Maiatzaren 17an eman zuen Bizkaiko Psikologia Elkargoak lehen Psikologia saria, Bilbon. Marije Goikoetxea Iturregi (Mungia, 1961) psikologo eta Deustuko Unibertsitateko irakasleari eman zion. Psikologia beste esparru batzuetara zabaltzen egindako lana goraipatu diote, Begoña Rueda dekanoaren arabera: etikara, bioetikara, osasun arlora eta gizarte zerbitzuetara. Ekitaldia bukatu eta bilera batean parte hartu ondoren elkartu zen Bizkaiko Hitza-rekin, Bilboko Elizbarrutiak Plaza Barrian duen egoitzan. «Garai batean hemen ere egin nuen lan: arreta psikologikoa eskaintzen genion behar zuen jendeari. Oso aberasgarria izan zen; etxegabeak etortzen ziren».
Psikologia Kalean jardunaldien hirugarren aldiaren inaugurazioan jaso duzu Psikologia saria. Oraindik ere horrelako jardunaldiak behar dira psikologia gizarteratzeko?
Oraindik ere jendeak psikologia buruko gaitz larriekin lotzen du, baina hori baino gehiago da. Zerbitzu bat da pertsonak askeagoak izateko eta osasun hobea izateko. Azken batean, horixe egiten dugu psikologoek: askatasuna galtzen dugunean edo erabiltzeko zailtasunak ditugunean, edo sufrimendu emozionalari edo psikikoari lotutako arazoak ditugunean, lagundu. Ez du zertan gaitz bati lotuta egon: izan daiteke jazarpena sufritzen ari den nerabe bat, dementzia prozesu bat hasi duen adineko bat, edo arazoak dituen bikote bat.
Askatasuna aipatu duzu. Zer askatasun da hori?
Batzuetan argi egon daiteke, kanpotik indarkeria jasaten dugulako: esaterako, indarkeria matxista kasu bat. Beste kasu batzuetan kontua izan daiteke, esaterako, pertsona baten garapena handitzea, egonkortasun emozional handiagoa izan dezan, eta erabakiak hartu depresio egoera batean egon barik, erabaki okerrak har ez ditzan: dolu egoera zail bat bizi dutenak, pentsa dezakete ezerk ez diola merezi, eta, adibidez, erabaki dezake lana uztea. Kasu horretan askatasuna egoera emozional horrek mugatzen du, ezin dituelako erabakiak aske hartu bere balioen arabera.
«Gizartean, lasterka bizi gara, eta ezinegona sentitzen dugu; sentitzen dugu norbaitek erabiltzen gaituela, gutaz aprobetxatzen direla»
Azken urteetan garrantzi handiagoa ematen ari zaio buru osasunari?
Hiru faktore daude. Batetik, pandemia dela eta, bakardadeari buruzko ikerketa asko egin dira. Ikusi da sufritzen ari den jende asko dagoela, nahi gabe bakarrik dagoelako. Gero eta indibidualistagoak gara. Aldi berean, ikusi da nerabeen suizidio kasuak modu kezkagarrian ugaritu direla; seguruenik, orain nerabezaroko prozesuak konplexuagoak dira, eta familiok ez ditugu behar ditugun baliabideak. Hirugarren faktore bat ere badago: gizartean, lasterka bizi gara, eta ezinegona sentitzen dugu; sentitzen dugu norbaitek erabiltzen gaituela, gutaz aprobetxatzen direla. Beti gehiago: ederragoa, aberatsagoa, arrakastatsuagoa… Jende askok ezin dio horri eutsi. Pertsona heldu asko ikusten ditugu behin eta berriz antsietatearekin. Antsiolitikoen kontsumoa nabarmen igo da. Normala da: ezinean bizi gara; zer gertatuko zaigun beldurrez bizi gara.
Buruko gaitzak ere ugaritu dira?
Ez da igoera nabarmenik antzeman. Ezinegon psikikoa ugaritu da. Kanpokoarekin dugun harremana etengabekoa bihurtu zaigulako, eta, kanpokoa gero eta konplexuagoa bada, ezinegona handiagoa da: «Ezin dut; ez naiz gai izango».
Giroa hori denean, zelan egin aurre?
Kontzientzia etikoa berreskuratu behar dugu: jakizu zure obligazio nagusia zoriontsu izatea dela; aztertu ea betetzen ari zaren. Nire kasuan, laguntzen dit. Begiratu behar dugu zerk eragiten digun ezinegona. Dena delako horrek merezi du? Batzuetan aurrera egin behar da; esaterako, senide bat zaindu behar baduzu, badakizu ezinegona sortuko dizula, baina merezi duen zerbait da. Baina ezinegona sortzen diguten beste milaka gauzak ez dute merezi. Askotan ez dakigu zerk eragiten digun ezinegona. Psikologiaren lana hori da: nola gauden kontzientzia hartu, aztertu zergatik gauden horrela, eta gure bizitza proiektura itzuli, profesional baten laguntzarekin.
«Uste dut askatasuna eta autonomia ezinbestekoak direla, baina iruditzen zait pasatu egin garela. Autonomia eta autosufizientzia nahastu ditugu»
Inguruaren babesa galdu da?
Uste dut askatasuna eta autonomia ezinbestekoak direla, baina iruditzen zait pasatu egin garela. Autonomia eta autosufizientzia nahastu ditugu. Nik askatasunez zerbait egitea erabakitzeak ez du esan nahi gero ez dudala jende askoren laguntza beharko horretarako. Independentzia muturrera eroan dugu, eta egoera zail batean gaudenean, ez dugu inor inguruan. Baina ez jendea maltzurra delako; ez dago inor, zu tematu zarelako ez duzula inor behar, zu zeu nahikoa zarelako. Javier Yanguas psikologoak esaten du 80 urteetako bakardadea 50 urteekin garatu dituzun harreman kopuruak baldintzatzen duela. 50 urterekin eguneko ordu gehienak lanean pasatzen badituzu, 80 urterekin bakar-bakarrik egongo zara.
Nerabeen ezinegona ere horrekin lotuta dago?
Ahal dutena baino gehiago eskatzen zaie. Batxilergoko 2. maila nerabeak txarto tratatzeko makina bat da: ez da normala urte osoan estresatuta egotea ikasturtea amaitu eta nahi duen ikasketak egiteko nota lortzeko; hori ez da normala. Baina ez da faktore bakarra. Sare sozialak ere hor daude: beren kideen espektatibak bete behar dituzte. Identitatean eta harreman afektibo-sexualak garatzeko orduan gaur egun dagoen aniztasunak ere badu eragina. Pentsatzen dute: «Nork lagunduko nau?». Konplexutasun horrek ez du esan nahi okerragoa denik, kontrakoa baizik. Itzela da nerabe batek askatasunez erabaki ahal izatea bere identitatea eta harreman-afektibo sexualak, baina horretarako babesa behar du gurasoen aldetik, eta gurasoek ez dute astirik. Gizartea gero eta konplexuagoa da; horregatik, beharrezkoagoa da astiroago joatea, zentzuzko erabakiak hartzeko. Aldaketa garaian bizi gara, eta astiro joan behar dugu.
«Kontzientzia etikoa berreskuratu behar dugu: jakizu zure obligazio nagusia zoriontsu izatea dela; aztertu ea betetzen ari zaren»
Iaz beste sari bat jaso zenuen: Antonio Menchaca fundazioak Solidaridad saria eman zizun, Osasun Pastoraltzatik hil hurren daudenekin egindako lanagatik. Zelan hasi zinen horretan?
Jende asko hiltzen zen lekuetan egiten nuen lan. Ohartu nintzen hiltzen denarentzat eta geratzen direnentzat ezinbestekoa dela ondo agurtzea. Hiltzen denarentzat garrantzitsua da lagunduta hiltzea, sentituz bizitzak merezi izan duela. Baina askotan gertatzen da inork ez duela heriotzaz berba egin gura: hiltzen ari zarela komentatu gura duzu, baina ingurukoek eguraldiaz egiten dute berba. Ingurukoentzat ere garrantzitsua da ondo agurtzea, esan barik edo konpondu barik ezer utzi barik. Zaintza aringarrietan eta doluan trebatu nintzen.
Askotan pentsatzen da zaintza aringarriak direla mina arintzeko sendagaiak ematea. Baina hori baino gehiago dira, ezta?
Pertsonari eta familiari ematen zaion arreta integrala dira. Elkarrekin bizi garen bezala, ondo hiltzeko, elkarrekin hil behar dugu. Neurri batean, ingurukoak ere hiltzen dira, eta, gainera, haiek dira hil hurren dagoenaren babes nagusia. Zer behar dituzu une horretan? Zer babes izan dezakegu hiltzeko prozesuak ahalik eta sufrimendu gutxien eragiteko? Hori dira zaintza aringarriak. Sedazioa dago, beste era batera kendu ezin daitekeen sufrimendua arintzeko. Eutanasia dago, sufrimendu existentziala dagoenerako. Baina guztiz kontrakoa ere izan daiteke: zuretzat hain garrantzitsua bada, zer egin dezakegu zure semearen ezkontzara bizirik hel zaitezen?
Zer da ondo hiltzea?
Sufrimendu barik hil nahi du jendeak: heriotzaren unea ahalik eta laburrena izatea, eta konturatu barik bada, hobe. «Hil aurretik hil nahi dut, heriotzak eragiten didan sufrimendua saihesteko». Martxa honetan, dementzia diagnostikatzen dioten pertsonak biharamunean eutanasia eskatzen hasiko dira. Aizu, seguruenik oraindik hamar urte geratzen zaizkizu. Gainera, heriotza prozesuak gero eta luzeagoak dira. Oso jende gutxi hiltzen da bat-batean. Astiro hilko zara; pentsa dezagun zelan bizi nahi duzun bitartean. Nik esperientzia atseginak izan ditut hiltzen lagundu ditudanekin. Esango nuke ondo hil direla. Ondo hiltzeak ez du esan nahi Begoñako Amatxuren besoetan hilko zarenik. Batzuk haserre hil dira, pipertuta bizi izan direlako. Horrelakoak ziren, eta horrela hil dira: diren modukoak, ondo. Heriotzak ez dezala hondatu bizi izan zaren modua.
«Nerabeei ahal dutena baino gehiago eskatzen zaie. Batxilergoko 2. maila nerabeak txarto tratatzeko makina bat da»
Gizarteak arazo bat du heriotzarekin?
Jendeak ez du hil nahi; zenbat eta gehiago bizi, hobe. Baina, gero, sufritzeko aukera egon daitekeenean, hobe hil. Horrek esan nahi du jendeak uste duela ez duela inor izango ondoan sufrimendu hori arintzeko, edo bera ez dela izango gai. Hori ez da egia. Badaude oso gogorrak diren momentuak, baina bizitzea merezi dute. Minbizia zuen lagun batek esaten zuen bere bizitza laburtu zela, baina zabaldu ere bai: lehen egiten ez zituen gauzak egiten hasi zen.
2016an BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean esan zenuen eutanasia arautu aurretik zainketa aringarriak sendotu behar zirela, baina Espainiako Kongresuak Eutanasia Legea onartu du lehenengo. Oker egin dela uste duzu?
Eutanasia arautu denean, EAEn zaintza aringarrietan ere aurrera egin da. Agian, ez behar beste, baina pausoak eman dira. Arazoa ez da espezialistak falta direla. Kontua da gizarteak ez dakiela hiltzen laguntzen. Bizilagunek, lagunek, familiek ez dugu aukerarik jakiteko heriotza prozesu hori laguntzen.
«Ohartu gara zaintzen arloan txarto gaudela, eta esatera ausartu gara. Gauza batzuetan ados gaude»
Bizkaiko Gizartean Esku Hartzeko Etika Batzordeko presidente izan zara. Zelan ikusten duzu zaintzen arloa?
Oso txarto. Baina lehen pausoa eman dugu: ohartu gara txarto gaudela, eta esatera ausartu gara. Gauza batzuetan ados gaude. Zaintza ezin daiteke izan andreen ardura. Bizitza zaintzen dutenek ezin dituzte soldata baxuenak kobratu. Denok gaude ados etxean egon nahi dugula, edo ezagutzen ditugun lekuetan. Orain kontua da zelan antolatu. Mahai batean eseri beharko dute merkatuak, hirugarren sektoreak eta administrazioak. Osasun arloarekin koordinatu beharko da. Belaunaldi arteko akordioa berreskuratu beharko da. 40 urtetik beherakoek uste dute ez dutela zaintza obligaziorik. Gauza bat da nire bizitza albo batera utzi behar ez izatea norbait zaintzeko, eta beste bat obligaziorik ez izatea. Esperantza dut oinarri batzuk ezarrita sistema on bat sor dezakegula. Irakurri dut Japonian adinekoek kartzelara joan gura dutela, bakarrik ez egoteko. Hor duzu munduko gizarte zaharkituena; ez zuten pentsatuko hori gertatuko zitzaienik. Gu garaiz gabiltza. Baby boom-ekoak zaintza eskatzen hasi aurretik, hamar urte ditugu antolatzeko. Prest egon ezean, dirua duenak jasoko du zaintza, eta ez duenak eutanasia eskatu beharko du.
Psikologiaz gain, Teologia ere ikasi zenuen. Badute harremanik?
Nire ustez, bai. Agintzarin egin nuen lan, gizartetik larri baztertuta zeuden gazteekin. Zazpi bat urte neramatzanean, bat ez beste guztiak hil ziren. Behar nuen sinetsi pertsona haiek nonbait justizia izango zutela. Horregatik ikasi nuen Teologia. Pentsatzeko sistema bat eman zidan, eta gogoetarako gaitasuna. Nire irakasleek denetarik zekiten: giza organoez, meteorologiaz, filosofiaz, unibertsoaz, fisikaz, arkeologiaz, antropologiaz… Liluragarria zen! Asko ikasten duzu: ikertzen, argudioak izaten, irakasleek esandakoaren kontra argudiatzen… Teologia ikasi ondoren, ospitale psikiatriko batera joan nintzen. Han ere asko ikasi nuen. Beste narratiba batzuk daude. Gainera, Madrilen bioetika ikasteko aukera eman zidaten. Etikak ere bide asko ireki izan dizkit.
MOTZEAN
Liburu bat? Eric-Emmanuel Schmitten Oscar et la dame rose (2002).
Abesti bat? Silvio Rodriguezen Ojalá (1978).
Erlaxatzeko leku bat? Arantzazuko santutegia [Oñati, Gipuzkoa].
Buruko osasuna zaintzeko gomendio bat? Mantsoago bizi.
Autolaguntza liburuak: bai ala ez? Salbuespen batzuk kenduta —Ramon Bayes psikologoarena, esaterako—, ez. Oro har, ez dira onak. Hobe profesional baten laguntza.