Sopelako natura eta kultura, bilduta

Sopelako natura eta kultura, bilduta

​Telebistari adi-adi begira dago haur bat Sopelako Kurtzio kultur etxean. «Begira, ama», esan dio hatzaz pantaila seinalatuz. Orkatz bat ageri da, erreka bazter baten inguruan aurrera eta atzera. «Non da hori?», galdetu du. Eta amak erantzun, zalantzarik egin gabe: «Sopelan!». Askorentzat ezezaguna izan arren, ondare natural eta kultural aberatsa dago Sopelan, Kiribile elkarteak ondorioztatu duen bezala. Herriko biodibertsitateari buruzko inbentarioa osatu dute, eta, pixkanaka-pixkanaka, zerrenda «handitzen eta aberasten» joatea espero dute. Espezie horietako batzuk argazki erakusketa batean bildu dituzte, kultur etxean. Apirilaren 30era arte bisitatu ahal izango da. 

INaturalist delako aplikazioa erabili du Kiribile elkarteak inbentarioa osatzeko. «Oso erraza da erabiltzeko», aurreratu du Irantzu Goitia Kiribileko kideak. Ordenagailutik zein sakelako telefonotik sar daiteke bertara, eta, erregistratu ondoren, edonork egin dezake ekarpena. «Kalean zaudenean animaliaren bat edo landareren bat identifikatuz gero, argazkia atera eta plataformara igotzen duzu».

Kasu batzuetan, gerta daiteke animalia edo landarea identifikatzea, baina pasa daiteke horien inguruan «ideiarik ez izatea» ere, Goitiak kontatu duenez: «Ez da ezer gertatzen. Aplikazioan badaude behatzaile batzuk, eta horiek arduratzen dira sailkapen zehatza egiteaz».

«Guztion artean osatu nahi dugu inbentarioa, auzolanean. Izan ere, herritar guztiok parte hartzen badugu, askoz ere aberasgarriagoa izango da».
SONIA POLO Sopelako Kiribile elkarteko kidea

Oraingoz, 480 espezie sailkatu dituzte, guztira, Kiribileren karpetan —animaliak eta landareak, nahastuta—. Hala ere, Sonia Polo elkarteko kideak argi utzi du aurkeztu duten zerrenda ez dela definitiboa: «Dastatzeko menu bat da, lagin bat». Goitiak gaineratu duenez, baina, badute hori osatuz joateko asmoa: «Elkartearen hasieratik gabiltza inbentarioa osatzen, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu». 

Aurrerantzean, zerrenda «handitzen eta aberasten» joango direla azpimarratu du Polok: «Guztion artean osatu nahi dugu inbentarioa, auzolanean. Izan ere, herritar guztiok parte hartzen badugu, askoz ere aberasgarriagoa izango da». Gurutze Ezkurdia elkarteko kideak gaineratu du halako proiektuei esker udalerriko biodibertsitatea ezagutzeko aukera areagotzen dela: «Eraikinetatik, txaletetatik eta surfetik harago, bizia dago herrian, eta zaindu eta ezagutu behar dugu. Espero dugu inbentarioari esker, jendeak herriko ondare kulturalari eta naturalari bere balioa ematea».

«Eraikinetatik, txaletetatik eta surfetik harago, bizia dago herrian, eta zaindu eta ezagutu behar dugu. Espero dugu inbentarioari esker, jendeak herriko ondare kulturalari eta naturalari balioa ematea».
GURUTZE EZKURDIA Sopelako Kiribile elkarteko kidea

Landare, onddo, hegazti zein narrasti horietako batzuk Kurtzio kultur etxean jarri dituzte ikusgai, panel batzuen bitartez. «Kartel oso didaktikoak dira: ez gara sartu teknizismoetan, modu ulergarrian eta argian idatzita daude azalpen guztiak», nabarmendu du Ezkurdiak. Horrez gainera, tokiko faunaren aniztasuna erakusten duen bideo bat jarri dute argazki erakusketaren sarreran. Apirilaren 30era arte bisitatu ahal izango da, eta, aurrera begira, herriko beste espazio batzuetara ere hedatu nahi dute. «Erakusketa ibiltaria izatea gura dugu, herritik mugitzea», adierazi du Goitiak.

Eraztun Berdea helburu

Elkartearen sorreratik izan du argi bere helburua Kiribilek: Sopelan Eraztun Berdea sortzeko konpromisoa du. «Ondare natural eta kultural aberatsa dago gure herrian, eta horri balioa eman nahi diogu», nabarmendu du Polok. Baina hori lortzeko uste du aurrez «ezinbestekoa» dela udalerriko errealitatea ezagutzea, eta inbentarioak lan hori egiten lagundu dezakeela. Ez da halako proiektu bat martxan jarri duten lehendabiziko aldia, gainera: joan den urtean, herriko enaren eta sorbeltzen mapa osatu zuten.

Inbentarioaz gain, Eraztun Berdearen Kontseilua sortu dute herrian, udaleko ordezkariekin, herriko eragileekin zein herritarrekin lankidetzan. Bi hilean behin egiten dituzte bilerak, eta bertan ari dira Eraztun Berdearen inguruko proposamenak garatzen. Izan ere, elkartearentzat, «funtsezkoa» da erabaki guztiak «auzolanean eta elkarlanean» hartzea. Besteak beste, Eraztun Berdeak honako oinarri hauek izatea espero dute: babes naturaleko perimetro bat ezartzea, zuhaitz autoktonoentzako eremuak berreskuratzea, herriko ondare historiko eta kulturala babestea, eta biodibertsitatea kontserbatzeko urratsak egitea.

«Gauzak antolatzeko gogotsu eta motibatuta gaude elkarteko kide guztiok; beraz, ahal duguna egiten joango gara».
IRANTZU GOITIA Sopelako Kiribile elkarteko kidea

Kiribile elkarteak maiatzean hiru urte beteko ditu, eta hango partaideak pozik daude orain arte egindako ibilbidearekin. «Talde oso heterogeneoa gara: adin eta profil askoko kideok parte hartzen dugu», esan du Polok. Horiek guztiak, baina, zaletasun berak elkartzen ditu: naturak. «Naturaren inguruan murgilduta gauden edo interes handia dugun jendea gara elkarteko kide».

Sopelako Kiribile elkarteak ondutako inbentarioaren aurkezpena, zapatuan, Kurtzio kultur etxean. KIRIBILE ELKARTEA

Joan den asteburuan Naturaren Lehen Jardunaldiak egin zituzten Kurtzion: dokumentalak, hitzaldiak zein kontzertuak antolatu zituzten. Elkarteko kideak «oso pozik» geratu dira herritarren harrerarekin, eta jende ugari agertu dela nabarmendu dute. «Gogorra izan da, baina merezi izan du», esan du pozik Goitiak. Aurrera begira, ideia asko dituzte buruan bueltaka. «Gauzak antolatzeko gogotsu eta motibatuta gaude elkarteko kide guztiok; beraz, ahal duguna egiten joango gara».