Bizkaian herri kirolak, arrauna eta esku pilota sustatu nahian abiatu zuten Sustabiz fundazioa, duela urtebete. Geroztik, lan asko egin dute fundazioa ezagutzera emateko, eta herritarren erantzuna «bikaina» izan dela nabarmendu dute fundazioko kideek: «Gure aurreikuspenak %100 betetzen ari garela sentitzen dugu, eta, bide horretan, zaleek ere asko lagundu gaituzte». Aurrera begira, ez dute geldirik egoteko asmorik, eta horren erakusgarri izango da Gure Kirolak Sustatzen programa: belaunaldi berrien artean herri kirolak, arrauna eta esku pilota sustatzeko helburua du proiektuak.
Hiru kirol horiei «bultzada eta ikusgaitasuna» ematea da Sustabiz fundazioaren asmoa, Joseba Etxebarria Sustabiz fundazioko zuzendariak kontatu duenez: «Jesus Manuel Madariaga Gernikako Arkupe pilota elkartearen sortzaileak aipatu zuen gaur egun galtzen ari dela gure kirolekiko lotura edo ezagutza, eta egoera horri buelta emateko asmoz sortu genuen Sustabiz».
Urtebetean «lorpen handiak» eskuratu dituztela uste du Etxebarriak. Horietan nabarmenena, Sustabiz Herri Kirolen Zentroa martxan jartzea, zuzendariaren hitzetan. Gernika-Lumon du egoitza, Gernika Crossfit taldearen boxean —izen hori dute crossfit-ean aritzeko lokalek—. Joan den maiatzean hasi ziren zentroa ezagutzera emateko jarduerak antolatzen, eta, ordutik, 52 erabiltzaile agertu dira askotariko diziplinak probatzera. «Gehienbat, harri jasotzera», zehaztu du Etxebarriak. Gaur egun, hamazortzi kide daude federatuta, eta emakumezkoak dira nagusi: hamabi dira andrezkoak, eta sei gizonezkoak.
«Topaleku sozial bat izan gura dugu, eta jardunaldiak modu ludikoan, jai giroan antolatu nahi ditugu».
JOSEBA ETXEBARRIA Sustabiz fundazioko zuzendaria
Horrez gainera, Europara jauzi egitea ere lortu dute: AEJeST Kirol Tradizionalen Europako Elkartearen kide da egun fundazioa. «AEJeSTko kide izatea harro egoteko modukoa da: esperientzia, ikaskuntza prozesua eta beste maila bateko harremanak osatzea ekarriko du», esan du Etxebarriak. Europa osoko hamazazpi herrialdetako federazioak, fundazioak eta elkarteak daude elkartean: 99 erakunde.
Era berean, askotariko aliantzak egitea ere lortu dute urtebetean. Lau urterako hitzarmenak egin dituzte Busturialdeko udalerriekin, eta Etxebarriak nabarmendu du «oso eskertuta» daudela: «Gure kirolen sustapenaren alde lan egitea guztion konpromisoa da».
Gazteak ardatz
Fundazioak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da ikastetxeekin lan egitea, Sustabizeko zuzendariaren ustez. Izan ere, ume-umetatik hasi nahi dute herri kirolen zaletasuna pizten. Helburu horrekin jarriko dituzte martxan Gure Kirolak Sustatzen jardunaldi parte hartzaileak.
Iaz egin zuten proba pilotua, eta, emaitzak ikusita, eskualdeko hamazortzi udalerritan egingo dituzte jardunaldiak aurten. 6 eta 14 urte arteko gazteentzat izango dira, eta herri kirolarien erakustaldiak ere egingo dituzte. «Zero kilometro izango dira, gainera», argitu du Etxebarriak. Hala, eskualdeko kirolarien lagunak, senideak eta abar bertaratzea espero dute. «Giro berezia sortuko da, ziur».
Jardunaldien bitartez, eskualdeko udalerrien arteko «kohesioa, koordinazioa eta inplikazioa» lortu nahi dute. Era berean, alderdi soziala landu nahi dute, zuzendariaren hitzetan: «Azken urteotan ohartu gara galtzen ari dela kirolaren alderdi soziala. Guk topaleku sozial bat izan gura dugu, eta jardunaldi hauek modu ludikoan, jai giroan antolatu nahi ditugu». Erakustaldiez gainera, beraz, bestelako ekintza batzuk ere prestatuko dituzte: «Speaker bat egongo da, musika, bonoak zozketatuko ditugu, goi mailako kirolariak gonbidatuko ditugu, luntxa egongo da… Oso ondo pasatuko dugu». Argi utzi dute jardunaldiak eskualdean egingo dituzten arren, nahi duten guztiek izango duela horietan parte hartzeko aukera: «Ez da izen ematerik egongo: edonork parte hartu ahal izango du».
Urtarrilaren 27an egin zuten lehenengo jardunaldia, Ajangizen. Haren ostean, Bermeon izango dira apirilaren 3an eta 4an, eta hurrengo egunak aurrerago zehaztuko dituzte.