Pozalaguako kobazuloa Bizkaiak ezkutaturik dauzkan ondare berezi horietako bat da. Pozalagua Enkarterrin dago, Armañon Parke Naturalaren bihotzean, Ranero haitzetako karezko mendigunearen azpian. Bisitatzen dutenak, Yaiza Ranero gidariaren hitzetan, «aho zabalik» geratzen dira. Pozalagua bereizten duten ezaugarriak ezagutu eta ulertzeko, Ranerok azaldu duenez, «Karrantzan dagoen lur azpiko altxorrik liluragarriena» da, «formazio ugari eta bereziak dituen kobazuloa». 125 metro luze da.
Gidariak kontatu duenez, nahi gabe aurkitu zuten kobazuloa: «Pozalaguako kobazuloa kasualitatez deskubritu zen; konkretuki, 1957ko abenduaren 28an, Inozente Egunean. Kanpoaldean, harrobian lan egiten zuten harginek mendiko hegala dinamitarekin lehertu zuten, eta, horren ondorioz, zulo handi bat zabaldu zen hegal horretan». 34 urtera, 1991n, kobazuloa publiko turistarentzat zabaldu zuten, «guztien harridura eta miresmenerako», Ranerok dioenez. Egokitzeko lanak egin ostean, 1957an sortu zuten zulo hori gaur egun kobazuloaren atea da.
Estalaktita eszentrikoak
Estalaktitak, estalagmitak eta estalaktita eszentrikoak aurkitu daitezke Pozalaguako kobazuloan. «Estalaktitak sabaian hazten direnak dira, goitik behera beti. Estalagmitak, aldiz, lurrean hazten dira, behetik gora. Eszentrikoak dira guretzat garrantzitsuenak, grabitatearen legearen kontra hazten direlako. Hau da, norabide guztietan». Azken horiek dira Pozalaguako ezaugarririk nabarmena, gidariak azpimarratu duenez: «Sustraien edo koralen antza duten forma imajinaezinak hartzen dituzte. Bakarrak dira, benetan. Munduko estalaktita eszentrikoen pilaketarik handiena dauka Pozalaguak, geologoen arabera. Gainera, beste kobazuloetakoak baino askoz luzeagoak eta zabalagoak dira hemengoak».
«Kobazuloak liluratu egiten nau sartzen naizen bakoitzean, egunero gauza ezberdinak aurkitzen ditut», aitortu du gidariak, eta jendea animatu nahi izan du Pozalagua bisitatzera: «Ikaragarria da kobazuloa barrutik ikustean bisitariek zer aurpegi jartzen duten». Bisitak Pozalaguako webgunearen bidez antola daitezke, eta 50 minutu irauten dute.
KARRANTZAKO POZALAGUAKO KOBAZULOA
Helbidea: Peña Ranero. Karrantza.
Ordutegia: Asteburuak eta jaiegunak, 11:00etatik 18:00etara.
Bisitak: Pozalaguako kobazuloa bisitatzeko sarrera orokorrak hamar euro balio du. 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako, helduentzako, ikasleentzako eta talde antolatuentzako tarifa murriztuak sei euro balio du.
Webgunea: Cuevadepozalagua.eus/home-eus.