Suizidioa saihesteko planaren lehen urratsak

Suizidioa saihesteko planaren lehen urratsak

​2023ko uztailean argitaratu zituen Eustatek suizidioaren inguruko azken datuak: 91 pertsonak beren buruaz beste egin zuten duela bi urte Bizkaian. 2021eko estatistikekin alderatuta, nabarmen handitu da lurraldean bizi diren eta beren burua hiltzeko erabakia hartzen dutenen kopurua. Suizidioa ikertzeko eta prebenitzeko plataformaren arabera, 73 suizidio kasu izan ziren duela hiru urte Bizkaian; 2022an baino 18 gutxiago, alegia. Barakaldoko Udala bereziki kezkatuta dago egoerarekin, eta, horren harira, hirian bizi diren biztanleen ongizate emozionala eta soziala ikertzen duen lana aurkeztu du aurten. Gizarte Kohesioko eta Aniztasunaren Kudeaketa arloak abiarazi zuen, orain urtebete, suizidioa saihesteko eta osasun emozionala zaintzeko plan bat garatzeko helburuarekin.

«Erakundeak aurkezten hasi diren proiektuek erakusten dutenez, instituzio guztiek osasun mentalarekiko duten kezka nabarmen handitu da azken urteotan», azaldu du Monica Alvarez Gizarte Kohesioko eta Aniztasunaren Kudeaketako Barakaldoko zinegotziak. Hain zuzen ere, Elkarrekin Barakaldok udaleko osoko bilkura batean proposatu zuen akordio baten harira otu zitzaien haiei suizidioa prebenitzeko eta osasun emozionala zaintzeko plana garatzea. «Ikerketa hau proiektu hori egin ahal izateko lehen urratsa da. Testuinguru orokorrari buruzko oinarri estatistikoak eta adierazle kuantitatiboak zehaztu ditugu oraingoz», adierazi du Alvarezek. Alde horretatik, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako, Galiziako, Bartzelonako eta Madrilgo ikerketa planak erabili dituzte egiturazko erreferentzia modura, eta, guztira, 24 adierazle zehaztu dituzte ikerketan.

«Erakundeak aurkezten hasi diren proiektuek erakusten dutenez, instituzio guztiek osasun mentalarekiko duten kezka nabarmen handitu da azken urteotan». MONICA ALVAREZ Barakaldoko Gizarte Kohesioko zinegotzia

Multzo handiegia zenez, ordea, sei talde txikiagotan banatu dituzte ongizate emozionala eta soziala neurtzeko irizpideak: lana eta egoera ekonomikoa, soziodemografia, etxebizitza, hezkuntza, osasuna eta ongizatea, eta ikuspegi komunitarioa. «Adierazle horiek aukera ematen digute identifikatzeko zeintzuk diren ongizatean eragina duten faktore nabarmenenak», jakinarazi du Ainara Portillo Haur, Gazte eta Familia arloko buruak. 32 urtez aritu da Barakaldoko gizarte zerbitzuetako diziplina horretan lanean; zuzeneko esku hartzean eman zituen lehen hamar urteak, eta eskaintzen dituzten programen eta zerbitzuen zehaztapenean ari da egun lanean. Barakaldoko ongizate emozionala eta soziala neurtzeko ikerketan ere parte hartu du. «Gizarte zerbitzuak nola hobetu ditzakegun jakin nahi dugu, ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko».

%10

2023an, Barakaldoko gizarte zerbitzuetara jo zuten haurren %10ek euren burua zauritzeko asmoa izan zuten, eta %5ek, zehazki, beren buruari min egin zioten. Helduen artean, handiagoa da kopurua: %7k zauritu zuten beren burua.

Izan ere, Portilloren arabera, «ikerketa bibliografiko bat egiteak» Barakaldoko biztanleek ongizatearekiko dituzten beharrak eta gabeziak identifikatzeko bidea irekiko die. Era berean, hiri horretako egoera Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko errealitateekin konparatzeko aukera emango die.

196 artatu

Oraindik, baina, ez dituzte atera suizidioa prebenitzeko eta osasun emozionala zaintzeko plana zehazteko lehen urratseko ondorioak, Alvarezek jakinarazi duenez. Hala ere, norberaren ongizatean eragina izan ditzaketen hainbat alderdi deskubritu dituzte, eta, horretarako, 2023an Barakaldoko gizarte zerbitzuetara jo zuten pertsonen datuetan oinarritu dira. «Alde batetik, adinean jarri dugu arreta. Ikusi dugu eragile garrantzitsua dela, batez ere, belaunaldi jauziaren arabera edo eboluzio etaparen arabera», azaldu du zinegotziak. Haren ustez, adierazle horri dagokionez, haurtzaroa, nerabezaroa eta zahartzaroa dira garairik gogorrenak. «Bestalde, adikzioak, lanaren prekarizazioa eta pobrezia dira gehien nabarmentzen diren adierazleak». Egoera sozialari buruzko zehaztapena egin du orduan Portillok: «Baliteke kolektiborik zaurgarrienak horiek ez izatea, baina bai emozionalki txarto egoteko aukera gehien dutenak».

Aholkularitza eta Esku Hartze Psikosozialeko Zerbitzuko koordinatzaileak —ez du bere izena eman nahi izan— eman du iazko datuen berri. Haur, Gazte eta Familia arloari dagokion zerbitzua da, eta, emandako informazioaren arabera, 196 pertsona artatu zituzten 2023an. «0-18 urte bitarteko umeak eta gazteak artatzen ditugu, baita haien familiak ere. Guztira, 56 familia etorri ziren iaz, krisi pertsonalen edo emozionalen bat zutelako». Zerbitzu horretan laguntza eskatu ahal izateko, gizarte zerbitzuetako langile batek bidali behar ditu gazteak eta beren familiak bulego horretara. «Helburua da nolabaiteko indarkeria jasan duten gazteei eta euren familiei behar bezalako ongizatea eta arreta eskaintzea». Zerbitzua 2002an jarri zuten abian Barakaldoko Udalean, baina aurretik ere antzeko zerbitzuak izan ziren.

%61

2023an, Barakaldoko gizarte zerbitzuetara jo zuten helduen %61ek nolabaiteko indarkeria jasan zuten txikitan; horietatik %25 gizonak ziren. Gainera, gizon horietatik %6k salatu zuten sexu abusuak jasan zituztela haurtzaroan.

Artatuen adinari dagokionez, datu zehatzik ez du eman koordinatzaileak, baina adin txikikoen eta adin nagusikoen artean egin du bereizketa. «Adin txikiko 84 haur eta gazte etorri ziren, eta 112 heldu». Sexuari erreparatuz, %55 ziren emakumezkoak, eta %45 gizonezkoak. «Zerbitzua martxan jarri zenean, orain dela urte asko, emakumeak ziren gizarte zerbitzuetara laguntza eske zetozenak. Gaur egun, ordea, gizonak gehiago inplikatzen dira familia kontuetan; are gehiago, adin txikikoekin lotura duten arazoak badira», zehaztu du koordinatzaileak. Alde horretatik, argi utzi du adin txikikoek eta euren familiek jasandako indarkeriak ez duela zertan indarkeria matxista izan. «Bestelako arazoek ere eragina dute familia bateko kideen ongizatean; horietako bat hiltzeak edota gaixotzeak ere ondorio negatiboak ekar ditzake osasun emozionalean».

Egoera ezezagunak

Portillok aurreratu duenez, Barakaldoko ongizate emozionalari eta sozialari buruz aurkeztu duten ikerketak ere datu kuantitatiboak eskainiko dizkie. «Horiek identifikatu ostean, bigarren urratsa izango da Barakaldoko jendearekin hitz egitea eta egoeraren inguruko datu kualitatiboak eskuratzea». Komunitatearen ikuspegitik landu nahi dute bigarren urrats hori, eta bestelako arloetan lan egiten duten profesionalekin ere jarri nahi dute kontaktuan. «Irakasleak, medikuak… Guk halako indarkeria egoerak identifikatzen badakigu, gizarte zerbitzuetan adituak garelako, baina uste dugu erraztasunak eskaini behar dizkiegula bestelako profesionalei ere». Ohartarazi du, gainera, garrantzitsua dela haurren beharrak zein diren identifikatzen jakitea: «Demagun ume bat isilik dagoela beti klasean eta patio orduetan ere bakarrik egoten dela. Agian, haur horrek erremintak behar ditu lagunekin harremanak eraikitzeko, baina inork ez du jakin haren beharrak identifikatzen». Garrantzitsutzat jo du bakardadean bizi diren helduen kasuak ere ezagutzea. «Baliabideak izan baditugu, baina askotan ez dakigu nola heldu haiengana».

«Ezin dugu itxaron egoera guztiz okertu arte edo gizarte zerbitzuek laguntza behar duten pertsonak bidali arte; beste bide batzuk bilatu behar ditugu». AINARA PORTILLO Barakaldoko Haur, Gazte eta Helduen arloko burua

Alde horretatik, suizidioa prebenitzeko eta osasun emozionala zaintzeko planek gizarte zerbitzuetako aholkularitza bulegoetara jotzeko beste ate batzuk irekitzea gustatuko litzaioke Portillori. «Ezin dugu itxaron egoera guztiz okertu arte edo gizarte zerbitzuek laguntza behar duten pertsonak bidali arte; beste bide batzuk bilatu behar ditugu zalantzak dituzten lagunek nahi dutenean etorri ahal izateko».

Osasun Mentalerako zentro berria

Osakidetzak iragarri du Osasun Mentalerako Zentroa irekiko duela aurten Barakaldon. Oraindik ez dute zehaztu noiz zabalduko duten, baina Bizkaiko Osasun Mentalaren Sarearen parte izango dela azaldu dute. Alde horretatik, sare horrek Ezkerraldean eskaintzen dituen zerbitzuak indartzeko helburua izango du.