Denbora da poligrafo bakarra». Horrela kantatu ziguten Berri Txarrak-ekoek. Arin egiten du aurrera denborak, fite. Asko izan dira bizitzaren abiadurari erreparatu dioten pentsalari, idazle eta aristak. «Tempus fugit» idatzi zuen Virgilio poeta erromatarrak aspaldi. Asteartean, poesiaren Olinpoan zizelkatzeko moduko hausnarketa irakurri nuen txiolandian: «Fermin Muguruzaren kontzerturako sarrerak eskuratzeko webgunea eguneratzeko esperantza duzun bitartean igarotzen den hori da bizitza». Luzea da kontzerturako falta den denbora, eta laburra, oso laburra, sarrerak agortzeko behar izen dena. Duela hiru aste egin nizuen bisita zutabe honetatik, eta abiadura oso bizian Athleticen garaipena, gabarra, Villalibreren diskurtso historikoa eta hauteskundeak pasatu dira. Azken unean Cartujarako sarrera eskuratu eta gabarra familia eta lagunekin bizi izan dudan bitartean, hauteskundeak beste modu batean bizi izan ditut —Enpresabidea-rako analista betaurrekoak jantzita jorratu ditut—.
Abiada biziegian zihoalako mundua gelditzeko eskatzen zuen Mafaldak, bertatik jaisteko. Arrazoirik ez zitzaion falta Quino arista handiaren kumeari, egia esan. Arinegi bizi gara eta bizitzaren opari txikiez ez gara ohartzen. Hala, oharkabean pasatu zait bi urte pasatu direla Enpresabidea.eus euskarazko ekonomiari buruzko egunkaria abiatu genuenetik. Kataluniako lagunen babesa genuela ekin genion aurrera, lankide eta kolaboratzaile zoragarriz lagunduta. Euskararen eta ekonomiaren arteko arrakala bukarazi nahi genuen, ekonomia euskaraz ere jorratu nahi genuelako, ekonomia etxekotuz. Zorotzat hartu gintuzten askok, ekonomiaren informazioaren far west basati horrek irentsiko gintuelakoan. Korrontearen kontra joatea leporatu ziguten beste askok, sortu ziren tokira bueltatzen diren izokinak bezala.
Ekonomia modu zabalean ulertzen dugu eta hainbat gai jorratzen ditugu, Euskal Herritik eta euskaraz. Izokinak bezala, hori bai, ibaian gora egiten dugu, kontrakorrontean.
Bitxia bada ere, izokin kolorekoak dira, atzo Pilar Kaltzadak Enpresabidea-n idatzitako editorialean gogoratu bezala, informazio ekonomikoa jorratzen duten egunkariak. Joan den mendetik omen dator ezaugarri hori, Financial Times egunkariko zuzendariak erabakita, elkarren antz handiegia zuten askotariko egunkarietatik ezberdintzeko. Gurea ez da, inondik inora, izokin erako prentsa ohikoa. Ekonomia modu zabalean ulertzen dugu eta hainbat gai jorratzen ditugu, Euskal Herritik eta euskaraz. Izokinak bezala, hori bai, ibaian gora egiten dugu, kontrakorrontean. Bidelagun asko izan ditugu bi urte hauetan aurre egiten lagundu digutenak; BERRIAko lagunak, besteak beste. BERRIA bera da korrontearen kontra egiten duen prentsaren beste adibide bat; izokin-kolorerik bakoa, hori bai. Egunero-egunero (aste honetan hala izan da) mundua euskaraz irakurri ahal izateko lan egiten, kontrakorrontean; eraso judizialen aurka, besteak beste.
Ez da erraza kontran bizitzea. Euskaraz bizi nahi duen orok argi du hori, baina gure txikitasunetik, gure kontraesanak kontraesan (horiek ere kontra) aurrera egiten dugu, pasioz. Eta, Berri Txarrak-en kantan bezala, pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Arinegi doan mundu honetan, egunerokotasunaren altxor txikietan ohartzeko betarik ematen ez digun unibertso txiki honetan, aurrera goaz, bidea erraza ez bada ere.