Gutxienez abendura arte ez dira hasiko Artatza eta Portugalete lotuko dituen urpeko tunela eraikitzen, proiektua onartzeko fasea luzatzen ari baita. Izan ere, joan den azaroan aurreproiektua berrikusteko erabakia hartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, inguruko etxebizitza eta ikastetxeetan eragingo dituen ondorioak gutxitzeko zuzenketa batzuk egin gura izan dizkiolako. Inguruko bizilagunek proiektuari ipinitako 75 alegazioetatik 57 onartu ditu aldundiak. Hala ere, kezkatuta jarraitzen dute Getxo, Leioa eta Portugaleteko herritar eta eragile askok. Horregatik, tunelaren aurka borrokatzeko Subflubiala Ez plataforma aurkeztu zuten martxoan, eta bihar, proiektua bertan behera uzteko eskatzeko, manifestazioa egingo dute: 19:00etan abiatuko dira Getxoko Areetako metro geltokitik.
«Gizarte moduan hartu behar dugun norabidearen kontrakoan doa tunelaren proiektua», azaldu du plataformako kide Hodei Rodriguezek. «Ekarriko duen bakarra izango da ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzea, eta trafikoa gehiago handituko da. Hori foru aldundiak berak ere onartzen du». Izan ere, proiektua onartzeko prozesuan, besteak beste, ingurumen eragina neurtu behar izan dute. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak egin du txostena, eta han jasotzen diren datuak dira Rodriguezek azpimarratu dituenak.
[articles:2126533]
Sener, Idom eta Euskontrol ingeniaritza enpresena da tunelaren proiektua, eta, aurreproiektuan jaso dutenez, 2028an, tunela inauguratuko denean, 54.000 ibilgailuk erabiliko dute lanegunetan. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak hortik aurrera zer gerta daitekeen kalkulatu du txostenean. 2019a hartu dute erreferentzia moduan, COVID-19aren izurriak mugikortasunean eragin aurreko azken datua delako. 2019tik 2038ra trafikoa Bizkaian %21 areagotuko dela kalkulatu dute ingurumen teknikariek; 2048rako, berriz, %33. Beraz, tunela ireki eta hogei urtera egunero 54.000 ibilgailuk erabili beharrean 62.000k erabiliko dutela uste dute. Hala ere, txostenak berak dio ibilgailu gehiago izan arren horiek egingo luketen ibilbidea laburragoa litzatekeela, eta, beraz, sortuko luketen kutsadura ere bai.
Tunela egiteko asmoa 2018an iragarri zuen aldundiak. Azpiegitura berriarekin zera lortu nahi du, egunero Leioan BI-637 errepidean, Arrontegiko zubian eta Barakaldoko Max Centerreko lotunean egoten diren auto pilaketak aurrerantzean ez egotea. Rodriguezek esan duenez, Subflubiala Ez plataformako kideek bat egiten dute diputazioak egindako diagnostikoan: «Auto pilaketekin arazo bat dago, eta konponbide bat eman behar zaio. Baina foru aldundiak aukeratu duena okerra da, eta, gainera, badakite: tunela eraikitzeko asmoz jarraitzen duten arren, Arrontegiko zubia handitzeko asmoa ere iragarri dute; nolabait aitortu dute auto gehiago erakarriko dituela». Urtarrilean jakinarazi zuten trafikoa arintzeko lerroak berrantolatuko dituztela, lautik bostera pasatzeko.
«Foru aldundiak aukeratu duena okerra da, eta, gainera, badakite: nolabait aitortu dute auto gehiago erakarriko dituela».
HODEI RODRIGUEZ Subflubiala Ez plataformako kidea
Are gehiago: inguruko herrietan ere trafikoa areagotuko dela iritzi diote plataformakoek. Besteak beste, Larrabasterrako Akilino Arriaga kalea aipatu du Rodriguezek: «Gaur egun arazo handiak ditu, eta tunela zabaltzean gehiago izan ditu». Hain zuzen, Sopelako Udalak tunelaren aurkako mozio bat onartu du oraintsu, eta Getxoko udalbatzan oposizioak azpiegiturak herritarrei eragingo dizkien kalteez ohartarazi du. Esaterako, Getxo eta Leioa artean dagoen Artatzako parkearen heren bat hartuko dute tunelaren obrek, eta hango arbolak bota beharko dituzte. Kalte handiak sufrituko ditu Itzubaltzeta-Romo institutuak ere, patioaren zati bat kenduko dietelako, eta obrek sortutako zaratak eta kutsadurak bete-betean harrapatuko dituelako.
[articles:2126481]
Gainera, plataformakoen esanetan, tunela ez da bakarrik etorriko. Diputazioak azpiegitura berri gehiago dauzka pentsatuta Uribe Kostarako. Batetik, Sopela eta Urduliz artean saihesbide bat eraikitzeko asmoa du. Bestetik, Leioan, Euskal Herriko Unibertsitatera igotzeko autobide bat egin nahi dute Kurkudi inguruan; «herrian geratzen den azken berdegunea da», dio plataformak. Uste dute horiek ere auto pribatuaren erabilera bultzatuko dutela.
Bestelako politikak
Plataformakoen arabera, gehiegizko trafikoarentzako konponbide egokienak honako hauek dira: garraio publikoa indartu; bizikleta bidezko garraioa sustatu; eta hirigintza planifikatzeko orduan beste eredu bat lehenetsi, jendea egunerokoan gutxiago mugitu behar izateko. Milaka lagun joaten dira egunero Uribe Kostatik eta Ezkerraldetik Txorierrira, aireportura, industrialdeetara edo parke teknologikora. «Oso trafiko handia dago, baina oso gutxi dira garraio publikoz mugitzen direnak. Foru aldundiak emandako datuen arabera, Ezkerraldetik eta Eskumaldetik Txorierrira doazenen %6 baino ez dira joaten garraio publikoan», ohartarazi du Rodriguezek. Esan du asko dagoela hobetzeko. «Eskaintza zabaldu behar da, eta dagoena hobetu», jendearentzat «erosoagoa» izan dadin garraio publikoan mugitzea.
Gaur egun, Ezkerraldea eta Txorierri lotzen dituen autobus bakarra dago: Barakaldotik irteten den Bizkaibusen lineakoa. Datorren urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak herriarteko autobus bidezko garraioa berrantolatzeko prozesua abiatuko du, eta Rodriguezek esan du metropoliko lotura horiek hobetzeko baliatu beharko lukeela. Aurten Sopelako, Plentziako eta Urdulizko udalek metroaren maiztasuna handitzeko eskatu dute: haien herrietatik hogei minutuan behin igaro ordez hamahiru minutuan behin pasatzea nahi dute. Bilboko Metroak ez du onartu eskaera, ez delakoan bideragarria. Rodriguezek txarretsi du zerbitzua hobetzeko aukera galdu dela. Lutxanatik Txorierrirako trena orduero dabilela ere aipatu du; sarriago ibiliko balitz, erabiltzaile gehiago lituzke, haren iritziz.
«Garraio publikoa zenbat eta gehiago indartu, orduan eta gutxiago erabiltzen da auto pribatua: azken urteotako tarifa merkatzeekin ikusi dugu», azaldu du plataformako kideak. Foru aldundiaren ikerketetara jo du berriro, baieztapen hori berresteko. Duela hogei urte baino gehiago hasi zen diputazioa Bizkaiko errepideen erabilera urtero aztertzen. Bizkaian dauden 1.246 errepide kilometroetan 520 neurgailu ipini zituen iaz, eta oraintsu aurreratu ditu emaitzetako batzuk. Iaz, 2022an baino %0,2 ibilgailu gutxiago ibili ziren herrialdeko bideetan; pandemia aurrearekin alderatuz gero (2019), %3koa da jaitsiera. Bereziki, Bilborako sarbideetan igarri da beherakada: %2,8koa, 2022tik; %7,3koa, 2019tik. Arrontegiko zubian bertan ere nabaritu da: Bizkaian trafiko handiena duen lekua izan arren, %2 apaldu da urtebetean handik igarotzen den auto kopurua, eta %6 kamioiena.
Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako orduko foru diputatua eta Unai Rementeria Bizkaiko orduko ahaldun nagusia, 2018ko maiatzean, Bilboko Foru jauregian, Artatza eta Portugalete arteko tunela aurkezten. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Txostenak berak eman ditu aldaketa justifikatzeko gakoak: batetik, izurriak lan egiteko moduak aldatu ditu, eta badago etxetik lan egiten duen jendea; bestetik, erregaien garestitzea dela eta, azken bi urteotan garraio publikoaren tarifak diruz lagundu dituzte erakunde publikoek. «Erraztasunak ipiniz gero, jendeak autoa etxean utzi eta garraio publikoaren aldeko hautua egiten du. Erabakiak bide horretan hartuz gero, itsasadarreko tunelak eta halako azpiegiturek ez lukete zentzurik izango», nabarmendu du Rodriguezek.
450 milioiko inbertsioa
Proiektua aurkeztu zutenean, 450 milioi euroko inbertsioa egin beharko zela esan zuen diputazioak. Subflubiala Ez plataformak uste du gehiago izango dela, «beste azpiegitura batzuekin gertatu den bezala; esaterako, Bilbo hegoaldeko saihesbidearekin gertatu bezala». Europako Inbertsioen Bankuak 200.000 euro ipiniko dituela iragarri du. Europako Batasunaren bankuak esan du «sakon» aztertu duela proiektua ekonomia, gizarte, ingurumen eta teknika alorretatik, eta «iraunkorra» dela ondorioztatu du. Gainera, iaz, foru aldundiak esan zuen autobideaz gain tren lotura bat ere izango duela tunelak, Bilboko Metroaren lehen eta bigarren lineak batzeko. Europako Inbertsioen Bankuak uste du horrek «balio erantsia» emango liokeela tunelari. Bizkaiko Garraio Partzuergoa proiektuaren alde hori aztertzen dabil oraindik, baina diputazioak ziurtzat eman du azkenean onartuko dela.
Itsasadarreko tunela eta Bilbo hegoaldeko saihesbidea.
Duela urte bi egindako agerraldi batean eman zuten lotune horren berri. Imanol Pradales orduko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak esan zuenez, Areetako eta Sestaoko metro geltokiak lotuko lituzke, lau minutuan behin; horri esker, erabiltzaileek hogei minutu aurreztuko lituzkete bidaian, ez luketelako Bilboko San Ignazio auzoko geltokiraino joan beharko linea aldatzera. «Aireportuetan ikusten ditugun lotura tren horietako bat izango da, people mover delakoa», azaldu zuen Pradalesek.
Rodriguezek adierazi du plataforman ez dutela aztertu itsasadarraren bi ertzak lotzeko garraio publikoa hobetu beharko litzatekeen, eta, beraz, ez dute tren lotura horren inguruko iritzirik. Hala ere, haien iritzian, hartu beharreko neurrietako bat litzateke errepideotan autobusentzako bide bat sortzea. Bestalde, oinezko eta bizikletazko komunikazioa hobetzeko, Erandio eta Barakaldo artean All Iron izeneko zubia eraikitzen ari da diputazioa.