FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, munduko jaki ekoizpenaren herena alferrik galtzen da urtero. Egoera horren inguruan geroz eta kontzientzia handiagoa dago azkenaldian, eta, berrikuntzei esker, gehiago dira hori konpontzeko moduak. Horietako bat da Plentzian jarri duten Zero Zabor fundazioaren proposamena: Rexcatering. Plentziako institutuko jaki soberakinak biltzen ditu, salmenta makina baten bitartez: martxoan, kasurako, 133 kilo janari bildu dituzte.
Zero Zabor fundazioak azaroan abiatu zuten proiektua, Plentziako Udalarekin lankidetzan. Udaletxeko arkupeetan jarri zuten salmenta makina, eta, ordutik, edozein herritarrek har ditzake handik jakiak, Alvaro Saiz Ruiz Rexcatering proiektuko arduradunak kontatu duenez: «Plentziako institutuan sobran geratutako elikagaiak eramaten ditugu salmenta makinara, elikagaiei beste aukera bat emateko asmoarekin, eta handik, edonork har ditzake, kosturik gabe».
«Plentziako institutuan sobran geratutako elikagaiak eramaten ditugu salmenta makinara, elikagaiei beste aukera bat emateko asmoarekin, eta handik edonork har ditzake, kosturik gabe».
ALVARO SAIZ RUIZ Plentziako Rexcatering proiektuko arduraduna
Janaria prestatzen den sukaldean hasten da prozesua. Plater bakoitza prestatu den ontzitik ontzi indibidualetara eramaten dira soberakinak, eta termikoki zigilatu. Ondoren, etiketak ipintzen dituzte, eta hozkailura eraman. Martxoan, adibidez, 583 errazio osatu dituzte 133 kilo elikagai baliatuta. Gaineratu dute makina martxan egon den egunetan gehienez sei orduan hustu dela.
Janaria prest eta zerbitzatzeko moduan dagoenez, baditu arriskuak; elikagaiak dohaintzan eman nahi dituenak jakin behar du tratamendua egokia dela une oro. Horretarako, baina, badute kontrol sistema bat, Saizek zehaztu duenez: «Prozesu sanitario baten bitartez egiten da kontrola: makinara doazen elikagai guztiak ontziratu egiten dira, eta termozigilatu. Jakiak lau egunen buruan iraungitzen dira».
Proiekturako sortutako aplikazio bati esker, ontzi bakoitzaren etiketek askotariko informazioa eskaintzen dute. Era berean, norbaitek makinatik ontzi bat ateratzen duen bakoitzean, makinak informazioa bidaltzen die eskolan janaria prestatzen dutenei. Besteak beste, horri esker jakin dezakete zer menutan sortzen den soberakin gehien.
Ikasleentzako onuragarria
Janaria berreskuratzeko ez ezik, hezkuntza alorrerako ere «oso garrantzitsua» da proiektua, Saizen iritziz: «Ikasleak asko inplikatzen dira: haiek kudeatzen dute makinetako jatekoa, etiketak jartzen dituzte, kontrolak egin…». Era berean, «kontzientziatzeko modu bat» ere badela uste du: «Egoeraz jakitun izanda, ikasleek errazio txikiagoak hartzen dituzte, handiak hartu beharrean; amaitu ostean gose badira, berriz hartzen dute, janaririk alferrik ez galtzeko. Eskolatik kanpo ere, kontzientzia hartzen dute».
Zehazki, Galdakaoko Hozkailu Solidarioa izeneko proiektua izan zen aitzindaria, 2021ean. «Lehen urte hartan ohartu ginen soberakin batzuk —ospitale eta enpresa handietako sukalde zentraletan eta eskola jantokietan daudenak— bota egiten zirela». Erabaki zuten janari hori aprobetxatuko zuen proiektu bat sortzea, eta, ordutik, hainbat udalerritan abiarazi dute. Plentziako emaitzak ikusita, egitasmoa herriko beste toki batzuetara zabaldu litekeela uste dute fundazioko kideek: «Eskoletan ez ezik, proiektua eguneko zentroetan, zahar etxeetan, enpresetan eta saltokietan ere aplikatu daiteke, baina erabaki hori udalerriaren esku dago».