«Eredua bera da, kapitalarena: erakunde publikoen legitimotasuna lortzen dute, kanpainak finantzatzen dituzte, eta, garapenaren eta aurrerapenaren izenean, landa inguruan bizi direnei kalte egiten dieten logikak inposatzen dituzte», esan du Kolonbiako Cajarmarcako Resistencias fundazioko Daniel Camilok. Kasu baten eta bestearen arteko aldeak nabarmenak diren arren, Camilok antzekotasunak ikusi ditu bere sorterriko ahuakate ekoizpenean oinarritutako monolaborantzaren eta Bizkaiko basotan ikusi dituen pinu eta eukalipto landaketen artean. «Ez nuke nahi Cajarmarcan hemen gertatu den nekazarien gainbehera gertatzerik».
Antzekotasunak ikusi ditu Gernikatik Mundura garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak ere. Horregatik, Ferran Fornek, Hibai Agorriak eta Juan Manuel Barrerok erakusketa bat atondu dute, Cajarmakako ahuakate landaketei eta Busturialdeko eukalipto basoei egindako argazkiekin. Maiatzaren 22ra arte Gernika-Lumoko Astra kulturgunean egongo da ikusgai. Asmoa da ondoren ikastetxeetan eta kultur etxeetan ere erakustea.
Gernikatik Mundurako kide Sara Nicholsonen esanetan, erakusketarekin gogoeta bat sortu nahi izan dute, erakutsi zer dagoen hainbatek goizero gosaltzen duten ahuakate tostaden eta eukalipto landaketen atzean. «Ez dago barran ahuakatedun pintxorik ez duen tabernarik. Sinbologia oso bat sortu da haren inguruan: galtzerdiak daude, kamisetak… ahuakate irribarretsu batekin. Zergatik ez da sortu sinbologia hori, adibidez, Gernikako piperrarekin? Ahuakatea besteko sinpatikoa edo gehiago izan daiteke», adierazi du.
Nicholsonek nabarmendu du gehienbat «eremu alternatibo eta kritikoetan» kontsumitzen dela, «guaia delako, beganoa»; «kontserbadoreek ez dute hainbeste esperimentatzen elikagai exotikoekin». Ahuakate ekoizpenak, baina, arazo larriak sortzen ditu Latinoamerikan: «Gehienok ikusi ditugu Txileko edo Peruko desertifikazio prozesuak kontatzen dituzten dokumentalak».
«Ohartu gara gure lurra kanpoko erasoetatik babesteaz gain beste ikuspegi batzuetatik ere babestu behar dugula: generoa, dekolonialismoa…».
DANIEL CAMILO Kolonbiako Resistencias fundazioko kidea
Meatzaritza arloko multinazionalen eskutik ailegatu zen ahuakatea Cajamarcara. Camilok kontatu duenez, 2007an Hego Afrikako AngloGold Ashanti enpresak aire zabaleko urre meategi baten proiektua sustatu nahi izan zuen bere sorterrian: La Colosa zuen izena. «Gatazka sortzen hasi zen, jendea aurka agertu zelako. Beraz, enpresa nekazari batzuen aldeko jarrera irabazten saiatu zen, hainbat estrategiaren bidez».
Besteak beste, hass motako ahuakatea landatzen lagundu zieten. «Asmoa zen jendeari sinetsaraztea aire zabaleko meatzaritza eta nekazaritza bateragarriak direla, nahiz eta adituek erakutsi duten ez dela hala, urari, lurrari eta aireari eragiten dien kalteagatik», dio Camilok.
Hainbat gizarte mugimendu proiektuaren aurka mobilizatu ziren. Nekazarien sindikatuak, lur jabeak, enpresariak, merkatariak eta bestelako eragileak elkartuta, Cajamarca eta Anaimeko Ingurumen eta Nekazaritza Batzordea sortu zuten. Besteak beste, herri galdeketa bat sustatu zuten, 1991ko Kolonbiako Konstituzioak horretarako aukera ematen baitzien. Halakorik egiten lehenak izan ziren herrialdean. %97 aurka agertu ziren, eta bertan behera geratu zen proiektua. Baina, ordurako, herrian zuten ahuakateen monolaborantza. Camiloren esanetan, «nekazarientzat negozio aukera egokia zen ustea hedatuta zegoen dagoeneko».
1.180
2022an EAEra inportatutako ahuakate tonak. Eustaten arabera, azken urteetan modu esponentzialean handitu da EAEra inportatutako ahuakate kopurua. 2005ean, 31 tona izan ziren; 2015ean, 113; 2019an, 824; eta 2022an, 1.180 tona.
Gauza bera geratu da Bizkaian pinuarekin. Nicholsonek gogoratu duenez, XIX. mendean heldu zen herrialdera. «Ontzigintzak eta ikazkintzak erabat hustu zituzten basoak. Pinua hazkunde azkarreko espeziea da, eta testuinguru hartan esperantza ekarri zien baserritarrei: ekoizle txikientzat diru iturri izango zen luze gabe». Azkar hedatu zen, eta nagusi izan da joan den hamarkadaren bukaeran xingola marroiak kalte egin dion arte.
Bizkaian, basogintzan dabiltzanak ez dira enpresa handiak; ekoizle txikiak dira batez ere. «Asko pinudiei esker bizi ahal izan dira; pinuak salduta lortutakotik ikasi ahal izan dute». Baina ikuspegi laburrarekin diseinatutako estrategia izan zela ohartarazi du Nicholsonek; «dirua lortzeko irrikak eraginda». Izan ere, aldi berean, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurrak galtzea ekarri du. «Azkenean, nekazaritzak balioa galdu du, eta bizitzari eusten dioten elementuak galdu ditugu: ura, lurra, airearen kalitatea…». Lehenagotik ere bai, baina xingola marroiaren gaitza agertu zenetik eukaliptoak hartu dio lekukoa pinuari. Eta, haren ustez, are okerragoa da jatorria antipodetan duen arbola espezie horrek: «Arrisku handiko espezie inbaditzailea da».
Berbarako, eukaliptoen hostoek lurreko bioaniztasuna desagerrarazten dute, lurzoruaren osagarriak aldatzen dituzte, eta lurpeko ura kontsumitzen dute, ingurua lehortuz. Ur eskasia da ahuakateek Kolonbian eragiten duten arazo larrienetako bat ere. Besteak beste, Peruko Camposol, Txileko Green Food eta beste herrialde batzuetako multinazionalen eskutik, Anaimeko arroila ahuakate sailez bete da.
Han dute sorburua gero urak Magdalena ibai nagusira isurtzen dituen Anaime ibaiak eta arroz landaketak hornitzen dituen Coello ibaiak. «Cajamarca ikur hidrikoa da, baina, landaketa horien ondorioz, baliabideak galtzen ari gara», dio Camilok. Azkenaldian, Kolonbian ur falta arazo larria izaten ari da; Bogotan ur mozketak egiten ari dira agintariak.
Kalteak arlo askotan
Ahuakate landaketak orain arte nekazaritzarako erabili izan diren lurrak baino gehiago hartzen ari dira, orain arte parke natural izan diren esparruetan ere landatzen ari baitira. Horrek arriskuan ipintzen ditu hainbat ekosistema zaurgarri eta haietan baino ez dauden espezieak, Camilok esan duenez: berbarako, Kolonbiako arbola nazionala den Ceroxylon quindiuense palmondoa. Salatu duenez, ingurumena zaindu behar duten erakundeek ipintzen dizkieten isunak «ezereza» dira «enpresa horiek dituzten dirutzekin alderatuta».
Ekoizpenean produktu toxikoak erabiltzen dituztela ere salatu du hark. Esaterako, minbizia eragiten duelako OMEk debekatuta daukan glifosatoa. Lurra ez ezik, lixibiatuen bidez ura ere kutsatzen dute, eta ibaietara ailegatzen da. «Ekoizleek lortu dute toxiko horiek erabiltzea produktuan aztarnarik ez geratzeko neurrian. Gero esportatu egiten dute; esaterako, Europara», ohartarazi du. Camilok azpimarratu du datua: DIAN Kolonbiako Zerga eta Aduana Zuzendaritzaren 2021eko estatistiken arabera, Espainia da herrialde hartako ahuakateen munduko kontsumitzaile nagusia, Hego Euskal Herria barne.
Pinua mozteko matarrasa teknikaren eragina lurrean, Busturialdean. HIBAI AGORRIA
Baina kalteak ingurumenaz haragokoak dira, Camiloren esanetan. Nekazariak lurrak galtzen ari dira. Lehendik ere bazegoen lur faltaren arazoa, eta oraindik onartu ez den nekazaritza lege batek arazo hori konponduko zien esperantza izan dute. Orain atzerriko kapitala egiten ari da lursailen jabe. Askotan jabe txikiei erosten diete, «mehatxupean»: «Esaten diete lurrak erostera doazela, eta, ezezkoa jasotzen badute, ‘zure alargunarekin negoziatuko dugu’ esaten diete».
Kolonbiako ekintzaileak salatu duenez, lehendik ere lurra eskuratzeko aukera gutxi zituzten andreek eta gazteek are aukera gutxiago dituzte orain. Lur jabe ez izatearen ondorioz, gazte askok nekazaritza utzi eta hirietara joan behar izaten dute. Horrekin batera, lurrari lotutako kultura oso bat galtzen ari da Kolonbian.
Antzekoa da egoera Bizkaian. Nicholsonek Busturialdeko adineko andre baserritarren testigantzak jaso ditu. «Denek esaten ziguten ez dutela zer kontaturik. Nekazaritza kaka bat dela eta hobe dugula beste zerbaitetan jardun. Oraindik ezin dugu esan landa ingurua hustu denik, Espainian gertatu bezala, baina bai duen balio guztia kendu zaiola». Eta horrek asko kezkatzen du Gernikatik Mundurako kidea. Azpimarratu duenez, Euskal Herriko lurrak «onenetakoak» diren arren barazkiak eta frutak ekoizteko, euskal herritarrek kontsumitzen dutenaren %4 baino ez da ekoizten hemen. Horregatik, inbidiaz begiratu dio kolonbiarrek nekazaritzaren eta hari lotutako kulturaren inguruan duten kontzientziari.
Kultura eta lana
Hain zuzen ere, kulturari lotutako borrokan ari dira Cajamarcako ekintzaileak. Cajamarca eta Anaimeko Ingurumen eta Nekazaritza Batzordeak heziketaren eta kulturaren bidez egiten du ahuakate monolaborantzaren aurkako borroka, beti bide baketsuak erabilita. «Lan handia eskatzen du, hirigunetik urrutien bizi den nekazariarengana ere heldu nahi dugulako». Besteak beste, departamentuko unibertsitate publikoa den Tolimako Unibertsitatearekin elkarlanean dabiltza, eta Tolimako Ingurumen Batzordearekin martxa bat antolatzen dute urtero Ingurumenaren Mundu Egunerako.
Bizkaian ere badago monolaborantzak eragiten dituen kalteen inguruko kontzientzia. Nicholsonek uste du bere aititeren belaunaldiak eta bereak pinuaren inguruan duten iritzia ez dela bera. «Bizitzeko bitartekoak kentzen dizkigun jarduteko modu bat asumitu dugu. Diru goseak etika eta zentzu komuna garaitu ditu. Yayo Herrero ekintzaile ekofeministak esaten duen legez, gure bagoiko egurrarekin ari gara trena elikatzen. Zorionez, jendea arazoaz ohartzen ari da gero eta gehiago».
«Azkenean, nekazaritzak balioa galdu du, eta bizitzari eusten dioten elementuak galdu ditugu: ura, lurra, airearen kalitatea…».
SARA NICHOLSON Gernikatik Mundurako kidea
Esaterako, Nicholsonek kontatu duenez, Lurgaia fundazioa baso hektarea mordoa tokiko espezieekin birlandatzen ari da. Xingola marroiaren krisian Kolore Guztietako Basoak izeneko plataforma sortu da, tokiko basoa babesteko. Basos kolektiboa ere lanean ari da Gernika inguruan. «Hainbat herritan lur publikoak baso autoktonoa landatzeko utzi dira, eta baso jabeek diputazioari ere saldu dizkiote lursailak, asmo berarekin».
Erakunde publikoetatik egiten ari diren esfortzua eskertu du Nicholsonek. Esaterako, diputazioak eukalipto landaketak murriztu eta tokiko basoa landatzeko politikak onartu ditu. Baina, aldi berean, kezka agertu du lur jabeek saldu dizkioten sail horiekin zer egiten ari den. «Denbora pasatu arren, ez dabil landaketak egiten. Berez ere sortuko da basoa, baina lagunduz gero, lehenago lortuko genuke».
Basoak espezieak
Cajamarcako herritarrek eta Busturialdekoek, bada, asko ikas dezakete elkarrengandik, Camilok eta Nicholsonek esan dutenez. Kolonbiarrei elkarlan honek «babesa» eman die: «Atzerritarrak uzkur hartu izan ditugu, atzerriko kapitalaren mehatxuen beldur garelako, baina ikusi dugu atzerritik elkartasuna ere ailega daitekeela». Hobetzeko kontuak ere ikasi dituzte. «Ohartu gara gure lurra kanpoko erasoetatik babesteaz gain beste ikuspegi batzuetatik ere babestu behar dugula: generoa, dekolonialismoa…».
Kolonbiarrak ere izan dira eredu euskal ekintzaileentzat. «Herri galdeketa bat egin zuten, eta meategiaren proiektua gelditzea lortu zuten. Egingo al dugu guk Busturialdean galdeketarik? Erabakiko al dugu eukalipto gehiagorik nahi dugun, gure ura zelan kudeatuko dugun?», dio Nicholsonek. «Han badute herri indar bat, hemen ez duguna. Kudeaketaren ardura osoa estatuaren, erakundeen eta enpresen esku utzi dugu guk. Beste harreman bat dugu kapitalarekin; maiteminduago gaitu».
Busturialdea eta Cajamarca, elkarlanean
Gernikatik Mundura GKEak bultzatutako Gerizpetatik 11 izpi proiektuaren bitartez sustatu dute Busturialdearen eta Kolonbiako Cajamarca herriaren arteko elkarlana. Ikertu dute «megaproiektu transnazionalek zelan jartzen duten arriskuan lurraldeen etorkizunaz erabakitzeko gaitasuna». 2020an hasi ziren lanean, Cajamarcako eta Busturialdeko kolektibo nagusiak identifikatu zituzten, eta kolektibo horien marjinalizazio kontakizunak bildu ziren. 2022tik bigarren fasean dabiltza, indarkeria errealitate horien inguruko pedagogia eginez eta alternatibak eskainiz. Proiektu horren barruan etorri da Kolonbiako Resistencias fundazioko Daniel Camilo Gernika-Lumora. Atzo, berbaldia egin zuen Gernikatik Mundurako Sara Nicholsonekin batera, 34. Kultura eta Bakearen Jardunaldietan. Gerizpetatik 11 izpi proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gernika-Lumoko Udalaren babesa dauka.