Korrika pasatzeko irrikan

Korrika pasatzeko irrikan

​Bi urteko itxaronaldiaren ostean, atzo abiatu zen Korrika, 23.a, Irunen (Gipuzkoa); giroa ezin hobea zen, eta elkartasun sentsazioa zabaldu zen jende artean. Bizkaian, ordea, bestelakoa da egoera: sei egun igaro behar dira oraindik ere Korrika herrialdera heldu arte, eta, ondorioz, urduritasuna da egunotako emozio nagusia. «Nik ardura sentitzen dut. Herritarrak ilusioz beterik daude, eta nabaritzen da Korrikaren zain daudela, gogotsu. Jakin nahi dute non hartuko duten lekukoa eta zer egin behar duten», kontatu du Eneritz Arriagak.

AEK-ko kidea da Arriaga, eta Zaldibarko, Ermuko eta Mallabiko Korrika prestatzen aritu da azarotik. Hain justu, aurtengo aldia aski berezia da harentzat, Zaldibar izango baita Korrikak zeharkatuko duen Bizkaiko lehenengo herria. Asteazkenean pasatuko da herri horretatik, eta, ondoren, Ermura eta Mallabira igaroko da.

Hala ere, gaur izango da Korrika ospatzeko egunik «potenteena». «Korrika asteazken goizean pasatuko denez, Ermuan, esaterako, gaur egingo dugu Korrika Eguna». Askotariko eskaintzak izango dituzte herrian; hala nola Korrika Txikia, Ermuko Eskolaren musika emanaldia, txokolate jana, disko festa eta Burrunba elektrotxarangaren melodiak. «Aldiro daude gauza ezberdinak. Aurrekoan, adibidez, Porrotx ekarri genuen Korrika Txikiaren egunean, eta oso polita izan zen, hunkigarria», gogoratu du Arriagak. «Ezusteko politak»: halaxe izendatu ditu espero ez dituzten momentu horiek, eta aurreratu du aurten batzuk egon direla: «Gazte asanbladak, adibidez, Korrika babesteko bideo bat jarri du sare sozialetan».

«Nik ardura sentitzen dut. Herritarrak ilusioz beterik daude, eta nabaritzen da Korrikaren zain daudela, gogotsu. Jakin nahi dute non hartuko duten lekukoa eta zer egin behar duten».
ENERITZ ARRIAGA Ermuko Korrikaren antolatzailea

Ezkerraldean ere sorpresa atseginak izan dituzte aurten, Irati Tabernilla eskualdeko antolatzaileak jakinarazi duenez. «Inoiz baino kilometro gehiago saldu ditugu aurten Santurtzin. Guztira, hogei izan dira», esan du, pozik. Durangaldetik igaro, eta egun bat beranduago helduko da Korrika Santurtzira, ostegunean —22:30ean, zehazki—. Arratsaldean, umeentzako tailerrak egingo dituzte Mamariga auzoan, baina Ermuko herritarrek bezala, Santurtzikoek ere egitarau zabalagoa izango dute gaur. «Disko festa eta txokolate jana egingo dituzte Kabiezes auzoan, eta, astelehenean, Kidam magoa etorriko da», azaldu du Arriagak. Hala eta guztiz ere, osteguna izango da hark gehien disfrutatuko duen eguna: «Korrika Santurtzitik pasatuko denekoa da nire momenturik gogokoena. Jendea pozik ikusten duzu, giroa oso ona izaten da, eta horrek guztiak energia goraldi bat ematen dizu».

Normalizaziorako bidea

«AEK-k aldarri alai eta tinko bat proposatu nahi du aurtengo Korrikarako: gure herria euskaraz harro dagoelako, zabaldu egin nahi dugu euskararen aldeko mugimendua». Esaldi bakar batean laburbildu du Lurdes Etxezarreta Bizkaiko AEK-ko Artezkaritza kideak euskararen aldeko lasterketaren helburua, eta azpimarratu du, gainera, euskaraz bizitzea normalizatzeko nahitaezkoa dela herritarren «kontzientziazioan eta aktibazioan» eragitea.

Etxezarretak ez du zalantzarik Korrikak horretan lagunduko duela, baina gogorarazi du aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa dela instituzioek ere hizkuntza babestea. «Ardura garrantzitsua dute euskararen normalizazioan egungo errealitateari erantzuteko: hizkuntza politika ausartagoak egin eta inbertsioak areagotu behar dituzte, herritarren engaiamenduari bide eman behar diote eta».

«Korrikak komunitate baten parte sentiarazten gaitu, norberaren identitatea ere sendotuz. Bidea taldean egitea garrantzitsua da; euskararen alde agertzea eta Korrikan parte hartzea ez da bakarrik hautu pertsonala».
LURDES ETXEZARRETA Bizkaiko AEK-ko Artezkaritza kidea

Euskal hiztunen kopurua handiagoa izan daiteke, baina aurtengo datuek diote gero eta bizkaitar gehiagok erabakitzen duela euskara ikastea. Etxezarretak berak zapore gazi-gozoa du euskararen egungo egoera dela eta: «Azken lau urteetako datuei erreparatzen badiegu, pandemia garaitik hona, beheranzkoa izan da joera, baina aurten, 2023-2024ko ikasturtean, joera hori irauli eta datuak nabarmen hobetu dira». Eskainitako datuen arabera, hain zuzen, 4.000 ikasletik gora dituzte gaur egun AEKren Bizkaiko euskaltegiek; B2 eta C1 mailakoak dira gehienak. «Halere, oraindik ez gara itzuli pandemia aurreko datuetara», aitortu du Bizkaiko Artezkaritza kideak.

Bien bitartean, eta Korrikaren harira, protesta egiteko aukera aprobetxatuko dute AEK-ko kideek. «Aldarrikatu nahi dugu harro gaudela, baina ez konforme». Izan ere, Etxezarretak jakinarazi duenez, azkenaldian izan diren euskararen aurkako oldarraldiek aski zaildu dute normalizaziorako bidea. Haren iritziz, herritarren arteko elkarlanean dago erasoei aurre egiteko gakoa: «Korrikak komunitate baten parte sentiarazten gaitu, norberaren identitatea ere sendotuz. Bidea taldean egitea garrantzitsua da; euskararen alde agertzea eta Korrikan parte hartzea ez da bakarrik hautu pertsonala. Komunitate baten parte sentitzen gara egun batzuez. Herri baten parte. Euskaradunak izan ala ez izan».