez baitzuten beste zantzurik: ez zuten topatu erregistrorik, artxiborik, jenderik… Bilatzeari utzi zioten. Nire ama biologikoa topatu nuenean ziurtatu nuen ez nintzela ostutako haur bat.
Liburuarekin hasi zinenean, galdera hau omen zenuen buruan: «Zer da familia bat?» Topatu duzu erantzuna?
Ez. Oraindik hausnartzen ari naiz. Gu familia bat ginen, baina aldendu egiten ginen familia onaren ideiatik, fikzioan, telebistan eta argazkietan ikusten diren familia ereduetatik. Oraindik zalantzan jarri behar dudan ideia eta egitura bat da.