Arnasketa arazoen eragile

Arnasketa arazoen eragile

​«Aztertu ditugun hamalau ikastoletatik hiruk besterik ez dute betetzen airearen kalitate ona bermatzeko Europako Batasunaren egungo araudia», adierazi du Francisco Garcia Sagarrak ekologista taldeko kolaboratzaileak. Garbiñe Angulo elkarte horretako beste kolaboratzailearekin batera, Basauriko hezkuntza zentroetako airearen kalitatea neurtzeko ikerketa egin du. «Lehenengo, Salamancan [Espainia] egin zuen Ecologistas en Accion elkarteak, duela lau urte, eta, azterketa interesgarria zela iruditu zitzaigunez, gure inguruko herrietan egitea erabaki genuen», esan du Garciak. Zehazki, nitrogeno dioxido kantitatea neurtu dute, eta hiru parametro izan dituzte kontuan airearen kalitatea nolakoa den zehazteko: «Egungo muga legala (40 ㎍/m3), Europako agintariek etorkizunean ezarri nahi duten muga (20 ㎍/m3) eta OMEk [Osasunaren Mundu Erakundea] gomendatu duena (10 ㎍/m3)».

Ikerketa egin ahal izateko eta nitrogeno dioxido kantitatea «behar bezala» neurtzeko, 90 probeta kokatu dituzte Basauriko hezkuntza zentroetan, eta lau astez utzi dituzte zintzilik, mugitu gabe. Eskuratutako emaitzei dagokienez, Sagarrak ekologista taldeak ondorioztatu du hezkuntza zentro guztietako nitrogeno dioxido kantitateak OMEk gomendatutako maximoa gainditzen duela. Horrez gain, jarritako probeta guztietatik 47k gainditu dute Europako Batasunak etorkizunean ezarri nahi duen muga. Hamabost probetak besterik ez dituzte jaso balore hori baino txikiagoak diren datuak, eta eraikinen barruan kokatu dituztenak izan dira. Kontrara, hezkuntza zentroetako sarreretan eta trafikoa dagoen guneetatik gertu dauden ikastetxeetan, 35 ㎍/m3 mailatik gorako datuak ere bildu dituzte. Patioetan eta naturatik gertu dauden eraikinetan, berriz, 20 ㎍/m3 baino gutxiago atzeman dituzte. «Espero genituen datuak dira, baina horrek ez du esan nahi positiboak direnik», aitortu du Garciak.

«Instituzio ofizialetako estazioek naturatik gertu dauden eta datu mesedegarriak eskaintzen dituzten tokietan kokatzen dituzte nitrogeno dioxido kantitatearen neurgailuak».
FRANCISCO GARCIA Sagarrak ekologista taldeko kolaboratzailea

Era berean, «tentuz» egindako ikerketa izan dela ziurtatu du kolaboratzaileak. Hain justu, kutsadurari buruzko datu fidagarriak lortu ahal izateko, komenigarria da probetak hiruzpalau astez leku berean uztea, eurek egin bezala. Bestalde, Garciak azpimarratu du garrantzitsua dela probetak herriko «toki estrategikoetan» eta estazio ofizialetatik gertu dauden guneetan ipintzea, bien arteko datuak kontrastatzeko aukera izan dezaten. «Instituzio ofizialetako estazioek naturatik gertu dauden eta datu mesedegarriak eskaintzen dituzten tokietan kokatzen dituzte nitrogeno dioxido kantitatearen neurgailuak», salatu du kolaboratzaileak. «Eremu horietan kutsadura eta trafiko handirik ez dagoenez, nitrogeno dioxido kantitatearen hileko batezbestekoa talde ekologistek lortutakoa baino askoz ere txikiagoa da normalean».

Alde horretatik, Sagarrak ekologista taldearen helburuetako bat izan da kutsaduraren auziaren gaineko «jarrera kritikoa» sustatzea, horren inguruko «datu fidagarriak» biltzen dituen Basauriko lagin mapa bat garatuz. «Neurketa estazio ofizialek Basaurin atzemandako nitrogeno dioxido kantitate maximoa 19 ㎍/m3 izan da. 19 ㎍/m3 eta 35 ㎍/m3-ren artean desberdintasun handia dago», adierazi du Garciak. 

Osasun publikoa

Beste kontu batzuen artean, kontrolik gabeko trafikoak eragiten du nitrogeno dioxido kantitatea etengabe igotzea. Ez da arazo hutsala. «Arnasketarekin lotutako arazoak eta bihotzeko gaixotasunak dituztenen osasuna okertu dezake nitrogeno dioxido kantitate handiak arnasteak», ohartarazi du Garciak. Asma edota alergiaren bat dutenen artean, esaterako, arazo kronikoak edota konplikazio larriak ere sor ditzake. Alde horretatik, esan du umeengan eragin handiagoa izan dezakeela: «Haurrek helduek baino aldi gehiagotan hartzen dute arnasa, eta haien organoak garapen prozesuan daude oraindik». 

Nitrogeno dioxidoaren kantitatea murrizteko, trafikoarekin lotutako arazoak konpontzeko eta, beraz, Basauriko biztanleen osasuna behar bezala zaintzeko, hainbat neurri proposatu ditu talde ekologistak. Alde horretatik, garraio publikoaren zerbitzua indartzeko eskatu diote udalari. «Herriko jende askok kotxea erabiltzen du alde batetik bestera mugitzeko, joan nahi duen lekura heltzeko autobusik ez dagoelako», esan du Garciak. Kiroldegira joateko, adibidez, autoa hartzea beste aukerarik ez du jende askok. «Garraio publikoa hobetu behar da, edo, bestela, bidegorri gehiago egin, bizikletaz mugitu ahal izateko». 

Basauriko Udalak aurreratu du mugikortasun jasangarria sustatzeko plana garatzen ari dela. Garciaren arabera, baina, bi urteko atzerapenarekin doa, eta garapen prozesua ez da gardena izaten ari. «Duela gutxi, herritarren parte hartzea sustatzeko batzar bat antolatu zuten udalkideek, eta proiektua aurkeztu ziguten orduan». Planaren nondik norakoak, ordea, ez zitzaizkien argi geratu Basauriko biztanleei, Garciak dioenez. «21 neurri biltzen dituen araudia da, baina guri hiru soilik aurkeztu zizkiguten, eta ez zuten gaian sakondu».

Dena den, hark aurreratu du nitrogeno dioxidoaren kantitatea murrizteko borrokan jarraituko dutela, eta orain neurketak egiten ari direla Galdakaon eta Etxebarrin. «Gutxi gorabehera, hilabete barru jasoko ditugu herri horietako emaitzak». Horrez gain, Bizkai osoko informazioa biltzea gustatuko litzaieke: «Muskiztik hasita eta Basauriraino, kate bat da dena. Hau da, eremu horretako herri guztien arteko harremana estua da, eta batean eragiten duenak bestean askotariko ondorioak ditu, zalantzarik gabe».