Adingabeen zentro batean egondako sei gazte Zapalan elkarteak Urduñan duen harrera pisu batean bizi dira 18 urte bete zituztenetik. Elikadurari buruzko proba batean hartu dute parte. Bost hilabetez, ohiko jatekoa barik, ekologikoki ekoitzitako baserritarren produktuak jan dituzte, eta frogatu dute haien osasunean eragin positiboa izan duela aldaketak. Horregatik, gazte zaurgarri horientzat bezala, gizarte zerbitzuetako erabiltzaile guztientzat halako elikadura bermatzeko programa bat bultzatuko dute Urduñako Udalarekin.
Urduñako egitasmoa proiektu handiago baten parte da, Bizilur elkarteko David Lopategik azaldu duenez. Lankidetzarako eta herrien garapenerako elkartea da Bizilur, eta elikadura burujabetzaren inguruan egiten du lan. Agharas Barakaldoko amazig elkartearekin, Zapalanekin eta EHKOlektiboa Euskal Herriko agroekologia elkartearekin batera ari dira lanean. Esaterako, Aghararesekin ere haien pisu sozialean daudenekin ari dira ortugintza lantzen.
Irail eta urri bitartean hasi zuten proba Urduñan Zapalaneko gazteekin. Nutrizionista bat kontratatu zuten, proiektuaren jarraipena egin zezan. Lopategik esan duenez, gazteek osasunari lotutako arazo batzuk zituzten aurretik: aipatu ditu anemia, lotarako arazoak, nekea… Odol analisiak ere egin zizkieten. Nutrizionistak elkarrizketatu zituen, eta denen artean adostu dute menua. Otsailean bukatu dute bost hilabeteko proba. «Orain hobeto daude: deskantsatzen dute, indartsuago sentitzen dira, eta odol analisien emaitzak hobetu dira», kontatu du Bizilurreko kideak. Prozesu guztia grabatu dute, eta laster dokumental batean kontatuko dute. Datu guztiak ere argitaratuko dituzte txosten batean.
«Erakutsi nahi dugu elikadura osasuntsu batek zer-nolako onurak dituen». Horregatik, uste dute gizarte zerbitzuetara joaten diren guztiek izan beharko luketela «elikadura eskubidea» bermatuta. «Ohiko eredua da elikadura bankuetatik jasotakoarekin elikatzea. Baina eredu horretan ez dago elikagairik. Produktu jangarriak ematen dizkiete soilik, nutrizionalki ez dutenak ezer ematen. Sabela bete eta gosea kendu baino ez diete egiten, baina osasunerako kaltegarriak dira». Ostera, elkarteok bultzatu gura duten ereduan, lehen sektoreak ekoitzitako sasoiko produktuekin elikatuko lirateke. Horretarako, ezinbestekoa dute gizarte zerbitzuetako profesionalen, hirugarren sektorearen eta nekazarien elkarlana. Gainera, probatu dute proposatzen duten eredua ez dela garestiagoa: hilean 250 eurorekin elikatu dituzte sei gazteak.
«Gizarte zerbitzuek ez dute ematen elikagairik; soilik produktu jangarriak. Sabela bete baino ez diete egiten».
DAVID LOPATEGI Bizilur elkarteko kidea
Behin proba bukatuta, eta Urduñako gizarte zerbitzuetan eredu berria ezarriko duen programa martxan jarri arte, parte hartu duten eragileek ez dute nahi sei gazteok lehenago zuten elikadura eredura itzul daitezen. Horregatik, Lopategiren arabera, datozen aste eta hilabeteetan herriko eragileak arduratuko dira pisu hori hornitzeaz; probaldian herriko ortuetatik eta Bilboko Kidekoop elikadura kooperatibatik hornitzen izan dituzte.
Estrategia baten parte
Urduñan, udalaren babesa izango dute gizarte zerbitzuetan aldaketa hori bultzatzeko. Izan ere, udalerriak hamar urte baino gehiago daramatza elikadura estrategia batekin. «Elikadura burujabetza da egiten duten guztiaren ardatza: lurrak berrantolatu dituzte, industria bideratu dute… Horri esker, beste herrietan ez dauden baliabideak dituzte». Berbarako, haur eskola eta nagusien egoitza hornitzeko sukalde bateratu bat sortu dute, eta herriko eta inguruko ekoizleen produktuekin osatzen dute menua. «Urduñako eta inguruko lehen sektorea ekonomiaren motore bihurtu dute, eta sektoreari behar dituen baliabideak eta azpiegiturak ematen dizkiote».
Lopategik kontatu duenez, Euskal Herriko beste toki batzuetan ere badaude elikadura burujabetzari lotutako «proiektu interesgarriak», baina denak izaten dira gizarte mugimenduek edo ekoizleek bultzatutakoak. «Urduñako berezitasuna da estrategiaren atzean udala bera dagoela, eta hori salbuespena da». Beste askorentzat eredu izan daitekeela iruditzen zaio Bizilur elkarteko kideari. Horregatik, gutxienez gizarte zerbitzuetan eraldatzaile izan nahi dute, eta Urduñako proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietara eta Eusko Legebiltzarrera eroan gura dute, Bizkaian edo autonomia erkidegoan gizarte zerbitzuetako elikadura hornidura eredua aldatzea lortzeko.
Aldaketaren onura ez lukete soilik erabiltzaileek igarriko; Lopategiren esanetan, komunitatean eta tokiko ekonomian ere onurak ekarriko lituzke. Besteak beste, lehen sektorera jendea erakartzen lagunduko luke.