Lehenagotik ere jotzen zen, baina, Bizkaian, XVIII. mendekoak dira dultzainari buruzko lehen aipamen idatziak. Herrialdean historia luzea duen musika tresna da, beraz. Hala ere, gaur egun ez dago oso hedatuta; batez ere, kalejirekin eta erraldoien konpartsekin lotuta dago. Eta dultzainero historikoak ezezagunak dira gehienentzat. Hori aldatzeko asmoz, Bizkaiko Gaiteroak elkarteak joan den mende hasierako zazpi gaitero gogoratuko ditu datozen hilabeteetan, Gureak gogoan, kateak ez hautseko lelopean. Omendutako gaiteroen errepertorioetako piezen bertsio eguneratuak interpretatuko dituzte.
Lehen omenaldia domeka honetan egingo dute, Mañarian, kultur astearen barruan. Juan Bilbao Ortuoste (Mañaria, 1905-1991) herriko dultzaineroa gomutatuko dute. Aste osoan, dultzaineroen inguruko argazki erakusketa bat dago ikusgai Mañariko Errose Bustintza kultur etxean. «Dultzainaren aldeko aldarria egiteko, eta gazteek haren historia ezagutzeko eta jotzen hastera animatzeko helburuarekin antolatu dugu», esan du Bizkaiko Gaiteroak taldeko Jon Gamindek.
«Errepertorio, informazio, kontakizun eta pasadizo asko galdu dira, diktadurak iraun zuen urteetako isiltasunagatik».
JON GAMINDE Bizkaiko Gaiteroak taldeko kidea
Gamindek Juan Bilbao ezagutu zuen, eta, horri esker, joaldi batzuen grabaketak egin ahal izan zituen. Audio haietatik partiturak atera zituzten, errepertorio hura gal ez zedin, eta jotzen hasi ziren. «Bilbaok hainbat urtez jo zuen dultzaina [36ko] gerra aurretik. Baina gerra piztu zenean, euskal kultura guztia itzali zuten, eta dultzainak isildu ziren». 1970eko hamarkadan hasi ziren gerraurreko dultzaineroak berriro jotzen.
Juan Bilbao dultzaineroa, Bilboko Bolueta auzoan, Karmelo semearekin, artxiboko irudi batean. JON GAMINDE
1980ko urteetan omenaldi batzuk ere egin zizkieten. Baina ordutik «ahaztuta» geratu direla uste du Gamindek, eta horregatik berpiztu nahi dituzte. Beste batzuen inguruko informazioa eskasa da. Esaterako, Bilbaoren lehengusu Fermin Ortuoste ere bazegoen Mañarian; badakite biek elkarrekin jotzen zutela, baina ez besterik. «Errepertorio, informazio, kontakizun eta pasadizo asko galdu dira, diktadurak iraun zuen urteetako isiltasunagatik».
Gaminderen arabera, Bizkaian bi estilo egon dira: bizkaitarrena eta kanpotik etorritakoena. Izan ere, ohikoa zen Nafarroatik edo Gipuzkoatik gaiteroak etortzea. Esaterako, ikertu ondoren jakin dute XIX. mende bukaeran Demetrio Romano Lizarrako (Nafarroa) gaiteroak Bilboko Musika Bandarekin batera jo zuela; 1945ean, Moises Elizaga herrikidea ibili zen Durangon erraldoiekin. Bizkaiko dultzaineroak, batik bat, erromerietan ibiltzen ziren. Horrez gainera, mendigoizaleekin jotzen zuten. «Testigantza bat dugu: Bermeoko gaitero bat Beti Alai mendi taldearekin joaten zen gerra aurretik mendi txangoetara. Orduan ohikoa zen». Santa Ageda bezperan, dultzaineroek lagunduta joaten ziren eskean garai batean, eta ezkontzetan ere girotzen zuten dantzaldia. «Gerra aurretik, Bizkaiko gaiteroek izaten zuten non jo».
Juan Bilbao: anaiaRENgandik jasotakoa, semeari eman
Juan Bilbao Ortuoste 1905ean jaio zen, Mañariko Ortuoste auzoan. Artzaina zen. Bere kontura ikasi zuen dultzaina jotzen, Manuel anaiaren pausoei jarraituta. Anaia Melillan (Espainia) hil zen, 1922an, eta, haren dultzaina etxera bidali zutenean, Juan geratu zen tresnarekin. Aurretik, flautarekin eta txilibituarekin saiatu zen. Urte askoan Fermin Ortuoste lehengusuarekin ibili zen. Durango, Abadiño, Zornotza, Gernika-Lumo, Atxondo, Otxandio… Makina bat herritako erromeriatan ibili ziren.
Hainbat urtez dultzaina jo barik egon zen. Baina erretiroa hartu zuenean, 1970eko urteetan, berriro ekin zion; azken aldietan Karmelo semeak lagundu zion atabalarekin. Zahargaztiek musika taldea ere sortu zuen; tartean, albokariak eta trikitilariak zeuden: Basilio Txiki, Juanita Gorroño, Eduarto Egiarte eta Felisa, eta Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga. Herri musika diskoan pieza batzuk grabatu zituen semearekin.
Hainbat omenaldi egin zizkioten bizi izan zen artean: 1980an Iurretako Trikitilarien Egunean egin zioten aitortza; 1981ean, Guardiako (Araba) Gaiteroen Egunean; eta, azkena, Elorrion, 1991n.
Dultzainak ez du izan, berbarako, txistuak izan duen ofizialtasuna, erakunde publikoek egindako aitortza. «Txistulariak eta musikak bandetako musikariak sasiprofesioanalak izan dira; hitzarmenak edo kontratuak zituzten. Dultzaineroek, ostera, ezer ez. Euren kabuz joaten ziren erromerietara, eta dirua irabazteko jotzen zuten; batzuetan, eskale moduan ere bai, gaur egungo kale musikarien erara. Gauza bera gertatzen zen albokariekin. Hala ere, ez nuke esango ez dutenik prestigiorik». Lizarrako eta Arrasateko (Gipuzkoa) gaiteroak aipatu ditu Gamindek: «Ospe handia zuten Euskal Herri osoan; oso preziatuak ziren».
Zurezkoak eta metalezkoak
Bizkaiko dultzaineroek erromeriatan entzundakotik jotzen zuten; batez ere, jotak, porrusaldak eta martxak. Beste erritmo batzuk ere jotzen zituzten, eta errepertorioetan jasota daude: pasodobleak, baltseoak eta hainbat ereserki. Bizkaian gehiago jotzen zuten banaka, baina baita binaka ere. Herrialdeko dultzaineroek izan dute beste berezitasun bat ere: XIX. mendetik metalezko dultzainak erabili dituzte. Gamindek kontatu duenez, fisikoki berdinak dira metalezkoa eta zurezkoa, baina materiala aldatzean, doinua ere aldatu egiten da: «Metalezko dultzainaren doinua ilunagoa eta itxiagoa da; zurezkoa, zabalagoa».
Padrere abizeneko anaia bik egin zituzten metalezko lehen dultzainak: Jose Arrasaten bizi zen, eta Juan, berriz, Durangon. «Modan» ipini zituzten, Gaminderen arabera. Gaur egun ere Pradere markako hainbat dultzaina daude; beraz, ondoriozta daiteke garaian oso hedatuta egon zirela. «Pradere anaiak hil zirenean desagertu ziren metalezko dultzainak. XX. mende amaieran hasi ziren Lutxanako [Barakaldo] tailer batekoak egiten, baina oso fabrikatzaile gutxi egon dira, eta ez dago XIX. mendean besteko zabalduta». Egun erabiltzen diren metalezko dultzaina gehienak, bada, zaharrak dira.
Bizkaiko Gaiteroak, Bilboko Areatzako kioskoan, 2018an. BIZKAIKO GAITEROAK
Dultzaineroak ere urri dira gaur egun Bizkaian. Frankismo osteko susperraldiak ez zuen jarraipenik izan. Trikitiak lekua kendu zion erromerietan, eta, gero eta gehiago, musika taldeek girotu dituzte dantzaldiak. Dena den, Gaminde baikor agertu da, musikari berriak agertu direlako eta musika tresnari leku berriak topatu dizkiotelako: «Oraindik asko geratzen zaigu egiteko, baina azken urteetako lana fruituak ematen ari da; aurrerapausoak eman dira, eta lortu dugu beste tresna batzuekin jo ahal izatea. Zabaldu dugu talde instrumentaletara, eta metalezko tresnekin edo musika banda batekin jo dezakegu orain».
Hala ere, lekukoa hartuko dien gazte gutxi daude oraindik. Horregatik, gaita edo dultzainari bultzada bat emateko sortu zuten 1996an Bizkaiko Gaiteroak taldea. Gaur egun hogei bat kidek osatzen dute, gizon eta andre, eta Usansoloko lokalean hainbat ikasle dituzte. Horrez gainera, Gamindek berak Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean ere ematen ditu dultzaina eskolak. Bilboko Musika Kontserbatorioan ere ikas daiteke.
«Nahi duguna da jendea gerturatzea gure kulturara, gure musika tresnara; prest egotea gurekin jotzeko». Bizkaiko Gaiteroak taldeak urtean berrehun bat ekitalditan hartzen du parte, eta beste hainbat talderekin batera jotzen dute. «Nahi izanez gero, jotzeko lekuak badaude: erraldoien konpartsak, dantza taldeak eta kale animazioa». Ikerketan lan handia egin dute, eta horren emaitza da datozen hilabeteetan Bizkaiko hainbat herritan egingo dituzten jaiak.
‘Gure gogoan, katea ez hausteko’
Maiatzak 12, Mañaria. Juan Bilbao Ortuoste.
10:00. Kalejira.
11:30. Erraldoien kalejira.
12:30. Baltseoa, plazan.
13:00. Ekitaldi nagusia, plazan.
Ekainak 1, Dima. Patxi Bilbao Etxebarria.
Ekainak 16, Bedia. Juan Aiesta Urkidi
Ekainak 24, Aulesti. Teofilo Maruri Pio Maruri edo zesterue.
Abuztuak 1, Zalla. Lucas Sainz Gomez Matxakito.
Abuztuak 15, Zeanuri. Basilio eta Enrike Etxebarria.
Urriak 26, Usansolo. Simeon Iragorri Izagirre.