Iñigo Crespo kazetariari eta Tomas Ondarra irudigileari Athleticeko Genuine taldearen istorioa bilduko zuen liburu bat sortzeko eskatu zieten. Crespok gogoratu duenez, Ondarraren estudioan bildu ziren lehenengoz. Esan zieten Esteban Feijoo entrenatzaileak kontatuko ziela jakin beharreko guztia, eta Espainiako Ligaren eta Athleticen web orrietan izango zituztela datuak. Daborduko bost denboraldi izan ditu Espainiako Genuine ligak, eta bostetan irabazi dute zuri-gorriek. «Hauek bai txapeldunak!», pentsatu zuen Crespok. Web orrietan arakatu, eta susto handia hartu zuen. «Buruz nabil, baina horrelako zeozer izan zen. Lehen partida: Albacete 4–Athletic 0. Bigarrena: Athletic 0–Sporting 2. Hirugarrena: Las Palmas 3–Athletic 0. Emaitza: Athletic txapeldun. Baina zer da hau?!».
Ondarrari deitu zion kezkatuta, esanez arazo bat zutela, datuak oker zeudelako. «Estebani deitu genion, eta orduan ulertu genuen zer den Genuine taldea. Zur eta lur geratu ginen. Hau ez da gol kontua; hemen garrantzitsuenak dira elkartasuna, kirol espiritua, adiskidetasuna eta Athleticen balioak; zoritxarrez, eguneroko bizitzan falta zaizkigun printzipioak». Batez ere, balio horietan lehiatzen dira adimen ezintasuna duten jokalari zuri-gorriak, eta orain arte txapeldun izan dira, «eredugarri», Feijook kontatu duenez: «Ligako partidetara joaten ginenean, zelaira irteten ginenean, gure taldea ezberdina zen: gainontzekoek beroketak egiten zituzten bitartean, guk dantzan egiten genuen. Guretzat hau guztia amaigabeko jai bat da!».
Feijook gogoan du behin aurkarien entrenatzailea gerturatu zitzaiela, dantzan zebiltzala: «’Baina zer egin duzue? Oraindik ez gara lehiatzen hasi, eta dagoeneko irabazi duzue’, esan zigun. Orain guztiek imitatzen gaituzte». Genuine ligan hiru txapeldun aukeratzen dira denboraldi bakoitzean: Kirolaritasun txapelduna, Adiskidetasun txapelduna eta Fair Play txapelduna. Azken arlo horretan lortu ditu Athleticek bost garaikurrak. «Batzuetan aurkariei golak sartzen uzten diegu, gero haiekin ospatu ahal izateko», kontatu du Feijook.
«Futbolak aukera eskaintzen die nor diren erakusteko. Urte luzez gizartean aparte izan ditugu; orain, erdigunera etortzeko bide bat ireki zaie, eta aprobetxatzen ari dira».
ESTEBAN FEIJOO Athleticeko Genuine taldeko entrenatzailea
Gainera, Crespok gogoratutako emaitzak ere ez dira zuzenak: hainbatetan irabazi dute Athleticekoek. Lehen garaipena 2017ko urriaren 8an lortu zuten, Coruñako (Galizia) Deportivoren kontra: 2-1 bukatu zen norgehiagoka. Lehen denboraldiko lehen fasean izan zen, zuri-gorriek ligan jokatutako hirugarren partidan. Izan ere, Espainiako Genuine ligaren funtzionamendua berezia da: faseka jokatzen da; lau denboraldiko. Fase bakoitza, hiri batean, asteburu batean. Han biltzen dira lehiatuko diren talde guztiak. Zelaian zazpi jokalari eta atezaina izaten ditu talde bakoitzak; andre eta gizon nahastuta, baina guztiek, gutxienez, %33ko adimen ezintasuna izan behar dute. Lau parte izaten ditu partidak, hamar minutukoak. Ez dira golak kontuan hartzen; irabazi dituzten parteak zenbatzen dira.
Athletic Genuine taldekoak Espainiako Genuine ligan lortutako garaikurrarekin, 2018ko urrian, Bilboko San Mames zelaian, gizonezkoen Espainiako Ligako Athletic-Valentziaren arteko partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Crespok eta Ondarrak bukatu dute liburua, eta dagoeneko kalean dago. Feijook kontatutakoa ez ezik, taldeko jokalariekin hitz egindakoa ere bildu dute. Yo soy Genuine du izena (Ni Genuine naiz), eta joan den astean aurkeztu zuten, Bilboko BBK aretoan egindako jai batean. Taldekideak, familiak, liburuaren egileak, Athleticeko ordezkariak eta hainbat agintari politiko elkartu ziren; guztira, hirurehun lagunetik gora. Ez ziren musika eta umorea falta izan. Anekdotak kontatu zituzten, eta hunkitu egin ziren.
Athleticeko Genuine taldearen abiapuntua Athletic fundazioak lehenagotik zuen beste proiektu batean dago, Feijook gogoratu duenez: «Ahaleginak izeneko proiektu bat genuen, adimen urritasuna duten gaztetxoekin». Esaterako, garai hartatik, duela hamarkada luze batetik, ezagutzen dute elkar Feijook eta gaur egun Genuineko hiru kapitainetako bat den Josu Uriguen zornotzarrak. Espainiako Ligak Genuine liga sortu zuenean, Athleticek han lehiatuko zen taldea sortzea erabaki zuen.
Oroitzapenak eta ametsak
Ahaleginak eta Genuine egitasmoak hainbat elkarterekin batera bultzatu ditu Athleticek: Gorabide, Adizmi, Fundacion Sindrome de Down eta Durangaldeko Geu Be. Azken horretako kide da Saioa Ortiz; Uriguenekin eta Jon Ander Gilekin batera da kapitain. Ortizek gogoan du Athleticera joateko gonbidapena iritsi zitzaionekoa: «Nire ama aretoko futbol taldeko beste ama batzuekin zegoen, eta esan zidaten Athleticen jokatuko nuela, gura banuen. Ezin nuen sinetsi! Nire ametsik handienetakoa zen». Hala ere, poz hark izan zuen gazitik; pertsona garrantzitsu bat falta zitzaien ordurako etxean: aitite. «Umetatik esaten zidan Athleticekoa izan behar nuela beti».
Emozionatu egin da gogoratzerakoan. San Mames zaharrera eroaten zuen Ortiz aititek; oraindik gordeta duen Athleticeko bandera ere hark oparitu zion. Oroitzapenak ez ditu falta kapitainak. Esaterako, gogoan du lehen partida, Castellon (Herrialde Katalanak) jokatutakoa. Hala ere, bidean ezagutu dituen pertsonak azpimarratu ditu, bereziki. Ilusioa egin zion Aritz Aduriz eta Carlos Merino Athleticeko jokalari ohiak bisitan joan izanak, eta estimutan du Jose Angel Iribarrekin amak eta biek Bilboko Begoñako basilikan egindako argazkia ere; Aste Nagusian klubak Ama Birjinari egiten dion bisitetako batean izan zen.
«Elkarri laguntzen diogu, elkar errespetatzen dugu, adiskidetasuna funtsezkoa da eta. Hori da entrenatzaileek irakatsi digutena».
JON ANDER GIL Athleticeko Genuine taldeko kapitaina
Gilek gogoratzen duen momenturik hunkigarrienetakoa, berriz, San Mamesera irabazitako garaikurrarekin atera ziren egunekoa da; Athleticeko gizonezkoek jokatu zuten partida batean izan zen. Hala ere, harentzat garrantzitsuena taldekideekin sortutako harremana da: «Elkarri laguntzen diogu, elkar errespetatzen dugu, adiskidetasuna funtsezkoa da eta. Hori da entrenatzaileek irakatsi digutena». Feijook ere azpimarratu du elkar babeste hori: «Indartsuenak ahulena laguntzen du, eta ahulenak, indartsuena. Ikusten duzu denok dugula elkarren beharra». Kontatu du aldageletan Uriguen eseri eta oinak jasotzen dituela, norbaitek oinetakoak lotu diezaizkion. «Duela hamabi urte ezagutu ginenetik noizbait lotu ote dituzu?», galdetu dio Feijook. «Baina berak gero beste batzuei laguntzen die beste gauza batzuetan».
Athletic Genuine taldekoen entrenamendua, Lezaman, iaz. ATHLETIC FUNDAZIOA
Feijooren esanetan, taldeak «indarra» eman die kideei: «Futbolak aukera eskaintzen die nor diren erakusteko. Urte luzez, gizartean aparte izan ditugu; orain, erdigunera etortzeko bide bat ireki zaie, eta aprobetxatzen ari dira. Baita gozatzen ere. Haiek eta haien familiak». Entrenatzaileak dioenez, hasi zirenetik aldaketa igarri dute: lehen, «uzkurragoak» ziren, oro har, eta, orain, irekiagoak. Lehen pauso haiek Bilboko Casilla pabiloian eman zituzten.
Ez ziren errazak izan, Feijook kontatu duenez. Lehen egunean, lehen sustoa. Martitzena izan zela uste du. «Ritxi Mendiguren, Jon Oleagagoitia, Galder Izaola, Edu Estibariz eta neu joan ginen. Neska-mutil talde bat zegoen han; denek zuten adimen urritasunen bat: garun paralisia, autismoa, Downen sindromea… Batzuek oihu egiten zuten, alde batetik; besteek, bestetik. Bakarren batek korrika ihes ere egin zigun». Apurka-apurka, lortu zuten ordena jartzea. Hasi ziren jokalariak zenbatzen, baina bat falta zitzaien: Martin. «Ederra egin dugu!». Pabiloi osoan ibili ziren haren bila, baina ez zuten inon topatzen. «Lehen eguna, eta jokalari bat galdu…; okerrago egin genezakeen?». Bazegoen han Caja Bilbao saskibaloi taldeak jokatzen zuenean eskegitzen zuten armarridun oihal bat; bilduta zegoen. Ohartu ziren mugitu egiten zela. Barruan begiratu, eta han topatu zuten Martin. «Horren ondoren, hurrengo entrenamenduak hobeak izan ziren, ezinbestean».
«Nire ama aretoko futbol taldeko beste ama batzuekin zegoen, eta esan zidaten Athleticen jokatuko nuela, gura banuen. Ezin nuen sinetsi! Nire ametsik handienetakoa zen».
SAIOA ORTIZ Athleticeko Genuine taldeko kapitaina
Casillatik Zorrotzara pasatu ziren, Bilbon bertan. Han entrenatzen dira oraindik ere elkarte batzuetakoak. Baina 2017an taldea sortu zutenetik, Athleticeko Genuine taldekoak Lezaman elkartzen dira astean behin, klubeko gainontzeko guztiak bezala. «Athleticek lehen mailako hiru talde ditu: gizonena, andreena eta gurea», ohartarazi du Feijook. Lehen urte hartan 25 neska-mutil ziren; gaur egun, 32 dira. Maritzenetan elkartzen dira orain ere, 19:15etik 20:30era.
Bi atal izaten ditu entrenamenduak. Lehenengoan, beroketak egiten dituzte: lekuan geldi, orain, eta mugimenduan, gero. Bigarrenean, teknika lantzen dute. Baina hori baino gehiago egiten dute. «Gure entrenamenduak jai bat dira. Hasteko, zerbait ospatzen dugu: izan daiteke urtebetetze bat edo kideren bati gertatu zaion zerbait», esan du entrenatzaileak. Dagoeneko 50 urte pasatu dira Feijoo lehenengoz Lezamara joan zenetik. 15 urte zituen futbolean jokatzen hasi zenean. «Gauza asko bizi izan ditut, itzelak. Baina, zalantza barik, onenak azken bost urte hauek izan dira».