Aspaldiko kezka da Osakidetzaren egoera Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformarentzat. Beste kontu batzuen artean, EAG etengabeko arretako guneak ixten ari direla salatu dute plataformako kideek, eta nabarmendu dute herritarren kalterako izango direla osasun arretan egindako murrizketak. Mireia Saiz bozeramaileak (Barakaldo, 1983) gaineratu du Osakidetza pribatizatzeko «beste estrategia bat» dela hori, eta, egoera salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan. Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da Bilbokoa, 12:00etan, eta herritar guztiei egin die bertaratzeko deia.
Zer dira zehazki etengabeko arretako guneak?
Hil edo bizikoak ez diren larrialdiei arreta emateko zentroak dira, irekita egon ohi direnak gainontzeko anbulatorio eta osasun etxeak itxita dauden bitartean. Arreta integral bat ematen dute, eta familia medikuntzako, erizaintzako eta administrazioko langileek osatzen dituzte.
Sarritan salatu izan duzue mediku falta egoten dela halako lekuetan. Ez dira beharrezkotzat jotzen?
Agintariek ez dakigu zer uste duten, baina, gure ustez, funtsezkoak dira, osoko arreta eskaintzen baitute. Laudion [Araba] jazotako ezbeharrak agerian utzi zuen Osakidetzaren egoera. [2024ko urtarrilaren 12ko arratsaldean joan zen David Hernandez Laudioko EAGra, bihotzekoaren sintomekin, baina egun hartan ez zegoen medikurik, eta gunean zeuden bi erizainek artatu behar izan zuten. Han bertan hil zen]. Adibide txiki bat baino ez zen izan, eta argi geratu zen arazo estruktural bat dagoela horren guztiaren atzean: EAG batzuk ixten ari dira, beste batzuetan ez dago medikurik… Egoera onartezina da.
Eta Bilbon, zein da egoera?
Areilza Doktorearen zerbitzu gunean, esaterako, murrizketak egiten ari dira; Indautxuko anbulatorioan zerbitzua kendu nahi dute… Baina horiek ez dira kasu bakanak: leku guztietan ari dira murrizketak egiten. Osasun sistema publikoa desegiten ari dira pixkanaka, eta, hori, nola ez, osasungintza pribatuaren mesederako da: jendeak ikusten duenean ez daukala euren beharrizanei erantzungo dien kalitatezko osasungintza publikorik, arreta hori beste nonbait bilatzen du. Guk ez dugu estrategia hori onartzen inondik inora ere.
«Zaintza sistema publiko, duin eta integrala nahi dugu, herritarren parte hartzea izango duena, eta unibertsala, kalitatezkoa, hurbilekoa, irisgarria eta egokitua pertsona guztientzat»
Nolako eragina izan dezake etengabeko arretako guneak zarratzeak?
Lehen arretak paziente guztiak artatu ezin dituenez, herritarrek larrialdietara jotzen dute: Basurtura edo Gurutzetara, gehienetan. Leku horiek kolapsatu egiten dira. Izan ere, bertako profesionalek ezin dituzte paziente guztiak artatu. Sistemak, oro har, ez du funtzionatzen, eta kaltetu nagusiak herritarrak gara. Azkenaldian, gainera, askoz gehiago kostatzen da medikuarekin harremanetan jartzea, itxaron zerrendak sekulakoak dira, arreta presentzialaren falta dago, telefono bidezko hitzorduak ematen dituzte nagusiki…
Egoera aldatzeko, zer konponbide planteatzen dituzue zuek?
Lehen arreta osasun sistemaren erdigunean jartzea aldarrikatzen dugu: osasun aurrekontuaren %25 lehen arretara bideratzeko eskatzen dugu. Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak jarri behar dira: inbertsio gehiago, errekurtso gehiago eta profesional gehiago behar dira.
EAGeetatik harago, zein da osasungintzaren gaur egungo egoera?
Gure ustez, osasungintza publikoaren plangintza eta kudeaketa politikoa arduragabea da. Osasun publikoa desegin gura dute, eta pribatizazioranzko joera nabaria da. Aspalditik dago programatuta estrategia hori, baina azken urteotan begi-bistan geratu da.
Nolakoa izan beharko luke Osakidetzak? Zein izango litzateke egoerarik idealena?
Osasungintza publikoa kalitatezkoa eta hurbilekoa izatea eskatzen dugu, eta bertan behera uztea gaur egun pairatzen ari garen murrizketak eta desegite prozesu programatua. Egoera aldatzeko, herritar guztiei dei egiten diegu mobilizazioetan parte har dezaten: zaintza sistema publiko, duin eta integrala nahi dugu, herritarren parte hartzea izango duena, eta unibertsala, kalitatezkoa, hurbilekoa, irisgarria eta egokitua pertsona guztientzat.