Minerala kiskaltzeko labeak

Minerala kiskaltzeko labeak

​Kargategiek, garbitegiek eta meatzaritza lanari lotutako bestelako azpiegitura batzuek osatutako ustiategi erraldoi baten parte izan zen Ortuellako Apold-Fleisner labea. 1962an inauguratu zuen Franco-Belga konpainiak, Trianoko mendietatik ateratako siderita kiskaltzeko, eta horretarako erabili zuten harik eta 1975ean zarratu zuten arte. Hainbat hamarkadaz bertan behera utzita egon ostean, 2008an Eusko Jaurlaritzak monumentu kultural izendatu zuen, eta, horri esker, zaharberritu egin zuten. 2013an, zaharberritzea saritu zuen COAVN Hego Euskal Herriko arkitektoen elkargoak. 

Labe iraultzailea izan zen, Apold-Fleisner motakoa. Sortzaileen abizenetatik datorkio izena: Anton Apold eta Hans Fleissner austriarrak. Halako lehen labea 1927an jarri zen martxan, Donawitzeko fabrikan (Austria). Ortuellakoa 1958 eta 1962 artean eraiki zuten, Austriakoa eredu hartuta. Egitura hormigoi armatuzkoa du, nahiz eta Europako gehienak metalezkoak ziren. Labe bi zeuden arren, bakar batek funtzionatu zuen. Aurrerapen tekniko handia izan zen: fuel olioa erabiltzen zuen ikatzaren ordez, eta erregaia ez zen mineralarekin nahasten. Hala, minerala galtzea saihesten zuten, eta kostuak merkatzen zituzten.

Gura zen tenperaturan sar zitekeen airea labera: 700 eta 800 gradu artean. Horrela, minerala hobeto kiskaltzen zen, eta ekoizpena handitzen zen: egunean seiehun tona kiskali zitezkeen. Franco-Belga konpainiaren beste 22 labe tradizionalek zazpiehun tona ekoizten zituzten denera. Karbonato gordina goiko aldetik kargatzen zen, skip baten bidez. Hautsa eta kea ateratzeko sistema bat zuen. Kiskaltzea oso kutsagarria zen. 

Eraikin «latza»

Ramon Garitano arkitektoak zaharberritu zuen, 2009 eta 2011 artean. Haren arabera, eraikina «latza» zen, eta zaharberritzean ere horri eutsi nahi izan zion. Labeak korten altzairuarekin estali zituen, baina goiko eta beheko aldeak agerian utzita. Oinarriak kiskalitako sidenitaz estalita topatu zituzten; garbitu egin zituzten, eta zeuden moduan utzi. Goiko aldean kristalezko estalkiak ipini zizkieten, euririk ez sartzeko. Guztira, 628,50 metro koadroko eraikina zaharberritu zuten. Beste 543 metro koadro gehitu zizkioten eraikinetik magalera, ikasgelak eta aretoak sortzeko. Garitanok labeen eraikinaren filosofia berari eutsi zion zati berria diseinatzean. 

ORTUELLAKO APOLD-FLEISNER LABEA

Helbidea. 

Granada industrialdea. Ortuella.

Bisita. Labeak eta inguruko eraikina kanpotik ikus daitezke.
Webgunea. Ortuella.eus.