Euren hilobian segitzea helburu

Euren hilobian segitzea helburu

​Eusko Gudarosteko Zubiaur konpainiako gudariak izan ziren Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazeleta Inunziaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Txintxurreta Zamakona. Sortzez Begoñakoak (Bilbo) ziren seiak. Zirardamendi mendiko batailan hil zituzten, 1936ko irailaren 25ean, Elgoibarren (Gipuzkoa). 1982tik, Bilboko udal hilerrian daude, Derion, Pikaza familiak utzitako hilobian. Bilboko Udalak 90 urterako adjudikatu zion hilobi hori Pikaza familiari, eta 2000. urtean iraungi zen adjudikazioa. Harrezkero, Bilboko Udalaren jabetzakoa da berriro, eta, Zabala Lozaren biloba Unai Zabala Arrietak jakin duenez, edonork eros lezake 50 urterako. Hala gertatuko balitz, sei gudarion hezurrak aterako lituzke udalak, eta hilerrian dagoen hobi komun batean ipini, halako kasuetan egin ohi duen legez. Zabala Arrietak hori saihestu nahi du: bere aititek eta gainontzeko bostek hilobi horretan jarraitzeko eskatu du. 

Hark gogoratu duenez, 2021eko urriaren 15ean jo zuen lehenengoz Bilboko Udalera, aititeren hilobia nola zegoen galdetzera. Orduan jakin zuen salgai dagoela; Zabalak hilarria berritzeko eskaera formala egin zion udalari. Zazpi hilabetera erantzun zioten: ez zioten horretarako baimenik eman. Batzarra eskatu zuen, eta bildu zen udalekoekin. «Erabat minduta irten nintzen; esan zidaten ezin nuela ezer egin». Biharamunean, orduan udal hilerriaren arduradun zen Yolanda Diez zinegotziak deitu zion Zabalari. «Diezek esan zidan gura banuen berritu nezakeela hilarria, baina nire kontura, udalak ez zuela egingo. Baina hemen memoria historikoaren eta memoria demokratikoaren legeek ez dute eraginik, ala? Ezetz erantzun zidan. Egoera larrian dago aititeren hilobia». 2021eko irailean hilarri berria ipini zuen Zabalak sei gudariak lurperatuta dauden hilobian. Omenaldia ere egin zieten.

Gogora eta Arartekoa

Gogora institutura ere jo du Zabalak. Kexatu denez, hainbat batzar izan ditu haiekin, baina ez diote konponbiderik eman. «Esan zidaten gauza bakarra izan zen nabarmena dela arazo bat dagoela kontu honetan». Berak bi eskakizun zehatz ditu. Batetik, gura du udalak hilobiaren salmenta eten dezala. Baina badaki hori behin-behineko irtenbidea dela. Berak ere eros dezake hilobia. «Baina 50 urte barru, zer?». Adjudikazioa iraungita, berriro legoke salgai. Zabalak behin betiko konpondu gura du auzia.

Horregatik uste du Gogora-k esku hartu behar duela: dioenez, Eusko Legebiltzarraren Memoria Historikoaren Legeak ematen dio horretarako eskumena. Bi eskaera horiekin sinadura bilketa bat abiatu du Interneten. Gudarienbabesa.eus web orria sortu du: han azaldu du auzia, eta han eman diezaioke babesa gura duenak. Dagoeneko bostehun herritar pasatxoren sostengua lortu duela esan du. 

EAEko Arartekoarekin ere izan da. «Oso ondo hartu ninduten; esan zidaten bazutela zer aztertu, bazegoela auzia». Arartekoa Bilboko Udalarekin ipini zen harremanetan. Zabalak kontatu duenez, udalekoek Arartekoari adierazi zioten ezin zutela ezer egin: «Haien arabera, hilobi guztiek eskubide berak dituzte, eta ezin dute bereizketarik egin batzuen eta besteen artean. Baina gureak memoria historikoari lotutako legeen babesa du!». Are gehiago: udalak esan zion Arartekoari Zabalak zorra zuela, ez zuelako ordaindu hilarria berritu zuenean eskatu beharreko lizentzia. 

Beste bost gudari ere badaude hilobian, baina Zabala dabil borrokan. Haietako baten familiarekin hitz egitea lortu du: gudarietako baten arrebaren iloba batekin. «Esan zidan gura dutela hark dagoen lekuan jarraitzea. Hori lortu behar dugu».