Antzezlanetatik harago

Antzezlanetatik harago

​Duela hemeretzi urte jarri zuten martxan Artedrama Euskal Laborategia, Aulestin. «Euskarazko antzerkiak eta batez ere antzerki prestakuntzak gabezia bat zuten: oso zaila zen euskara hutsean egitea zerbait». Hori zen sorreraren arrazoia, Ander Lipus Artedramako zuzendari artistikoak esan duenez. Bestelako garaiak zirela azaldu du segidan, eta azpimarratu gaur egun askoz ere ugariagoa dela euskarazko antzerkien sorkuntza. Dena den, ziurtatu du Aulestiko antzerki topagunea garrantzizkoa dela orain ere: «Sasi-sare bat sortu dugu, Gasteizko Zurrunbilo antzerki jaialdiak bezala, non artistek eurek hartzen duten hautua beste modu batean eragiteko». Astelehenean abiatuko dira Artedrama topaketak, XIX.ak, Aulestin, eta, sei egunez, ikasleentzako prestakuntzak eta publiko orokorrarentzako emanaldiak egingo dituzte antzerkigileek.

Beste batzuekin batera, Dantzerti eta antzeko eskoletako ikasleek, aktore amateurrek, antzerkigile profesionalek eta diziplina horretako adituek bat egingo dute topaketetan. «Aurten, zehazki, hamasei ikasle hartuko ditugu. Urtero bezala, kanpoan geratu behar izan dute batzuek, guztientzako lekurik ez dagoelako», kontatu du Lipusek. Euskal Herri osoko jendea pasatzen da jaialditik. «Publiko aldetik beti ondo funtzionatzen duen jaialdi bat da». Hain zuzen ere, kulturgintzan ezagunak diren sortzaileak gonbidatzen dituzte klaseak ematera eta antzezlanak aurkeztera. Aurten, esaterako, Ander Lipus bera, Ainhoa Alberdi, Amaia Bono, Kepa Errasti, Amaia Lizarralde eta Iñaki Ziarrusta izango dira prestatzaileak.

«Sasi-sare bat sortu dugu, Gasteizko Zurrunbilo antzerki jaialdiak bezala, non artistek eurek hartzen duten hautua beste modu batean eragiteko».
ANDER LIPUS Artedramako zuzendari artistikoa

Topagunearen formatuari dagokionez, ez da asko aldatu azken hemeretzi urteotan. «Bere txikitasunean proiektu handi bat dela uste dut, eta hasieratik heldu diogu filosofia horri», esan du Lipusek. Bestalde, jakinarazi du ezen, antzerkigintzaren inguruan «sakontzeko» topaketak izateaz gain, parte hartzaileen arteko harremanak osatzeko ere baliatzen dutela jaialdia: «Antzerkigintzako jende larri elkartzen da, eta, sarritan, antzerki taldeak sortu izan dituzte». Formol konpainia, adibidez. 

Askotariko aukerak

Publiko orokorrarentzako garatutako egitaraua askotarikoa da aurten. «Denetarikoa eta denentzakoa»: hala deskribatu du zuzendari artistikoak. Astelehenetik ostiralera ikusgai izango diren antzezlanak Aulestiko kultur etxean emango dituzte, 21:00etan, eta doakoak izango dira. Xake Produkzioen Postdatarik gabeko gutunak obrak irekiko du jaialdia, eta, ondoren, Ixa Bella piztia, Putaren bakarrizketa eroetxean, Ihesi eta Belarripest taularatuko dituzte, hurrenez hurren. Ostiraleko eta larunbateko ikuskizunetara joan ahal izateko, berriz, bost euroko sarrera ordaindu beharko du publikoak. Aulestiko frontoian interpretatuko dituzte, eta 22:00etan hasiko dira. Gure xaharrak obra emango dute lehenengo, eta Marmarra ikuskizunaren aurrestreinaldiarekin itxiko dute kartela.