Aurrekoa baino uzta murritzagoarekin ospatuko dute aurten Bizkaiko Txakolinaren jatorri deituraren 30. urteurrena. Joan den asteko asteazkenean Bilbon ospatutako Txakolin Egunean, 2023ko datuak eman zituzten, eta nabarmen jaitsi da kopurua urte batetik bestera: iaz, 2.201.883 kilo mahats jaso zituzten ekoizleek, eta haietatik 1.457.146 litro txakolin lortu dute, 2022an baino %18,5 gutxiago. Eguraldiaren kontrasteari egotzi dio beherakada jatorri deiturako Kontseilu Arautzaileko presidente Garikoitz Riosek. «Udak udaberria zirudien, eta udaberriak, uda. Aurreikusia genuen 2023. urteko ziklo begetatiboan jasandako aniztasun klimatikoak pixka bat jaitsiko zuela bildutako mahats kantitatea». Ekitaldian, Itziar Ituño aktorea izendatu zuten aurtengo Mezulari Nagusi, eta Anton Txapartegiri egokitu zaio Ohorezko Mezulari izatea. Jatorri deiturako Kontseilu Arauemailearen idazkari nagusi ohia da Txapartegi.
[articles:2125393]
Gorabehera klimatikoak aitatu zituen, halaber, Dimako Garena jatetxearen eta txakolinaren koordinatzaile Aitzol Atutxak. Izan ere, hura aukeratu dute aurtengo txakolin instituzional bezala. «Lurra lantzen dugunok gora begira egiten dugu lan. Urtetik urtera zikloa bera da, baina beti da desberdina. Esperantza eta beldurra: horrela egiten dugu lan».
Iazko irailaren 11n, baina, beldurrak hartu zituen Garenako ekoizleak. «Sekulako txingorra egin zuen; uzta ia-ia bukatuta zegoen, eta ez zen urterik onena». Ukabila bezalako txingor jasa handia egin zuen egun hartan, eta pilotek inguruko landareak txikitu zituzten. «Hori izan da beldur momenturik handiena: txingorrak kalte handiak eragiten ditu mahastietan, baina gero ikusi genuen txingor txikiak kalte handiagoa egiten diola mahastiari, txingor handia bata besteagandik urruti erortzen baita».
«Udak udaberria zirudien, eta udaberriak, uda. Aurreikusia genuen 2023. urteko ziklo begetatiboan jasandako aniztasun klimatikoak pixka bat jaitsiko zuela bildutako mahats kantitatea».
GARIKOITZ RIOS Bizkaiko Txakolina jatorri deiturako Kontseilu Arautzaileko presidentea
Hala ere, edariaren kalitatearen aldetik, urtaldi «oso ona» izan da, Riosen irudiko; ibilbide luzeko ardo freskoak lortu dira, orekatuak mailari eta azidotasunari dagokienez. Galdakaoko Andra Mari jatetxeko sommelier Uritz Lejarzegik eman zituen xehetasun gehiago, Gurena botiletako bat ireki eta ardoa dastatu zuenean. Koloreari erreparatuta, txakolin «garbia eta kristal tonu distiratsukoa» erdietsi dute aurton, hori apala eta irisazio berdexka duena, «bere gaztetasunaren eta freskotasunaren adierazle».
Galdamesko Torre de Loizaga txakolinaren mahastiak, joan den irailean. BIZKAIKO TXAKOLINA JATORRI DEITURA
Kopari eragiterakoan, askotariko usainak antzeman zituen Lejarzegik. «Fruta zuria —sagar berdea, adibidez— eta ukitu zitrikoak —hala nola lima, pomeloa, eta, are, limoia—, Hondarribi Zuri barietatearen ezaugarri handiak», xehatu zuen. Badu, orobat, lore zurien usaina —batik bat, lirioarena, akazia lorearena eta kamamilarena—, eta belar ebaki berriaren xehetasunak ere harrapatu zituen sommelierrak. Dastatzerako orduan, edariaren leuntasuna nabarmendu zuen. «Ahosabaian freskotasuna sentitzen dugu, azidotasun bibratzaile batez orekatua, eta bukaera sotilki mingotsa du». Txakolin «paregabea» da, ebatzi zuenez.
Iragan gorabeheratsua
Alabaina, hiriburuko San Mames futbol estadioan egin zuten ordubete pasatxoko emanaldiak sor-markaren 30. urteurrena ospatzeko balio izan zuen, batez ere. Dozenaka ekoizle, ostalari eta instituzioetako ordezkariek lagunduta, eta Kimu bikote txalapartariak eta June Peña dantzariak girotuta, azken hamarkadan egindako lanaren aitortza egin zuten, eta atzera begiratu. «Gure lurraldeko mahastiarena antzinako tradizioa da; momentu batzuetan gailurrean egon da, eta beste batzuetan, desagertzeko zorian», esplikatu zuen Jon Gomez Garai kazetariak —ekitaldiaren aurkezlea izan zen—. Azaldu zuenez, 1399an Bilboko ordenantzetan erregulatuta zegoen ardoaren merkataritza —eta, horrekin batera, bertoko edariaren babesa—, eta 1501ekoa da txakolin berbaren aurreneko aipamena.
Gorka Izagirre txakolinaren mahastia, Larrabetzun, joan den irailean. BIZKAIKO TXAKOLINA JATORRI DEITURA
XVI. mendean, mahastiak hedatu egiten ziren hala lurzorutik nola parretan, eta Bizkaiko bazter askotan errotuta zeuden; batik bat, Bilboko itsasadarraren ertzetan, Cadagua haranean eta kostaldean. Besteak beste, mahasti oparoak zeuden Portugaleten, Balmasedan, Zallan, Gueñesen, Artziniegan, Gernika-Lumon, Mungian, Ondarroan eta Lekeition. Aurkezlearen berbetan, osteko izurrien, 36ko gerraren eta gerraostearen, eta 1950eko eta 1960ko urteetako hiri eta industria garapenaren ondorioz, landa eremua bazter utzi zen, eta mahastiak desagertzeko zorian egon ziren.
Hori horrela, 1980ko hamarkadaren hasieran, Bizkaian hamabost hektarea mahasti baino ez zeuden; nagusiki, Balmasedan, Bakion, Gamiz-Fikan eta Bilbon. Eta, orduan, Bialtxa Bizkaiko Txakolingileen elkartea ardoa berreskuratzen ahalegindu zen, euskal administrazioaren laguntzarekin. 1994an, elkarteak Bizkaiko Txakolina jatorri deitura sortu zuen, «ekoizpenari eusteko, merkaturatzea garatzeko eta prestigioa finkatzeko». Urte hartan, Bizkaian hirurogei hektarea mahasti zeuden erregistratuta; gaur egun, 436 inguru daude, eta 36 upategi eta 172 mahastizain daude atxikita jatorri deiturara.
«Ahosabaian txakolinaren freskotasuna sentitzen dugu, azidotasun bibratzaile batez orekatua, eta bukaera sotilki mingotsa du».
URITZ LEJARZEGI Galdakaoko Andra Mari jatetxeko sommelierra
Hazkunde kuantitatiboaz harago, Bizkaiak lortu du «identitatea eta aniztasuna duen mahastia» edukitzea, Riosek aldarrikatu zuenez; izan ere, lurralde txikia izan arren, hainbat ingurunetan topa litezke plantazioak, hala mendien magalean, nola itsasoaren ertzean. Eta etorkizuneko erronkak ere aletu zituen Riosek: jomugan dute, besteak beste, plan estrategiko bat garatzea, «jasangarriagoak» izateko; lege esparru bat sortzea, eguneroko lana erraztuko diena eta lagunduko diena «balio erantsi handiagoa duten merkatu nitxoak bilatzen»; eta gazteak sektorera erakartzeko premia ere aitatu zuen.
436
Txakolin mahastiak Bizkaian, hektareatan. Bizkaiko Txakolina jatorri deiturako upategietarako ekoizten duten 436 mahasti hektarea daude lurraldean. 1980ko urteetan, hamabost hektarea baino ez ziren; eta 1994an, jatorri deitura sortu zenean, hirurogei.
Era berean, nazioarteko merkatua ere lantzen ari dira: salmentaren bolumenaren %5 esportazioari dagokio, eta AEBek, Herbehereek, Japoniak eta Norvegiak eskatzen dute txakolin gehien, hurrenez hurren. «Azken urteetan, igarri dut nazioarteko publikoari jada ez zaiola esplikatu behar Bizkaian txakolin izeneko ardo bat dugula», nabarmendu zuen Lejarzegik. «Ardoen kartako ahate itsusia zisne bihurtu da».