Urgentziazko arta industria ondareari

Urgentziazko arta industria ondareari

​Memoriaz beteriko gune bat da, Bizkaiko industria garaiko gakoetako bat. Sestaon, elkarrengandik hurbil daude Navaleko ontziolak, Labe Garaiak eta Aprendizen Eskola. «Hortik hasi ziren hazten enpresak, eta gune horri erreparatuta ulertzen da nola sortu zen Sestaoren historia industriala», esplikatu du Juan Carlos Delgado Sestao Berriko zuzendari kudeatzaileak. Egitura mardulen artean, ordea, badago beste eraikin bat, baserri tankerakoa, diskretua, baina «toki estrategiko batean» dagoena, Delgadoren irudiko; eta badena, ingurukoak legez, industria ondarearen parte: Labe Garaietako Sorospen Etxea. Berrogei urte zeramatzan inork ezertarako erabili gabe, eta, hainbat okupazio saiakeraren ondorioz, hormaz zarratuta zegoen. Zaharkituta eta abandonatuta. Zaharberritze prozesu baten ondoren, eraikinari beste erabilera bat eman diote: iazko uztailean zabaldu zuten ostera, turismo bulego moduan.

Ospital txiki baten gisara erabiltzen zen lehen, Labe Garaietako beharginak eta haien senideak urgentziaz artatzeko. Sestaok 1906tik aurrera izan zuen sorospen etxe bat, baina, industriaren hazkundeak hala behartuta, lokal berri bat sortzea enkargatu zitzaion Santos Zunzunegi udal arkitektoari, eta 1925etik egon zen erabilgarri —Sestaon ezaguna zen Zunzunegi, harenak baitira, orobat, Musika Eskola eta etxebizitza merkeen hainbat promozio—.

Hiru solairu ditu: kale mailako eremua, non praktikanteak urgentziazko zainketa egiten zuen; goiko solairu bat, medikuaren kontsulta; eta sotoa. Orain, sotoan kokatu dute harrera; kale mailako eremuari dagokio alde teknikoa, non jarduera turistikoa kudeatzen den; eta goiko solairuan erabilera askotarako areto bat moldatu dute, hitzaldiak, argazki eta pintura erakusketak, bilerak eta abar antolatzeko. «Herriarentzako hornidura bat da», azpimarratu du Delgadok.

Sestaoko Sorospen Etxea, zaharberritu aurretik, 2018ko apirilaren 30ean. LUIS CARLOS DELGADO / SESTAO BERRI

Egitura eta estetika ahalik eta gehien errespetatzen ahalegindu dira zaharberritzean, eta gaur egungo zerbitzuez hornitzea izan da erronka nagusia, Delgadoren esanetan: instalazioak egokitu dituzte, eta irisgarritasuna bermatzeko esku hartzeak egin. «Estalkian nahiko arazo zituen: filtrazioak, hezetasuna… Fibrozementua kendu behar izan zen, han zegoen hondakinik arriskutsuena, eta estalkiaren egitura berreskuratu zen filtrazioak eta hezetasuna kentzeko, eta euriaren ura egoki kanalizatzeko». Eraikinak ez zuen ez karga jasogailurik, ez igogailurik: beraz, eskailera berriak ipini dituzte, baita igogailua ere. Eta dena doitu dute sute, elektrizitate eta aireztapen araudien arabera.

Estetikari dagokionez, jatorrizko irizpideei jarraitu diete: egurren kolore gorri granatea mantendu da, fatxada lila kolorera jotzen duen gris batez pintatu da… 2021ean hasi zituzten berriztatze lanak: Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren bitartez, 900.000 euro jaso zituzten Sestaon turismoarekin lotutako hainbat esku hartze garatzeko, eta horietatik 450.000 erabili dituzte Sorospen Etxea zaharberritzeko.

Industriaren sinbolo bat

Ezkerraldeko industriaren historian duen esanguragatik, Sorospen Etxean aurkeztu zuten Bizkaiko Foru Aldundiaren Iron River proiektu turistikoa, joan den asteko asteazkenean. Industria ondarearen parte diren 41 kokalekuz osatutako katalogo bat eskaintzen du Iron Riverrek, eta horietako zenbait Ezkerraldean daude. Egitasmoa historia industrialari egindako omenaldi bat dela nabarmendu zuen Sonia Perez Ezkerra Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru diputatuak, eta era berean dela Bizkaiko paisaia moldatu duten aldagaien inguruko hausnarketa bat.

sestaoko sorospen etxea

Arkitektoa: Santos Zunzunegi.

Erabilera: Labe Garaiko beharginak artatzeko zabaldu zuten, 1925ean. Iazko uztailean, turismo bulego moduan zabaldu zuten ostera; berrogei urte ziren erabiltzen ez zutela.

Helbidea: Rivas kalea, 70. Sestao, Bizkaia.

Ordutegia: Asteartetik igandera dago zabalik, 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 18:00etara. Sarrera doakoa da.

Telefonoa: 94-407 09 85.