Lea-Artibai da Bizkaiko eskualderik euskaldunena. Herritarren %80,23 euskaldunak dira han, Eustaten 2021eko estatistiken arabera. Beste muturrean dago Enkarterri, eta ez soilik geografikoki: inkesta beraren arabera, herritarren %31,58 dira euskaldunak. Datuei erreparatuta, Enkarterriko egoera ez da ona, baina aitortzekoa da azken berrogei urteetan eskualdea euskalduntzeko egin duten ahalegina. Izan ere, 1981eko inkestaren arabera, %1,02 ziren euskaldunak —Lea-Artibain, %81,88 ziren orduan—. «Sodupeko gau eskolan eskolak amaitzen genituenean, 22:00 aldera, taberna batera joaten ginen zerbait hartzera. Han egoten zirenentzat, gu los raros ginen. Enkarterrin, euskaldunok los vascos ginen. Ez zegoen euskaldunik, eta euskararen inguruko jarrera ezkorra zen garai hartan», gogoratu du Lourdes Gaunak. 1970eko hamarkadan hasi zen euskalduntzen; hizkuntza ikasi eta berehala ekin zion herrikideei euskara irakasteari Sodupeko (Gueñes) gau eskolan. Hainbat hamarkadaz AEKn ibili ondoren, erretiroa hartu du oraintsu. Bihar omenaldia egingo diote Sodupeko plazan (13:00).
Gaunari berari, eta hamarkada hauetan gau eskoletan, AEKn, euskaltegietan, ikastoletan eta eskola publikoan eskualdea euskalduntzeko lan egin duten guztiei egingo diete aitortza bihar. Omenaldia egitea Agurtzane Hurtadori bururatu zitzaion. Hura ere bada euskalduntze lan horretan parte hartu dutenetako bat: AEKn hasi zen irakasle, ikastolan ibili da gero, eta eskola publikoan dabil orain. «Lourdes Gauna Enkarterrin pertsona garrantzitsua da euskaldunontzat. Ez da edonor. Pentsatu nuen eskertu behar geniola egin duen lana. Baina ezin da omendu pertsona bakarrik. Lourdes jo eta su ibili da frankismo garaitik hona. Lan hori modu kolektiboan egin da, eta Lourdes da talde horren ikurra. Horregatik, haren omenaldia jende horri guztiari ere aitortza egiteko aprobetxatuko dugu», azaldu du Hurtadok.
«Enkarterrin, euskaldunok ‘los vascos’ ginen. Ez zegoen euskaldunik, eta euskararen inguruko jarrera ezkorra zen garai hartan».
LOURDES GAUNA Enkarterrin euskara irakasle izandakoa
Omenaldiaz gain, erakusketa bat ere atondu dute, 1960ko hamarkadatik egindakoa plazaratzeko. Asmoa da herriz herri erakustea, udara bitartean. Lehentasuna eskualdeko DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek izango dute: Karrantzakoak, Balmasedakoak, Zallakoak eta Sodupekoak. Informazioa eta irudi historikoak bildu dituzte, eta horiekin hamar panel osatu. «Euskalduntze prozesuaren mugarri nagusiak jaso ditugu», esan du Hurtadok.
Lehen pausoak, elizetan
Gaunak aitortu du prozesu «luzea eta astuna» izan dela: «Urte batzuetan mundu guztiaren kontra ibili behar izan dugu». Hala ere, tarteka izan dituzte bidelagunak. Erakusketak 1966tik aurrera egindako bideari erreparatzen dio. Lehen urte haietan euskalduntzeak izan zuen aliatu nagusia Eliza izan zela kontatu dute Gaunak eta Hurtadok. Ikastola izenarekin, elizetako lokaletan ume eta helduei euskara irakasten zieten, denei batera. Halako batean hasi zen Gauna ikasten, Sodupen. «Bazegoen mugimendu bat EAJren ondokoa, eta horiek euskaldunak ziren. Horko jende askok egin zuen lan euskararen alde. Sodupen 1972an sortu zuten euskara ikasteko lehen taldea. Elizara bildu ziren euskara ikastera. Don Ignazio abadeak baldintza bakarra ipini zuen: hari ere euskara irakastea».
Gutxi gorabehera, Gauna 1975aren bueltan hasi zen euskalduntzen Sodupeko elizako eskola horretan, «etxeko giroak» bultzatuta: «Gurasoak nazionalistak ziren. Haien ahotan beti zeuden aberria eta euskara. Aukera izan genuenean, ahizpa eta biok euskara ikasten hasi ginen». Sodupeko martxa motela zela eta, Gauna azkenean Bilbora joan zen euskalduntze prozesua bukatzera, eta, lortu zuenean, Sodupen hasi zen irakasle. Ordutik hori izan du ofizio.
Olentzeroren lehen kalejira, Turtziozen eta Artzentalesen, 1987an, AEK-ko ikasleek antolatuta. AEK
Enkarterriko herri gehienetako gau eskoletan ibili izan zen irakasle. Gogoratu duenez, hasiera haietan gau eskola bakoitza autonomoa zen. Irakasle gehienak eskualdetik kanpokoak ziren. «Kostaldekoak ziren asko, Bilbora unibertsitate ikasketak egitera joandakoak. Ez zuten autorik izaten, eta bila joan behar izaten genuen, eta eskola emandakoan Bilbora eraman bueltan. Jende askok parte hartu zuen euskalduntzea bultzatzen, nahiz eta gero haiek ez zuten euskaraz ikasi. Horiek ere merezi dute aitortza», azpimarratu du Gaunak.
Juan Bengoetxea medikuak sustatuta, Enkarterriko Euskalduntze Erakundea sortu zen 1970eko hamarkada bukaeran. Besteak beste, elkarte horrek kultura astea antolatu zuen, eskulan erakusketa bat egin zuen Zallan, eta Avellanedako batzar etxera (Sopuerta) martxa bat egitera deitu zuen; 1979ko urtarrilaren 14an egin zuten. Telesforo Monzonek sortu zuen egun hartarako ereserkia. «Oso berezia izan zen; egun garrantzitsua Enkarterriko euskaldunentzat», azaldu du Hurtadok.
Gau eskolak indarra hartzen ari ziren. Aldi berean, EAJ eskualdeko batzokietan euskara irakasten hasi zen. «Borroka sortu zen, zer euskara irakatsiko zen: bizkaiera edo euskara batua». Azkenean euskara batuak hartu zuen lehentasuna. AEK 1976an sortu zen, 1980ko hamarkadan ailegatu zen Enkarterrira. Gau eskolek AEKn sartzea erabaki zuten. Irakasleek glotodidaktika ikastaroa jaso zuen. 1987an ireki zen AEKren euskaltegia Zallan, eta, Gaunak azpimarratu duenez, eskualdeko herri gehienetan ipini zituzten ikasgelak. Egun ere, egoitza nagusia Zallan duten arren, Alonsotegin, Gordexolan eta Balmasedan ere eskolak ditu. 1987an zabaldu zen HABE sareko lehen udal euskaltegia ere Enkarterrin. 2008tik Hizkuntza Eskolan ere ikas dezakete euskara, Zallan.
D eredua, kostatuta
Gaunak gogoratu duenez, Mari Arriaga izeneko andre batek, Lezokoa (Gipuzkoa) sortzez, Sodupen Etxebarria kooperatibak zuen lokal batean euskarazko eskolak ematen zizkien ume txikiei. «Bizkaieraz irakasten zien; batzuek bazekiten irakurtzen, baina ez denek». Geroago sortu zen Sodupeko ikastola, guraso talde batek bultzatuta, elizan. Irakaslea Nekane Urrutia zen. «Uste dut eskualde guztian euskara titulua izan zuen lehen irakaslea izan zela». Elizatik atera, eta lekaimeek zeukaten kolegio batera pasatu zen gela hura. Gero handitu egin zen, eta hala sortu zen ikastetxe moduan. Ikastolak publiko bihurtzeko prozesuan, publiko egin zen. Gauza bera geratu zen Gordexolako ikastolarekin ere. Gaur egun Ikastolen Elkarteko itunpeko ikastetxe bakarra dago Enkarterrin: Balmasedako Zubi Zaharra ikastola. 1972an sortu zen, guraso talde batek bultzatuta, kooperatiba moduan.
Nekane Urrutia irakaslea, Sodupeko ikastolan (Gueñes), 1970eko hamarkadan. NEKANE URRUTIA
Hurtadok azpimarratu du D eredua berandu ailegatu zela sare publikora eskualdean. Zalla izan zen aitzindaria. «Gurasoen borrokari esker, 1989an B eredua D eredu bihurtu zuen Eusko Jaurlaritzak. Gogor borrokatu behar izan zuten, Jaurlaritza ez baitzegoen prest. Esaten zuen euskara apurka-apurka sartu behar zela».
Hurtado irakaslea da, baina baita gurasoa ere. Semeak ditu, eta, esan duenez, ez dute prozesu horren kontzientziarik: «Uste dute beti egon dela eskolan euskaraz ikasteko aukera, baina D eredua ez da hain kontu zaharra». Lortu nahi dute gazteek eskualdea euskalduntzeko prozesua nolakoa izan den jakitea. «Hemen euskara ez da berez zabaldu; horretarako lan egin duen jende asko egon da», adierazi du Hurtadok.
Asko geratzen zaie egiteko ezagutzari dagokionez, baina, batez ere, erabileran. «Nik euskaraz betiko jendearekin egiten dut. Euskaldunontzat oso zaila da Enkarterrin euskaraz bizitzea», esan du Gaunak. Hurtadok eskolan ipini du arreta: «Esaten da ez duela euskalduntzen, baina uste dugun baino gehiago egiten du. Pandemian ikusi dugu hori. Atzeraka egin dugu umeak eskolara joan ez direlako», azaldu du irakasleak. Aisialdian, kirolean, kalean… euskarazko eskaintza falta dutela iruditzen zaio Hurtadori; umeentzat euskara «eskolako hizkuntza» bihurtu dela deritzo.
«Enkarterrin euskara ez da berez zabaldu; horretarako lan egin duen jende asko egon da».
AGURTZANE HURTADO Euskara irakaslea Enkarterrin
Erakusketaren bidez gazteen konpromisoa piztu nahi dute, besteak beste. «Zer egiteko prest zaudete?», bota du galdera Hurtadok. Gaunak gogoratu duenez, haien garaian 18-20 urteko gazteen konpromisoak ipini zuen martxan euskararen aldeko mugimendua Enkarterrin. Orain ez du horretarako borondaterik ikusten AEK-ko irakasle ohiak: «Euskaltegian izena ematen dutenak titulu bila joaten dira. Ez dute euskara ikasten euren hizkuntzatzat daukatelako, gero erabiltzeko asmoa dutelako».
Korrika eskualdetik pasatzen den aldiro, jendetza joaten da lekukoaren atzetik lasterka. «Baina hori ez da nahikoa, gero ez baduzu euskara ikasteko konpromisorik hartuko», esan du Gaunak. 2007an, 15. Korrika Enkarterritik abiatu zen, Karrantzatik. Herrian izan gabea zen euskararen aldeko lasterketa. Gauna ibili zen antolatzaile lanetan. Aurreko urtean Bilboko AEKn irakasle hasteko eskatu zuen, baina Edurne Brouard Korrikako orduko koordinatzaileak beste urtebetez Enkarterrin jarraitzeko eskatu zion, prestaketetan parte hartzeko.
«Itzela izan zen. Lan handia egin genuen, baina poz handia eragin zigun. Eskualdeko euskaldunontzat energia dosi bat izan zen», gogoratu du Gaunak. Hala ere, ez batak ez besteak ez dute uste «erdaldunen artean arrasto handirik» utzi zuenik. «Oraindik ere euskarak prestigioa falta du inguru hauetan», kexatu da Gauna. Aurtengo Korrika ere berezia izan du, gainera: Baionan, azken kilometroan, lekukoa eroan zuen, erretiratu den arte Enkarterrin eta Bizkaian euskara irakasten egindako lana eskertzeko.