Gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen emakumeak kirol munduan. Belaunaldi berriek gero eta emakumezko erreferente gehiago dituzte, eta ikusgaitasunak motibatu eta indartu egiten ditu zaharragoak diren andrazkoak ere: emakume kirolari beteranoen hainbat talde sortu dituzte azkenaldian Bizkaian. Ondarroan, Gernika-Lumon, Durangon eta Mungian, kasurako, emakume ugari batu dira taldean kirola egiteko. Askotariko kirolak egiten dituzte, eta, lehiatik harago, elkarrekin tarte atsegin bat igarotzea dute helburu.
1
Ondarroa
Irailean abiatu zuten Andrak erramutan proiektu feminista Ondarroan. 45 urtetik gorako emakumeak dira guztiak, eta arraunean ikastea eta uda aldera itsasoratzea dute helburu. Miren Urresti proiektuko kideak, baina, argi utzi du eurena ez dela kirol talde bat: «Talde feminista bat gara; gure mezu feminista zabaltzeko erabiltzen dugu kirola».
Urrestik kontatu duenez, Orioko (Gipuzkoa) emakume talde baten ideia hartu dute erreferentziatzat eurena sortzekoan: «Orioko andre talde batek 40 urte bete zituen, eta, urteurrena ospatzeko, itsasoko erronka bat egin zuten: Oriotik Bilbora joan ziren arraunean, lau etapatan». Geldialdietako bat Ondarroan egin zuten, eta hala izan zuten Ondarroako emakumeek proiektuaren berri. «Sekulakoa izan zen trainerua gure adinaren bueltako emakumez beteta ikustea, eta pentsatu genuen guk geuk ere martxan jartzea halako erronka bat».
Denera, 37 emakume daude Ondarroako taldean. Gehienak, gainera, sekula ez dira aritu arraunean: «Gure garaian ez genuen aukerarik izan arraunean ibiltzeko; gizonen kontu bat zen. Hortaz, itsasoa gurea ere badela aldarrikatu nahi dugu».
Astean hirutan egiten dituzte entrenamenduak, eta, oraingoz, pozik daude lortzen ari diren emaitzekin. «Urtarrilera arte Ondarroako arraun elkartearen lokalean aritu gara, hankak, gerria… indartzeko; urtarriletik aurrera, berriz, itsasoan entrenatzen hasi gara. Barruan ikasitakoa praktikan jartzeko garaia iritsi zaigu. Konplexua da, baina ari gara martxa hartzen apurka-apurka», esan du Urrestik. Gaineratu du proiektu feminista bat izanik emakumez soilik osatutako taldea dela: «Entrenatzailea, patroia, prestatzaile fisikoa…, guztiok gara emakumeak».
Itsasoko erronka uda aldera egitea aurreikusten dute taldeko kideek: Oriora joango dira. «Haiek izan ziren gure erreferenteak, eta horregatik jarri dugu hori helmuga gisa; baina entrenamenduen arabera zehaztuko ditugu gauzak». Helburu nagusia, baina, argi dute: arraunaren bitartez, «emakumeen ahalduntze pertsonala zein kolektiboa indartu» nahi dute. «Itsasoa hartzeko ekintza bat izango da, eta Euskal Herriko kostaldean su feminista bat pizteko balio dezala gura dugu, kostaldeko iruditeria aldatzeko eta emakumeok ere horren parte garela aldarrikatzeko».
Ondarroako Andrak erramutan proiektu feministako kideak, urtarrilean, Mutrikuko portuan itsasoratzeko prest. LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA
2
Gernika-Lumo
Gernika-Lumoko Urdaibai futbol klubean duela hilabete inguru hasi ziren emakume beteranoak entrenatzen. Aurrez futbolean aritutakoak dira taldekide gehienak, baina badaude lehen aldiz probatu dutenak ere, Idurre Onaindia taldekideak kontatu duenez: «Gazteak ginenean futbolean jokatzen genuen, eta orduko taldekideekin harremanetan jarrita osatu dugu taldea. Gerora, jende gehiago batu da, futbolariak izan zein ez izan, eta orain edonorentzat ditugu irekita ateak».
Oraingoz, hamahiru taldekide dira guztira, eta zazpi jokalariko futbolean jokatzen dute. Gernikako Urbieta futbol zelaian entrenatzen dira, astelehen eta asteazken iluntzeetan, eta, Onaindiak nabarmendu duenez, «oso eskertuta» daude futbol klubak eman dizkien erraztasunekin.
Entrenamenduez gainera, ligaxka batean buru-belarri sartuta daude orain, eta bizpahiru astean behin jokatzen dituzte partidak. Lehiatik harago, baina, ondo pasatzea da taldekideen helburu nagusia: «Lehiatzea gustatzen zaigu, baina elkartzera eta ondo pasatzera gatoz taldekide guztiok». Aurrera begira, taldea sendotzea da haien erronka nagusia: «Komunitatea indartu gura dugu».
Gernikako Urdaibai futbol klubeko emakume beteranoen partida, igandean, Urbieta futbol zelaian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
3
Durango
Durango Kirol Taldeko korrikalari beteranoek aspaldi sortu zuten euren taldea. 37 urtetik 83ra arteko emakumeak daude egun, eta 22 dira guztira. «Taldea Durangokoa da, baina beste herri batzuetako emakumeak ere etortzen dira: bermeotarrak, mungiarrak…», esan du Sonia Oceja taldeko kideak.
Horietako gehienak aurrez atleta izandakoak dira: «Gaztetan korri egiten genuen, baina gutako gehienok utzi egin behar izan genuen, ikasketen eraginez, guraso izan ginelako…». Hala, urte batzuk igaro ondoren, kirola berriz hartu eta txapelketa ugaritan parte hartzen ari dira orain. «Ariketa fisikoa egiten dugu, talde bateko kide garela sentitzen dugu, eta, nola ez, lehiatzeak ere ematen du bere puntutxoa», nabarmendu du Ocejak. «Esperientzia polita da».
Astean hirutan egiten dituzte entrenamenduak. «Nork bere kabuz». Izan ere, bakoitzak proba desberdinak egiten dituenez, «bakoitzaren ordutegien arabera» antolatu ohi dira. «Ahal duguna egiten dugu».
Proba horietaz gain, baina, herrian badute korrikalari talde bat ere: «Durangaldeko adin guztietako emakumeek eman dezakete izena taldean, inoiz korrikarik egin ez dutenek zein lasterketetan dabiltzanek. Elkarrekin korrika egitea da helburua».
Durango Kirol Taldeko emakume beteranoen taldea, iaz, Durangon, Espainiako txapelketa mistoan. DURANGO KIROL TALDEA
4
Mungia
Herrian errugbia sustatzeko asmoz sortu zuten Mungia Rugby Neskak taldea, 2022an. Ordura arte, egon bazegoen Mungia Rugby talde orokorra udalerrian, baina emakumezkoen taldea «berreskuratzea eta egonkortzea» izan zen asmoa, Isaba Barandika taldekideak kontatu duenez.
Ordutik, indarra hartzen ari da kirol hori Mungialdean: «Errugbia ez da horren kirol ezaguna Hego Euskal Herrian, baina askok haren filosofiarengatik ematen dute izena errugbian, balio ugari lantzen baitira: errespetua, taldean lan egitea… Kiroletik harago doa». Seme-alabei esker animatu ziren emakume horiek kirola egitera. «Nik gaztetan errugbian jokatzen nuen, baina gehienak euren seme-alabei esker geratu dira harrapatuta», esan du Barandikak.
Mater taldean hogei inguru dira denera –35 urtetik gorakoak dira guztiak–. «Baina badago 16 urtetik gorakoen beste emakume talde bat ere», zehaztu du Barandikak. Mater taldekoak astean hirutan elkartzen dira entrenamenduak egiteko. Berezienak, baina, ostegunetako klaseak direla nabarmendu du Barandikak: «Klubeko neska guztiak batera entrenatzen gara egun horretan, 8 urtetik hasi eta nagusienera arte. Adin guztietako emakumeak egoten gara elkarrekin, eta, kasu batzuetan, ama-alabak elkarrekin entrenatzen gara. Oso polita da».
Entrenamenduez gain, torneoak ere jokatzen dituzte. Martxoan, esate baterako, Bartzelonara joango dira. Horiez gainera, lagunartekoak ere egiten dituzte noizean behin. Baina helburu nagusia «deskonektatzea» da, Barandikaren hitzetan: «Gure egunerokotik deskonektatzeko aukera ematen digu errugbiak: elkarrekin tarte atsegin bat igaro, lagun berriak egin, bestelako gai batzuez hitz egin…».
Aurrera begira, taldea finkatzea dute erronka: «Ez du fama ona errugbiak; indarrarekin, zakartasunarekin… lotzen dute askok. Hala ere, argi utzi nahi dugu ez dela hala, inondik inora. Etor daitezela herritarrak kirol hau probatzera eta errugbia euren begiekin ezagutzera».
Mungia Rugby Neskak taldeko emakumeak, besarkada bat ematen. MUNGIA RUGBY NESKAK