Juanita izan zuten lehen trainerua. Gerora, Kaikutarra-n, Bilbotarra-n, Bizkaiko Ama-n, Cincuentenaria-n eta gaur egungo Bizkaitarra-n jarraitu dute sestaoarrek arraunean. Kaiku arraun taldeak mende bat bete zuen abenduaren 22an, eta ontzi horiekin lortutako banderak ikusgai izan dira egunotan Sestaoko udal erakusketa-aretoan. Izan ere, mendeurrena ospatzeko erakusketa ondu dute martxoaren 4tik 22ra; herenegun arte, lorpenak erakutsi dituzte; falta diren egunetan, argazki, ikus-entzunezko, dokumentu eta bestelakoak egongo dira ikusgai.
Pedro Barrondo Garai buru zuen lagun talde baten ekimenez sortu zen Kaiku, Galindo errekaren ertzean, Simondrogas auzoan. Berdea eta beltza bihurtu zituzten euren kolore; hau da, Sestaoko banderan agertzen direnak. Ordutik, 230 bat bandera irabazi dituzte, elkarteko zuzendaritza batzordeko Ganixtebe Lermak kontatu duenez. Zaharrena 1934koa da: Bilbo Uria. «Bilbon jokatu zen, irailaren 2an», gogoratu du. Hala ere, Lermak bereziki Donostiako Kontxako banderak nabarmenduko lituzke, duten ospeagatik: 1978an eskuratu zuen lehena, eta hurrengoak 1980an, 1981ean eta 1982an. Azkenak 2009an eta 2012an lortu zituzten. Eusko Label ligan irabazi dituzten banderak ere azpimarratu ditu, eta, bereziki, 2011ko, 2012ko eta 2013ko ligak jarraian irabazteagatik, urte haietako lehiari dagozkien koroak.
«1970eko eta 1980ko hamarkadak urterik politenetakoak izan ziren, garaipen asko lortu genituelako».
GANIXTEBE LERMA Sestaoko Kaiku arraun taldeko zuzendaritza taldekoa
Kaikuko zuzendaritzako kidearen arabera, urte gogoangarriak izan ziren 2010eko harmakadaren hasierakoak Sestaoko arraun taldearentzat. Historian atzera eginda, 1970eko eta 1980ko hamarkadak azpimarratu ditu. «Haiek urterik politenetakoak eta garrantzitsuenetakoak izan ziren, garaipen asko lortu genituelako. Ez bakarrik aulki finkoan; baita mugikorrean ere, gure klubeko arraunlari batzuekin. Gaur egun, aulki mugikorra bazterrean dago, baina orduan ospe handia zuen». Garai hartan, Ezkerraldean arrauna sasoiko egon zen, eta gogoangarriak dira Kaikuren eta Santurtziko Itsasoko Ama Sotera arraun taldearen arteko lehiak.
Andreak, 2018tik
Gaur egungo lorpen garrantzitsuei dagokienez, Lermak andreen trainerua sortu izana azpimarratu du. 2018an izan zen. «Kontxara joan ziren, baina gero eten bat egon zen, batez ere gure asmoa izan zelako etxeko arraunlariekin lan egirea. Pixka bat kostatu zaigu, baina iaz berriro atera genuen trainerua; ETE Liga irabazi genuen, bigarren mailakoa, eta Kontxan lehiatzea ere lortu genuen berriz».
Kaikuko kideak 2013ko ligan irabazitako banderekin, liga garaipena ospatzen, Portugaleten. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ostera, garai txarrak ere izan dituzte ehun urteotan. Esaterako, 1970eko eta 1980ko hamarkada itzelen ondoren, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan larri ibili zen Kaiku. Lermak gogoratu duenez, «nekez» lortzen zuten trainerua itsasoratzea. «Lan asko egin behar izan zuten. Basilio Vazquez presidentearen eta haren zuzendaritzaren lana sekulakoa izan zen. Traineruari eustea lortu zuten, eta horri esker jarraitu du Kaikuk aurrera». Vazquez Kaikuko presidente izan zen 40 urtez, eta iaz omenaldia egin zioten.
Klubaren mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietako bat izan zen omenaldia. Baina ez bakarra: Euskadiko eta Espainiako batelen txapelketak antolatzeko ohorea izan zuen Kaikuk iaz, eta Sestaoko uretan lehiatu ziren. Aurten jarraituko dute ospakizunekin. Apirilean, herri bazkari bat egiteko asmoa dute, eta, ekainerako, historia biltzen duen liburua eta ikus-entzunezkoa argitaratzeko asmoa. Kaiku Eguna ere ospatuko dute uda aurretik.
Sestao River futbol taldearekin batera, herrian errotuen dagoen elkarteetako bat da Kaiku, Lermaren esanetan. «Kiroletik harago doa klubaren garrantzia». Ehun bat arraunlarik eta 54 teknikarik osatzen dute Kaiku. Ehunka boluntariok laguntzen dietela nabarmendu du. Etorkizuna bermatua dute: 80 neska-mutil dabiltza arraun eskolan.