Auzoak eta erdigunea elkar lotuta

Auzoak eta erdigunea elkar lotuta

​Auzoetan zein landa eremuetan bizi diren askok zailtasunak izaten dituzte herrigunean dagoen medikuaren kontsultara jaisteko, udal ikastaroetan parte hartzeko edota banketxera joateko. Autoaren beharrizana nabaria izaten da eremu horietan. Baina zer gertatzen da gidatu ezin dutenekin, autoa tailerrean dutenekin, edo, besterik gabe, gidabaimenik ez daukatenekin? Bizilagun horien egoera konpontze aldera, Bideon zerbitzua jarri dute abian Arratian. Herritarrei beren etxeen eta herrigunearen arteko joan-etorriak «modu arinean eta jasangarrian» eskaintzea da asmoa.

Arratiako bederatzi udalerriek egin dute bat proiektuarekin: Arantzazuk, Areatzak, Arteak, Bediak, Dimak, Igorrek, Lemoak, Ubidek eta Zeanurik. Eskariaren araberako garraio zerbitzua eskaintzen dute, eta, oraingoz, eskualdean erroldatuta dauden 65 urtetik gorako herritarrek eta unibertsitateko ikasleek soilik erabili dezakete. 

Adinekoen kasuan, etxetik herriguneetara eramaten dituzte erabiltzaileak: udaletxera, osasun zentrora, farmaziara eta bankura, esate baterako; baita Galdakaoko osasun zentrora ere.

«Bideon eta eskualdeko garraio publikoaren eskaintza elkarren osagarri izatea gura dugu». 
AITOR SORRIKETA Arratiako Udalen Mankomunitateko lehendakaria

Unibertsitateko ikasleen kasuan, berriz, hurbilen dagoen garraio publikora gerturatzen dituzte erabiltzaileak. Aukera hori, baina, birplanteatzen ari dira, Aitor Sorriketa Arratiako Udalen Mankomunitateko lehendakariak aurreratu duenez: «Orain arte, Zornotzaraino eramaten ziren ikasleak, handik unibertsitatera joateko autobusa hartzeko; baina, beteta joaten denez, ikasleak zuzenean unibertsitatera eramatea ari gara planteatzen». Leioako campusaz gain, aurki jarriko da martxan gainerako unibertsitateetara eramateko aukera. Besteak beste, Deustuko Unibertsitatera, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultatera, Bilboko Ingeniaritza Eskolara eta Mondragon Unibertsitateko Bilboko campusera.

Jasangarritasuna bermatzeko, «ibilgailuak betetzen» saiatuko direla azpimarratu du Sorriketak: «Bidaiak beste pertsona batzuekin partekatzen ahaleginduko gara, jasangarriagoa eta eraginkorragoa izateko».

Adin guztietara hedatuz

Zehazki, duela bi aste inguru jarri zuten abian Bideon zerbitzua. Sorriketak, baina, argi utzi du proiektuaren helburua ez dela eskualdeko garraio publikoa ordezkatzea: «Bideon eta eskualdeko garraio publikoaren eskaintza elkarren osagarri izatea gura dugu».

Arratiako udalerriren baten erroldatuta egotea izango da zerbitzua erabiltzeko baldintza bakarra, eta erabiltzaileek euro bat eta 1,50 euro artean ordaindu beharko dute. Erreserba egin ostean, gidariak eskaera jasoko du, eta haren bila joango da. «Ezinbestekoa izango da alta emanda egotea zerbitzua erabili ahal izateko», jakinarazi du Sorriketak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri txiki, aukera handi prozesu parte hartzailean ateratako ekintza bat da Bideon. Aldundiak 900.000 eurorekin finantzatu du urtebete iraungo duen proba. Aurrerantzean, baina, proiektua gainerako herritarrengana ere zabaldu daitekeela uste du Sorriketak: «Proba bat da, oraingoz, baina ari gara aukera desberdinak aztertzen. Biztanle asko bizi dira eremu sakabanatuetan, eta ez da erraza izaten leku batetik bestera mugitzea».