«Biktimek jakin behar dute zeri egingo dioten aurre»

«Biktimek jakin behar dute zeri egingo dioten aurre»

​Beste batzuen artean, erasoren bat salatu nahi duten, banandu nahi duten edota seme-alaben zaintzari buruzko zalantzak dituzten emakumeentzako doako zerbitzu berria martxan jarri du Bermeoko Udalak, Clara Campoamor elkartearekin batera. Aholkularitza juridikoa eskaintzeko zerbitzua da, zehazki, eta Ana Garcia (Barakaldo, 1978) abokatuak artatzen ditu herriko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatura laguntza eske joaten diren andreak. Asteartero zabaltzen dute, 09:30etik 13:30era, eta komenigarria da hitzordua aldez aurretik eskatzea. Oro har, 30-45 minutu arteko iraupena izaten dute kontsultek.

Zein motatako arreta eskaintzen diezue emakumeei?

Askotariko zerbitzuak dira. Alde batetik, indarkeria matxistagatik aurkeztutako salaketen prozedura judiziala azaltzen diegu; hau da, zein epaitegitara jo behar duten, zelako aukera legalak dituzten, nola eskatu behar duten babes agindua, zelako neurriak eskaintzen dizkien horrek, nola funtzionatzen duten prozedura penalek eta zelako helegiteak jarri ditzaketen. Horrez gain, desgaitasunen bat dutenei laguntzeko neurrien inguruko informazio juridikoa eskaintzen diegu, eta baita familia zuzenbidearekin lotutako aholkularitza ere.

Zer da familia zuzenbidea?

Zuzenbide zibilaren diziplina bat da, familia bateko kideekin lotutako kontuak arautzen dituena. Oro har, familia hausturaren bat dagoenean lantzen dugu adar hori. Esaterako, banaketa edo dibortzio kasuetan, eta izatezko edo erregistratuta ez dauden bikoteetako gurasoen eta seme-alaben arteko neurriak zehazteko prozeduretan. Azken horien artean daude bikoteak dituen seme-alaben guraso ahala, haurren mantenua, eta etxebizitzaren erabilera eta kontribuzioa.

Duela aste eta erdi izan zenituen lehen kontsultak. Zelakoak izan ziren?

Bi erabiltzaile artatu nituen. Ez zeukaten hitzordurik, baina gizarte langileek deitu zituzten, eta berehala etorri ziren. Familia zuzenbidearekin lotutako kasuei buruz aritu nintzen biekin. Mantenu pentsioak ez jasotzea salatzen zuen batek, eta sententzia batean izandako aldaketen inguruan zalantzak zituen besteak. Dena den, niretzat garrantzitsuena da haiek jakitea kontsultak guztiz konfidentzialak direla, eta hemen hitz egindako guztia gure artean geratzen dela.

Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, erraza da konfiantza giroa sortzea?

Eroso sentitu daitezen saiatzen naiz ni. Haiek dira beren egoeraren berri eman behar didatenak, baina, batzuetan, gizarte langileek gertaeren oinarrizko informazioa helarazten didate aurretik, emakume horiek behin eta berriz ez biktimizatzeko. Gainera, askoz ere atseginagoa da kontsulta batera joatea eta sentitzea aurretik ezagutzen zaituztela. Espazio seguru bat izan behar du.

«Niretzat garrantzitsuena da haiek jakitea kontsultak guztiz konfidentzialak direla, eta hemen hitz egindako guztia gure artean geratzen dela»

Zertarako jotzen dute, oro har, halako zerbitzuetara?

Buruan duten zalantzaren bat argitzeko, dibortzio bat hasteko prozeduraren inguruan galdetzeko edota beren abokatuarena ez den beste iritzi bat jasotzeko, gehienbat. Erabiltzaile guztiek ez dute harremanik gizarte zerbitzuekin, baina egia da asko bide horretatik heltzen direla guregana. Azken finean, gizarte langileek guk baino harreman estuagoa dute herritarrekin.

Behin-behineko aholkularitza zerbitzua da?

Ez du zertan. Emakume askok dibortzioaren inguruko informazioa eskatzen dute, baina ez dute ezer egiten momentuan. Agian ez daude horretarako prest, baina, behintzat, eskuartean dute eskaini dizkiegun datuak. Banatzeko erabakia hartzen dutenean, kontsultara bueltatzeko eskatzen diet nik, lehenengo saio horretan emandako informazioa berriz errepasatzeko. Denborarekin, gainera, emandako informazioaren inguruan dudak sortu ahal zaizkie erabiltzaileei, eta, horiek argitzeko helburuarekin, berriro etortzen dira. Hain zuzen, emakume bakoitzaren beharren eta eskaeren araberako zerbitzua da.

Eskaera handia dago?

2005ean hasi nintzen ni Clara Campoamor elkartean lanean. Alde horretatik, beti egon da indarkeria matxistarekin eta familia zuzenbidearekin lotutako aholkularitza juridikoaren beharra. Egia da biktimentzako beste baliabide asko ere badaudela, baina, hala ere, aholkularitza kontsultak beharrezkoak dira oraindik ere. Ezin dugu esan aholkularitza juridikoa eskaintzeko zerbitzura jo duten emakumeen kopurua txikitu denik; alderantziz, ez diote etortzeari utzi.

Halako zerbitzu gehiago egon beharko lirateke, beraz?

Bai, aholkularitza juridikoa ezinbestekoa da indarkeria egoera batetik ateratzeko, eta biktimak berak horretarako dituen errekurtsoen berri izan behar du. Gehienetan, biktimek ez dituzte prozedura legalak ezagutzen, baina jakin behar dute zeri egingo dioten aurre, justiziarekiko dituzten espektatibak neurtzeko. Izan ere, justizia ez da beti norberak espero duena, eta, hainbatetan, ez du errealitatearekin zerikusirik. Biktimak salaketak jarri behar ditu, noski, baina berme jakin batzuekin, eta sistema legalaren inguruko oinarrizko ezagutzarekin.