Okil beltzen bikote bat agertu da Getxon, lehendabiziko aldiz

Okil beltzen bikote bat agertu da Getxon, lehendabiziko aldiz

​Ez da zaila okil beltza identifikatzea: beltza da, eta buru gaina gorria du. Orain gutxira arte, populazio txiki samarra izan du Bizkaian, baina, azken urteotako hedatze azkarraren ondorioz, gero eta gehiago ikus daitezke. Joan den astean, esaterako, lehendabiziko aldiz topatu dute Getxon: okil beltzen bikote bat aurkitu du Getxoko Udaleko Ingurumen Unitateko Faunaren Jarraipenerako Taldeak.

Hegazti arrunten azterketarako eta jarraipenerako laginketa eremu batean aurkitu zuten espezie hori, Xabi Buenetxea Ingurumen Unitateko Faunaren Jarraipenerako Taldeko kideak azaldu duenez: «Hainbat adierazle ditugu jarraipenak egiteko. Horietako batean, ibilaldi bat egiten dugu hilabetean behin, eta ikusten eta entzuten ditugun hegazti guztien izenak apuntatzen ditugu. Hala aurkitu genuen okil beltza». 

«Pixkanaka, Bizkaia kolonizatuz joan da espezie hori. Gaur egun, ez da horren arraroa okil beltza ikustea edo entzutea, baina Getxon lehendabiziko aldiz antzeman dugu».
XABI BUENETXEA Getxoko Udaleko Ingurumen Unitateko Faunaren Jarraipenerako Taldeko kidea

Taldeak antzeman dituen jokaeren arabera, badirudi bikotea ugaltzeko lurralde berri batean finkatzen dabilela: «Ez dugu habiara askorik hurbildu nahi izan, ez gogaitzearren. Badakigu non dauden, zer zonatan, baina ez gara askorik gerturatu». Hala ere, «noizean behin» jarraipenak egiten dituzte oraindik ere, kontatu duenez: «Zona horretara hurbildu, eta entzun eta ikusi egiten ditugu. Gure kalkuluen arabera, laster jaioko dira txitak. Ea zenbat jaiotzen diren».

Buenetxeak esan du orain dela urte gutxira arte oso okil beltz gutxi ikusten zirela Bizkaian, baina, orain, azkar hedatzen ari dira: «Pixkanaka, Bizkaia kolonizatuz joan da espezie hori. Gaur egun, ez da horren arraroa okil beltza ikustea edo entzutea, baina Getxon lehendabiziko aldiz antzeman dugu».

Espezie mehatxatua

Euskal Herriko zazpi okil espezieetatik handiena da okil beltza. «Baita ikusgarriena ere», azpimarratu du Buenetxeak. 45-48 zentimetro luze da, eta haren hegalak, berriz, 70 zentimetrotik gora zabal. Gainerako okilen antzera, mokoarekin enborrak zulatzeko gaitasuna da haren ezaugarririk deigarriena, Buenetxeak adierazi duenez. Arraroen kategoriaren barruan sartuta dago Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko katalogoan.

Hala, okil beltzaz gainera, beste hiru espezie bizi dira Getxon: arotz txikia, arotz handia eta okil iberiarra edo okil berdea.