«Plazak harrapatu egiten zaitu; beti gustatu izan zait jendeagaz hartu-emana izatea»

«Plazak harrapatu egiten zaitu; beti gustatu izan zait jendeagaz hartu-emana izatea»

​Bezeroei saltzen dabilela, etena egin du argazkietarako. «Beste sasoi batean produktu gehiago izango nituzke; orain ez da garai ona», esan dio kazetariari. Txukundu du mahaia, eta hasi da argazki saioa. «Baina zenbat egin behar dizkidazu?», galdetu dio argazkilariari. «Hollywooden ere ezagutuko naute!» esan, eta irrintzia bota du Rosa Elgezabalek (Arrieta, 1960). Barikuetan Mungiako Andra Mari plazan egiten duten baserritarren azokara joan direnek txalotu egin dute. Denek ezagutzen dute. Gazte hasi zen Arrietatik inguruko merkatuetara joaten, eta irailean erretiroa hartuko du. Etxaldeko Emakumeek eta Bizkaiko EHNEk auzolana antolatu dute biharko Elgezabalen baserrian. «Geratzen zaizkidan baina paluak eta piperrak kenduko ditugu».

Urte asko egin dituzu baserrian lanean. Erretiratzeko gogoz?

Ahal izango banu, jarraituko nuke, baina gorputzak ez dit laguntzen. Gidabaimena atera nuenean hasi nintzen plazara joaten: Mungiara, Bermeora, Gernikara, Zornotzara… Nebak berotegiak ipini zituen, eta ni joaten nintzen saltzera. Gurasoak ere baserritarrak izan dira. Aita 14 urte nituela hil zen, eta etxean lagundu behar zen. Betidanik izan dut erabateko lotura baserriagaz.

Zer dauka plazak?

Harrapatu egiten zaitu. Norbere izaerak asko eragiten du; orain dabiltzan gazteak lotsorrak dira. Beti gustatu izan zait jendeagaz hartu-emana izatea. Erraz-erraz egiten dut.

Plazak asko aldatuko ziren hasi zinenetik, ezta?

Asko aldatu da dena. Adibidez, lehen ez zegoen hainbeste burokraziarik. Oraintsu egin didate fitosanitarioen ikuskaritza. Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan lan egiten duen lagun batek lagundu dit. Ikuskatzaileari esan nion: «Unibertsitateko ikasketak egin behar ditut baserriko paper kontuak egiteko?». «Ez duzu aholkularirik?», galdetu zidan. Aholkulari bat kontratatu behar dut? Lagunari esan nion: «Esaiozu nagusiari datorrela ortura ikustera zer eta zelan egiten dugun. Bulegotik dena oso ondo ikusten da».

Hala ere, kontrola egotea ere ona da, ezta?

Kontrola behar dute lursail handiak dituztenek, ganadu asko dutenek. Baina etxerako eta apur bat saltzeko ortua egiten dutenek, zer kontrol behar dute?

«Ikuskatzaileari esan nion: ‘Unibertsitateko ikasketak egin behar ditut baserriko paper kontuak egiteko?’»

Plazakoa garestia dela esaten dute erosle batzuek. Hala da?

Lehengo sasoietan ez genuen halako prezioetan saltzen. Ez genuen hainbeste baloratzen baserriko lana, edo nik ez nuen nire lana baloratzen. Baina orain ez dakit gehiegi dagoen baloratuta edo benetan hasi garen duen balioa ematen baserriari. Ez dakit. Baina nik urte askotako ikuspegia daukat, eta itzela da azken urteetan zenbat igo diren prezioak. Bezeroa ere kontuan hartu behar dugu. Adibide bat ipiniko dizut. Gaur [joan den barikuan] azalore bat erosi gura izan dut. Nik 2,50 euroan saldu izan ditut; oso ederra bada, 3 euroan. Beste ekoizle batengana joan naiz, eta 4 euro eskatu dizkit. Esan diot garestiegi dela, asko jota 3 ordainduko dizkiodala. Erantzun dit zaharra dela, eta asko kostatzen zaiola ortuan makurtzea. Horrek badakizu zer egiten duen? Plazari kalte. Entzun dut esaten ezin dela etorri plazara, produktuak oso garestiak direlako.

Baina kostuak ere igo zaizkizue.

Bai, baina nik uste dut oreka bat egon behar dela. Gainera, generoa oso garesti jartzen dutenentzat ere ez da errentagarria, bezeroek ez dietelako erosten eta etxera eroan behar dutelako produktua bueltan. Eta besteoi ere kalte egiten digute, jende gutxiago etortzen delako.

Azken hilabeteetan, Europa osoko nekazariak eta abeltzainak protestan dabiltza. Bizkaian duela gutxi egin zuten protesta traktoreekin; diotenez, galerak izango dituztela jakinda ekoizten dute. Baserritarrak beti galtzen du dirua?

Kanpoan protestan dabiltzan horietako batzuk lur jabe handiak dira. Ez dut horien berri. Plazan gabiltzan baserritarrok gastu gutxiago ditugu. Guk Uribe Butroeko Sarea ere badugu, eta zuzeneko salmenta egiten dugu. Zuzeneko salmentan ez duzu hainbeste gastu. Ez dakit zenbat behi eta ez dakit zenbat berotegi badituzu… Beste eredu bat da. Ezin dugu konparatu.

Sarekook lortzen duzue negozioa errentagarri egitea? 

Nire ustez, bai. Igual gazteek esango dizute ezetz.

Zelan egin sektorea gazteentzat errentagarri?

Nik errentagarri egin dut. Baina pentsamoldearen arabera ezberdin ikusten da. Igual hil honetan ez duzu irabaziko, zorra egingo duzu, baina hurrengoan lortuko duzu irabaztea. Ni ez naiz ortuariekin bakarrik ibili; ganadua eta txerriak ere izan ditugu. Eta behar asko egin dut.

Behar gehiegi, agian. Orain ordutegi bat, lana eta bizitza bateragarri egitea, zaintzarako astia eta atseden egunak izatea ere baloratzen da.

Eta nik oso ondo ikusten dut hori. Eta oporrak behar dira. Baina udan ortuak berdin ekoiztuko du, e! Inoiz baino gehiago. Guk ahal izan dugunean hartu ditugu oporrak.

Etxetik gertu duzu Bizkaigane kooperatiba, Errigoitin. Izan daiteke gazteentzako alternatiba erakargarriago bat?

Kooperatiba bat beste kontu bat da. Oporrak har ditzakezu, lanorduak zehatzagoak dira. Bizkaiganek oso ondo funtzionatzen du. Ez dakit ondo irabazten duten. Baina zu bakarrik bazaude, eta etxerako eta apur bat saltzeko ekoizten baduzu, ezin duzu atsedenik hartu. 

Plazak galzorian daude?

Hau laster desagertuko da. Baina erakundeetatik ere ez dugu babesik jasotzen. Gipuzkoan Gizarte Segurantzak ipinitako isunena itzela da. Udaletatik ez dute ezer ganorazkorik egiten gu babesteko. Galdetzen digute ea zer nahi dugun, baina gero ezer ez. Trabak ipini, bai. Nik Mungiako alkateari esaten diot: «Gazteek etorri nahi badute, ipini erraztasunak». Eta beste gauza bat esango dizut: hemen mota askotako jendea gaude. Ni baserritar tradizionala naiz, badaude ekologikoan dabiltzan beste batzuk, baina badaude beste batzuei erosi eta gero eurek saltzen dutenak. Denok gara igualak? Ez. Bezeroak jakin behar du zer den erosten duena; ezin da engainatu. Ni beti zintzoa izan naiz jendeagaz. 

Gazteak etortzen dira erostera?

Bai, eta nik zoriondu egiten ditut. Batzuek aitzakia moduan jartzen dute bariku goizetan dela eta ezin direla etorri. Duela urte batzuk zapatu goizetan ipini zen azoka ekologikoa, eta desagertu egin zen, ez zelako inor etortzen. 

Bezeroa zaintzea garrantzitsua da?

Detaileak izan behar dira. Lehengoan kalabaza bat ekarri nuen, eta, zabaldu nuenean, usteltzen hasita dagoela ikusi nuen. Usteldutakoa kendu eta beste dena oparitu egin nuen. Pozik joan ziren denak. Beste batzuek gurago dute bota, baina oparitu sekula ez. Bezeroa ondo zaintzen baduzu, berriro etorriko zaizu. 

Pandemian sortu zenuten Uribe Butroeko Sarea aipatu duzu. Duela hamar bat urte Arrietako hileko lehen domeketako azoka ere sortu zenuten Lekukoartu elkartekoek. Horrelakoak garrantzitsuak dira?

Asko laguntzen dute. Arrietakoa oso indartsua da, jende asko etortzen da. Lan asko egiten dugu. Jende gutxi gara, baina boluntario asko ditugu. Jendea ez da ohartzen horrelako azoka bat antolatzeak zelako lana eskatzen duen. Disgustuak ere asko. 

«Lursail handiak dituztenek behar dute kontrola; apur bat saltzeko ekoizten dutenek behar al dute?»

Alabak ez dizu lekukoa hartuko. Gura zenuke?

Nik lan egin dudan moduan egiteko, ez. Baina talde batean, sarekoekaz, adibidez, ez litzateke hain gogorra izango. Nik esaten diet sarekoei: garrantzitsua da bakoitzak produktu batean indar egitea, eskaintzen dugun otzara aberatsagoa izateko. Orain sarekoek Mungiako plazan ere horrela egingo dute; datorren urtetik astero bat etorriko da denen produktuekin. 

Arrietako herriko tabernaren kargu ere egin zinen hainbat urtez. Hura ere ez zen izango lan erraza, ezta?

24-25 urte nituen. Gero nire koinata izango zenak Fikako tabernan egiten zuen behar. Esan nion bera sukaldean eta ni zerbitzari arituta moldatuko ginela. Handik bi hilera koinatak Gamiz-Fikako Udaleko oposizioak gainditu zituen, eta han geratu nintzen. Amak lagundu zidan, eta jendea hartu nuen. Hamar urte egin nituen. 

Oro har, ostalaritzarentzat ere ez dira garai errazak.

Sakrifizio asko eskatzen ditu tabernak. Dituzten kostuak ere handiak direla esaten dute. Ez dakit. Orain bakarrik pizzek eta hanburgesek funtzionatzen dute. Nik lan asko egin nuen, ordu asko, eta oso ondo joan zitzaidan.

Jostuna ere bazara.

Nik beti esaten dut nire titulua Ebaketa eta Jantzigintza dela. Nik hori ikasi nuen. Tabernan hasi aurretik jostun egin nituen hainbat urte. Iaz, Arrietako medikuak erretiroa hartu zuenean, haren ordezkoak deitu zidan, nire titulua kontsultan agertu zela esateko. Seguruenik erradiografien plakekin gordeko nuen gutun azalen batean, eta gero medikuarenera eroan. Ez dakizu zer ilusio egin zidan titulua agertu izanak. Oraindik ere josten dut. 

Eta orain, zer asmo?

Lekukoartun jarraitu, sarekoei lagundu, azoka batzuetara joan, josi… Lanean jarraituko dut, baina erritmo lasaiagoan. Ortua egingo dut, baina etxerako baino ez.

motzean

Plaza bat?
Nire plaza Mungiakoa da, betikoa. Baina Bermeo espeziala da, hango jendea berezia delako.

 Saltzeko produktu bat?
Lekak, tomatea edo piperrak. Piper berdeak asko saldu ditut.

Jateko?
Piperrak.

 Urtaro bat?
Uda. Behar gehien dagoena da, baina ortuan poztasun handiena dagoena da, produktu gehien dagoena. Neguan eta, batez ere, udaberrian, lan egiten duzu udari begira, eta orduan ikusten duzu lan horren fruitua. Loreak ere baditut, eta udan daude ederren.

Lore bat?
Nik ez dut ekoizten, baina gehien gustatzen zaidana mitxoleta da. 

Atseden hartzeko zer egiten duzu?
Josi. Nire koinatuak esaten dit nire deskantsua lana dela. Niretzat hori ez da lana; denbora-pasa da.