Barne eta kanpo munduaren arteko jolas bezala definitu dute Itzal(iko) bagina ikuskizuna Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao bertsolariek. Hiru pertsonaia eta hiru esanahi elkartu dituzte oholtza gainean, eta, bertsoa oinarri izango bada ere, beste hainbat ertz ukituko dituzte. Gaur egingo dute aurrestreinaldia, Loraldia jaialdiaren barruan, Bilboko Terminal aretoan, 19:30ean. Sarrerak agortu dira. Haren ondotik, Berrizen estreinatuko dute, apirilaren 13an.
Bertsolaritza da ikuskizunaren abiapuntua, hiru kideak aritzen baitira bertsolaritzan. Alabaina, «hasiera-hasieratik» argi izan dute ikuskizunari antzerki formatua eman nahi ziotela. «Trama bat da: eskolarteko bateko finalean kokatuko da ikuskizuna, eta, hortik abiatuta, helduarorako trantsizioa kontatuko da, antzerki formatuan», adierazi du Katarainek.
«Hiru gatazka nagusi identifikatu ditugu: gorputza, lotsa eta lehia. Gugandik asko edan dute hiru pertsonaiek, baina ez gara gu, gure bizipenak ez baitira gureak bakarrik».
IZARO BILBAO Bertsolaria eta Lokatz Loreak taldeko kidea
Sortze prozesuan «gatazka eta kezka batzuekin» egin dute topo hiru kideek. «Hiru gatazka nagusi identifikatu ditugu: gorputza, lotsa eta lehia. Gugandik asko edan dute hiru pertsonaiek, baina ez gara gu, gure bizipenak ez baitira gureak bakarrik», azpimarratu du Bilbaok. Zehazki, bertsoa izango da oinarri nagusia, baina bestelako ertz batzuk ere ukituko dituzte. Buru osasuna, boterea eta familia, kasurako.
Hala ere, helburua finkatzea izan da haien kezka nagusia. «Proposamena heldu zitzaigunean pentsatu genuen: ‘Guk zer daukagu kontatzeko?’», esan du Bilbaok. Baina euren harremanaren sorrerara bidaiatu du segidan: «Elkar ezagutu genuenean, toki bat aurkitu genuen: gure erantzun ustez indibidualei kolektiboan erantzuteko leku bat». Eta horixe nabarmendu nahi izan dute ikuskizunaren bitartez ere: «Gure gatazkak eta kezkak ez dira indibidualak, estrukturalak dira. Indibidualismoari egindako kritika bat da».
Itzal(iko) bagina ikuskizunaren teaserra. LANKU
Izenburuak eszenografiari egiten dio erreferentzia, Katarainen arabera: «Itzalak oso presente daude emanaldi osoan. Maindire bat egongo da oholtzaren erdian, eta horrekin jolastuko dugu: barne eta kanpo mundua islatuko ditugu. Koloreek, formek… ere esangura handia izango dute».
«Itzalak oso presente daude emanaldi osoan. Maindire bat egongo da oholtzaren erdian, eta horrekin jolastuko dugu: barne eta kanpo mundua islatuko ditugu».
ARAITZ KATARAIN Bertsolaria eta Lokatz Loreak taldeko kidea
Proposamena oholtzara eramateko Iraitz Lizarraga izan dute haiekin, zuzendaritza lanetan, eta haren laguntza nabarmendu dute sortzaileek. «Ez genekien asko antzerkiari buruz, eta Iraitzek asko lagundu gaitu jauzi hori ematen», adierazi du Katarainek. Bide horretan, hiru kideen eta zuzendariaren artean egon den «komunikazio paraleloa» ere nabarmendu nahi izan du Bilbaok: «Asko ikasi dugu». Lanku kultur zerbitzuen babesa ere goraipatu dute, «ezinbestekoa» izan baita proiektua aurrera ateratzeko.
Egun osorako egitaraua
Euren sormenari bide emateko sortu zuten Lokatz Loreak taldea Katarainek, Bilbaok eta Arrizabalagak, duela bi urte inguru. Friki saioak deiturikoa izan zen euren lehen egitasmoa, eta izandako harrera ikusita, sormen talde bezala proiektu gehiago sortzeko erabakia hartu dute.
Gaurko emanaldiaren ondotik, apirilaren 13an egingo dute estreinaldia, Berrizen. Maiatzean beste bi ikuskizun izango dituzte —Villabonan (Gipuzkoa) eta Lemoan—, eta, udako etenaren ondoren, urtebeteko bira bat egingo dute.
Beste kontu batzuen artean, sortzaile gazteak sustatzeko asmoa du Bilboko Loraldia jaialdiak. Horretarako antolatzen dute Loraldia Terminala jaialdiaren azpiatala. Itzal(iko) bagina ikuskizunaz gainera, beste hainbat emanaldi izango dira gaur egun osoan zehar, Zorrotzaurre irlako La Terminal aretoan. Besteak beste, Trigger musikariak Doodem izenburuko emanaldia egingo du; eta Joseba Sarrionandiaren mundu literarioa oinarri duen Sarri min ematen du akordatzea ikuskizuna ere taularatuko dute.