Udal berria herri zahar baterako

Udal berria herri zahar baterako

​Usansolo ez zen sortu 2022ko azaroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek segregazioa onartu zutenean. Usansolo ez zen sortu 2022ko martxoan, herritarrek udalerriaren independentziaren alde bozkatu zutenean, %81eko emaitza eztabaidaezina lortu zutenean. Usansolo udalerri independente izateko nahia aurretik dator. Horren erakusle dira 1987an eta 2014an egindako herri galdeketak. Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaera onartu zuten arren, Usansolo iazko abenduaren 28an bilakatu zen administratiboki Bizkaiko 113. udalerria, Espainiako Gobernuak tokiko erakundeen erregistroan sartu zuenean. Azken oztopo hori gaindituta, usansolotarrak lan handia egiten ari dira egun hartatik hona, herria udalerri independente izan dadin. Lortutakoa bihar ospatuko dute, jai batekin.   

Usansolotarrak usansolotarrak izan dira betidanik; hala azaldu du bertako herritar Itxaso Mimenzak: «Usansoloko herritar moduan sentitzen ginen jada». Nortasunari izaera ofiziala emateko —hau da, herri independente baten herritarrak direla egiaztatzeko—, instituzioen onarpena behar zuten. Helburua eskuratuta, usansolotarrek bide luzea dute aurretik oraindik. Udalerri eraginkor eta independente bat eraikitzeak lan handia eskatzen du, eta hori ondo dakite horretaz arduratzen ari direnak. Aurrerapausoak ematen ari dira, «astiro, baina tinko». 

Udal berri bat 

Usansoloko Kudeaketa Batzorde berria iazko urriaren 5ean jarri zuten martxan, eta ordutik udal batek dituen funtzioak betetzen ditu. Usansolo Herria plataformako Agustin Aizpuru aukeratu zuten batzordeko presidentea izateko, eta esan du prozesuan aurrera egiten ari direla: «Segregazioaren prozesu administratiboa amaitu da, eta orain beste egoera batean gaude. Hau da, benetako segregazioa egiten ari gara Galdakaorekin: gai ekonomikoak, zerbitzuak… adosten». Prozesuak pauso asko izango ditu, eta lehenengoetako bat da udala eta udaletxea izatea: «Udala egin behar da, bai administratiboki, bai fisikoki —udaletxea—. Horretarako, lokal batzuk behar ditugu. Orain horiek bilatzen ari gara; behintzat, lanean hasteko. Lan handia da».

Aizpuruk zehaztu du prozesuko lehenengo pausoa IFZ zenbakia sortzea izan zela, identifikazio fiskala, hori barik ezin delako ezer erosi edo fakturarik egin. Horrez gain, Usansolok bere errolda izan dezan lanean ari direla aipatu du batzordeko presidenteak.

Usansolotarren herri independente bat eraikitzeko nahia; hala ere, ez da nahikoa izango udalerria martxan jartzeko. Galdakaoko Udalaren laguntza beharko dute segregazioaren prozesuarekin jarraitzeko, Aizpuruk azaldu duenez: «Galdakaoko Udalarekin akordioak egiten ari gara. Hark eman behar dizkigu zerbitzuak, guk oraindik ezin ditugulako kontratatu; ez daukagu langilerik, ez ezer». Batzordeko presidenteak jakinarazi du aurrekontu bat egiten ari direla orain arte lortu duten diruarekin, «Galdakaoko Udalari zerbitzuak ordaintzeko».

«Gu lanean gabiltza, baina gure lana orain administratiboa da, eta hori ez da ikusten kalean oraindik». 
AGUSTIN AIZPURU Usansoloko Kudeaketa Batzordeko presidentea

Oraindik ere, Galdakaoko Udala arduratzen da Usansolon ematen diren zerbitzuez. Aizpuruk adierazi du euren helburua dela udalerriak gero eta eskumen gehiago hartzea: «Guk orain egin behar dugu lan, bai administratiboki, bai fisikoki; zenbat eta lan gehiago egin, udalak orduan eta eskumen gehiago hartuko ditu. Orain Galdakaoko Udalak kudeatzen ditu zerbitzuak, baina guk astiro-astiro hartu behar ditugu, gure kontura». Batzordeko presidenteak azpimarratu du lana «astiro eta pazientziarekin» egin behar dutela, baina ohartarazi du ez dagoela soilik usansolotarren esku: «Horrelako gauzak ez dira egiten alde batetik bakarrik: Bizkaiko Foru Aldundiaren lana behar dugu, Galdakaoko Udalaren lana behar dugu, bilerak egin behar ditugu, koordinatu… Askotan plangintza egiten dugu, baina azkenean plangintza hori pikutara joan daiteke». 

Bilboko Metroaren 5. lineari dagokionez, Aizpuruk ziurtatu du ospitaleak geltoki bat izango duela: «Usansolora helduko da metroa. Gauza bat argi eta garbi daukagu: ospitalera gutxienez etorriko da metroa. Ospitalean lotura bat egongo da Usansolorekin, eta ate bat, metrora sartzeko». Dena den, adierazi du euren nahia dela Usansoloko erdiguneak beste geltoki bat edukitzea: «Guk espero dugu geltoki bat egotea Usansolon bertan; hori da gure nahia, eta bide onetik doa. Denok nahi dugu Usansolok geltoki bat edukitzea».

Luze joko duen bidea

Batzordeko presidenteak argi du segregazioaren prozesua ondo osatzeko denbora beharko dutela: «Segregazioa astiro-astiro egin behar da, presa barik, akordioak ondo ixten eta aurrera egiten pausoka-pausoka. Hau denbora luzerako lan bat izango da; ez da egiten urte batean edo bitan». 

«Herrian ez dut nabaritu aldaketa handirik. Pentsatzen dut oraindik denboratxo bat itxaron beharko dela berritasunak egoteko».
UNAI GOMEZ Usansolotarra

Ildo horretan, onartu du legez udalerri direnetik ez dela aldaketa handirik egon: «Kalean oraindik ez da igartzen independentzia, jendeak ez du fisikoki ezer berririk igartzen. Gu lanean gabiltza, baina gure lana orain administratiboa da, eta hori ez da nabaritzen kalean oraindik». Hala ere, oso pozik azaldu da, eta aurreratu du jendeak sumatu ahalko duen lehenengo berritasuna udalaren webgunea izango dela. «Egun gutxi barru jarriko dugu martxan udal webgunea; hori izango da jendeak gauzatxo bat ikusteko. Webgunera sartuko denak ikusiko ditu herriko argazkiak, udaletik emango ditugun zerbitzuak, osoko bilkuretan nortzuk egongo diren, eta gauzak fisikoki ikusten hasiko da. Hori berezia izango da jendearentzat, ikusiko duelako gauzak egiten ari garela». Webguneak kudeaketa batzordearekin harremanetan jartzeko aukera emango die herritarrei. 

Dena den, usansolotarrek ez dute espero aldaketa nabarmenik epe laburrean. Unai Gomez herritarrak ez du uste egoera askorik aldatu denik hilabete hauetan: «Egia esan, herrian aldaketa handirik ez dut nabaritu. Suposatzen dut oraindik denboratxo bat itxaron beharko dela berritasunak egoteko, eta apurka-apurka joango direla ikusten». Beste herritar batzuk bezala, Gomez ziur dago prozesuaz arduratzen direnek «gardentasunez jokatzen badute» Usansolo hobetu egingo dela «independentziari esker».

Alde horretatik, Mimenzak badaki segregazioa «hutsetik abiatzen den prozesu bat» dela, eta eremu instituzionalean gauza asko daudela sortzeko: udala eta udaletxea, besteak beste. Datozen lau urteetarako zera nahiko luke, Usansolo herri independente bat izatearen aldeko borrokan jarritako ahaleginak herria eraikitzeko balio izatea: «Espero dut jendeak buru-belarri jarraitzea eraiki nahi dugun Usansolo denon artean egiten». 

Bihar, herritar guztiak gonbidatuta daude Usansoloko Kudeaketa Batzordeak antolatu duen ekitaldira. «Segregazioaren jaia egingo dugu», esan du Aizpuruk: «Ofizialki udalerri izateko prozesua amaitu dugu, eta lagundu diguten jendearekin eta alderdi politikoekin jai bat egin nahi dugu. Ospatzeko eta eskerrak emateko eguna da».

‘LORTU DUGU EGUNA’, BIHAR, USANSOLON

11:00. Harrera, Urkina plazan. 
11:30. Hamaiketakoa.
12:00. Kalejira, Oinarineko joaldunekin eta Usgalduko erraldoiekin.
13:00. Ekitaldia, Mailu plazan.
13:30. Poteo musikatua.
15:00. Herri bazkaria. Ondoren, bazkaloste animatua.
18:00. Erromeria, Oinarin dantza taldearekin.
20:00. Tabariex Txaranga, herrian zehar.
22:30. DJ Perez, Unkina plazan.