Isiltasuna eta ezintasuna areagotu egin ohi dira heriotzaz hitz egitean. Urteotan gizartean gehiago hitz egin den arren hari buruz, gai tabua da oraindik, eta jendeak erreparoa izaten du haren inguruan hitz egiteko eta gogoeta egiteko garaian. Egoera iraultzeko asmoz, Heriotza, duina eta ilustratua erakusketa jarri dute ikusgai Basauriko Marienea Emakumeen Etxean. Kataluniako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak sustatu du proiektua, eta otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da.
Denera, 35 artistaren obrak bildu dituzte. Formatu eta neurri bereko ilustrazioak dira guztiak, eta artista horietako bakoitzak heriotza duinaren inguruan duten ikuspegia ilustratu du. Concha Castells Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritzako lehendakariak kontatu duenez, heriotzaren tabua «desmitifikatzea» izan da erakusketaren asmoa: «Heriotzari buruz hitz egiteak ateak irekitzen ditu. Lasaitasunez hitz egin behar dugu gai horren inguruan: zer da gutako bakoitzarentzat heriotza duina, zer nahiko genuke bizitzaren amaierako unean, nola gustatuko litzaiguke hiltzea…». Finean, gogoeta egitera bultzatu nahi dituzte ikusleak: «Gure kulturan horren ezkutuan mantendu den hitz hori bizitza bezain garrantzitsua dela aldarrikatu nahi du erakusketak. Horrez gainera, arteak ere balio dezake heriotzaren inguruan dagoen irudi estereotipatua aldatzeko».
Proiektuak Katalunian du jatorria: Kataluniako artisten lanak dira guztiak. Izan ere, herrialde horretako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak sustatu zuen proiektua. Hala ere, herriz herri ari dira erakusketa aurkezten. Aurrez, esaterako, Gasteizen, Iruñean eta Donostian egon da ikusgai.
35 artista, 35 ikuspuntu
Berez, Espainiako Diputatuen Kongresuak Eutanasiaren Legea onartu aurretik jarri zuten martxan erakusketa, Carmen Monreal Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kideak kontatu duenez: «Eztabaida horren testuinguruan sortu zen». Eutanasiak egiteko bidea ematen duen legea 2021eko ekainaren 25etik dago indarrean. Horiek horrela, orain Hego Euskal Herrian legezkoa da eutanasia egiteko eskatzea, eta, legeak zedarritutako irizpideen barruan, osasun sistemek eskaini beharreko zerbitzu bat da, bermatu beharrekoa.
Monrealek zehaztu du heriotzan baino gehiago heriotza duinean jarri dutela arreta erakusketan: «Bizitzeak ez ezik, hiltzeak ere duintasuna eskatzen duela aldarrikatu nahi dugu». Baina zer da heriotza duina? «Norberak aukeratzen duena» dela uste du Monrealek: «Nola, non eta noren ondoan hil nahi dugun erabakitzeko aukera izatea da heriotza duina».
«Heriotzari buruz hitz egiteak ateak irekitzen ditu. Lasaitasunez hitz egin behar dugu gai horren inguruan».
CONCHA CASTELLS Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritzako lehendakaria
Bereziki, arteaz arduratzen da Monreal, eta aurrez zehaztutako ordutegi batzuetan bisita gidatuak eskainiko ditu Marienean. «Oso proposamen interesgarriak egin dituzte ilustratzaileek: tristura baino gehiago, edertasuna eta alaitasuna nagusitzen dira erakusketan. Kolore asko daude, eta heriotzari era positibo batean begiratzen zaio», adierazi du. «Bizitzatik heriotzara egin behar dugun bidea traumatikoa ez dela erakutsi nahi da».
Sortzaile gehienek akuarelaren teknika hautatu dute ilustrazioak egiteko. «Teknika horri esker kolore asko erabil daitezke, eta, urarekin nahasten denez, jariakortasun handia ematen du», zehaztu du.
Agurra da erakusketan ikusgai dagoen lehen pieza. «Agur bat erakusten da: obrako piezetako bat bestea eusten ahalegintzen ari da, baina, azkenean, badoa, aske», azaldu du Monrealek. Africa Fanlo artistaren lana da. Bide bertsutik jo du Dani Torrentek Askapena piezan: «Espetxe modura irudikatzen du artistak bizirik dagoen gorputza, eta heriotza askapena izan daitekeela adierazi nahi du, kartzelatik ihes egitea lortzen baitu». Antzekoa da Gemma Capdevilak bere Ihesbidea obra erabili duen azalpena: «Behar bezala erantzuten ez duen gorputz batean harrapatuta dago irudiko protagonista, eta heriotza da egoera horren irtenbidea. Eutanasia aldarrikatzen du».
Anna Grimal artistaren Absentzia lanak, bestalde, heriotza «gozo» bat irudikatzen du. Honako hau idatzi du artistak: «Heriotza gozo bat dut gogoan, gelditasunera igarotzea balitz bezala, lasaitasunera». Monrealen gustukoa da Gaur bai egun polita artelana ere: «Amildegian eserita dago protagonista. Erabaki bat hartu behar du: hemen geratuko naiz ala ez?». Artistak idatzitakoa irakurri du jarraian Monrealek: «Gaurko eguna polita da. Baina besterik ere izan daiteke: ilargi beteko gau bat, edo nire baratzeko arrosadiari begira, itsaso ertzean eserita Sandor Marairen liburu bat irakurriaz, aspaldiko gutunak berriro irakurtzen, euri azpian ibiliaz, basoan zehar pasieran… Une polit orok lagun nezake ongi sentitzen, eta nire bizitzarekin zer egin askatasun osoz erabakitzen».
Carmen Monreal Absentzia obraren inguruko azalpenak ematen, joan den ostiralean, Basauriko Marienea emakumeen etxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Landareek eta, bereziki, ofeliek «protagonismo handia» dute erakusketan: hainbat artistak marraztu dute landare hori erakusketan. Izan ere, «heriotzaren edertasunaren errepresentazioa» da ofelia, Monrealek kontatu duenez. Izen hori jarri dio bere obrari Elisa Ancorik, esaterako. William Shakespeareren Hamlet antzezlaneko pertsonaian oinarrituta dago. «Horixe da bizitza», esan du artistak bere obrari buruz. «Eten ezinean hazten eta birsortzen den bizitza bera». Zikloa piezan ere, landare batek estaltzen du emakume baten aurpegia. «Bizitzaren zikloa irudikatzen du artelanak: jaio, loratu, bizi, maitatu…», azaldu du Monrealek.
«Oso proposamen interesgarriak egin dituzte ilustratzaileek: tristura baino gehiago, edertasuna eta alaitasuna nagusitzen dira erakusketan».
CARMEN MONREAL Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidea
Erakusketan Mexikoko bi obra ere badaude: Heriotza ona eta Itxaropen faltsurik ez: ez gara oporretan dauden zenduak baino. «Oso obra biziak dira, kolore askotakoak; izan ere, heriotzari gorazarre egiten zaio Mexikon», nabarmendu du Monrealek.
Sara Fratiniren Utzidazu joaten obrak biribiltzen du erakusketa: «Denok gara heriotzaren beldur, mundu honekin lotzen gaituena galtzearen beldur. Nire lanak joaten uztea islatu nahi du, hemengoa utzita aske izateko».
40. urteurrena
Erakusketaren inguruan, bestelako hainbat jarduera ere egin dituzte hilabete hauetan. Horietako azkena otsailaren 27an egingo dute: Mari Luz Estebanek eta Lourdes Arostegik Heriotza ez ote da gai feminista bat? solasaldia gidatuko dute. 18:30ean izango da, Marienean.
Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartea 1984. urtean sortu zen: aurten berrogei urte beteko ditu. «Gure elkartearen sorreratik borrokan aritu gara bizitza amaitzeko erabakia askatasunez eta legalki hartu ahal izateko», kontatu du Castellsek.